“Sakrifizio erraldoi bati esker bakarrik atera gara aurrera”

2017ko Iraila 20,

I+MED Manu Muñoz
Manu Muñoz.

Made in Basque Country (Radio Euskadi) irratsaioko enpresa-hitzordu honetan Bio-medikuntzaren arloko euskal ETE baten ezaugarriak aztertuko ditugu. Enpresa, I+Med, Gasteizen sortu zen duela lau urte, lau bazkideren eskutik, eta berrikuntzari estuki loturik dagoen sektore batean dihardu. Unibertsitatearen inguruan ernaldu zen, zehazki, EHUk Gasteizen duen Lascaray Ikerketa Zentroan, eta une honetan goi-mailako kualifikaziodun 14 lagunez osaturik dago. Esan bezala, i+Med estuki lotuta dago BIO sektorearekin, batik bat osasun arloarekin, eta bere jarduera-esparrua da farmakoak modu kontrolatuan askatzeko nano-hidrogel bio-polimeriko injektagarrien berrikuntza eta garapena; zalantzarik gabe, etorkizun handiko merkatu-nitxoa, eta egoitza BIC Araban duen euskal ETE honek posizio ezin hobea lortu du merkatu-nitxo horretan.

 

BIO sektoreaz dihardugunean, pazientzia handia eskatzen duen ibilbide luzeko lasterketa batez ari gara…

Bai, zalantzarik gabe, eta gure kasua da horren adibide. 2013an sortu ginen EHUren barruan, urtebete geroago sortu ginen enpresa gisa, eta gero kooperatiba bihurtu ginen.  Eta 2015ean garatu genuen enpresaren egitura lau bazkideren artean. Orduantxe hasi ziren gorputza hartzen Bio-medikuntzaren esparruan garatuta geneuzkan ikerketa-ildo guztiak, bezeroekin eta hornitzaileekin harremanetan jarri ginenean, alegia.

 

Eta gaur egun?

Gaur egun nano-hidrogel bio-polimeriko berriak merkaturatzeko zorian gaude. Adibide bat jarriko dut, mundu guztiak uler dezan: Bio-medikuntzaren sektoreaz dugun ezagutzari esker nano-hidrogelak kargatzen ditugu printzipio aktiboz, farmakoz edo hazkuntza-faktorez osatutako molekulez.  Eta nano-hidrogel horiek laranja poltsa batekin konparatzen ditugu: gure teknologiaz baliatuz sare gurutzatuak sortzen ditugu, eta horietan kargatzen ditugu molekulak, hau da, sareko laranjak. Zein berritasun eskaintzen dugu nano-teknologiaren esparruan? Gai garela laranjak luzaroan eta etengabe askatzen dituzten sareak sortzeko. Hau da, nano-hidrogel hori giza gorputzaren barruan sartzen bada medikamentu batekin, aurrez definitutako dosia askatzen du egun batez, bi egunez edo hamabost egunez.

 

Beraz, ongi ulertu badugu, ez genuke egunero hartu beharko gaixotasunari aurre egiteko denbora jakin batez preskribatzen diguten farmakoa, eta nano-hidrogela farmako horren ordezkoa izango litzateke?

Gure produktuak gehiago zuzentzen ditugu kirurgia ondorengo egoeretara, hau da, farmakoak administratzeko bide alternatibo bat da, baina ebaketa bat egin ondoren erabiltzeko. Horretarako ere bada beste adibide oso grafiko bat, oineko hatz txikiarena hain zuzen. Hatz txiki horretan ebaketa bat egin badizute, Bio-medikuntzak dianaren erdigunea tratatzen du, patologia dagoen puntu zehatza. Zonalde hori bakarrik medikatzen dugu. Nano-hidrogel kargatu bat txertatzen dugu, eta horrela, pazienteak ez du medikaziorik hartu beharko x egunez, dianaren erdigunea medikatzen dugulako.

 

Merkatu-nitxo erakargarria al da?

Etorkizun handikoa bai behintzat, agian horregatik da hain erakargarria. Baina ezin da ahaztu luzea dela produktua garatu eta merkaturatzeko bidea, demagun bost eta zazpi urte bitartekoa, kontuan hartu behar baitira ikerketa-, garapen- eta zertifikazio-prozesu guztiak.

 

Zein puntutan dago orain I+Med?

Une honetan hainbat proiektu dauzkagu nazioarteko konpainiekin. Kasu batzuetan bizidunekin probatzen ari gara, beste batzuetan, berriz, nano-hidrogelak garatzen molekula kargatu gabe. Hau da, bi garapen-ildo dauzkagu, nano-hidrogel konplexuenak eta sinpleak, azken horiek direlarik 2017an merkatura ateratzeko fasean dauzkagunak. Beraz, esan genezake I+Med benetako proiektua dela, futurologiatik eta zientzia fikziotik batere ez duena.

 

Nork izan zuen I+Med sortzearen “errua”?

Enpresa pribatutik zetozen langilez eta EHU barruan ziharduten ikerlariz osatutako talde batean sortu zen ideia. Gogoeta bat egin ondoren, Raúl Pérezek -gaur egun gure zuzendari zientifikoa denak eta bazekienak nano-hidrogelei buruz- proposatu zuen Euskal Herriko Unibertsitateari aurkeztu behar geniola proiektua, eta halaxe egin genuen. Hortik aurrera ekimenak ibilbide luzea egin du, harrera ona izan du erakundeen nahiz enpresen artean (besteak beste, Toribio Echevarria Saria jaso du) eta laguntza handiak lortu ditu.

 

Kasu honetan, nolako papera jokatu du EHUren Arabako campusak?

Esango nuke funtsezkoa eta erabakigarria izan dela. Berak jarri zuen euskarri materiala, Lascaray zentroko instalazioak alegia, eta guk, sortzaileok, geure jakintza. Proiektua oso erakargarria da gaur egun, baina bide luzea egin du 2013tik gaur arte, eta sortzaileok sakrifizio pertsonal eta profesional handia egin dugu proiektua aurrera atera ahal izateko.

 

I+Med-en ikuspegi enpresarial eta ikertzailea BIO sektorean bakarrik zentratzen da?

Enpresak ikerketa du helburu sortu zenetik, eta horren erakusgarri da gaur egun enpresako kide diren 14 lagunak etengabe ari direla ikertzen, beren laborategian. Denak dira doktoreak Kimikan, Farmazian, Ingeniaritza Bio-medikoan, eta abar. Talde horren barruan, batzuen lana da aurrera ateratzea dagoeneko martxan dauden proiektuak, eta beste batzuk nano-hidrogel berriak eta askapen formula berriak garatzen jarraitzen dute.

 

Enpresaren ibilbidean izan duzue puntu kritikorik? Hau da, birplanteatu duzue hain konpainia konplexua sortzearen erabakia?

Ez dugu inoiz etsi, kooperatibak bere bidea hasi zuenean denok oso ongi genekien apustu pertsonala zela eta guk geuk izan nahi genuela enpresaren kontrola eta kudeaketaren ardura. Gainera, ez genuenez hileroko soldatarik, ez zegoen arriskurik ez-ohiko saririk gabe geratzeko, ez baitzegoen halakorik… (barreka). Helburu batzuk finkatu eta horiek lortzeko motibazioari esker egin dugu aurrera, eta, batez ere, bazkide guztiok lehen urteetan eginiko ahalegin erraldoiagatik. Horri esker existitzen da enpresa gaur egun.

 

Orain baduzue soldatarik?

Bizirauteko adina! Baina pozik gaude. Inork ez zigun esan erraza izango zenik.

 

 

 

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke