Mondragon Unibertsitateak 4.0 Industriari lotutako titulazio berriak jarri ditu martxan

2017ko Ekaina 26,

MONDRAGON UNIBERTSITATEA Carlos García, director general de la Escuela Politécnica Superior de Mondragón
Carlos García, Mondragon Unibertsitateko Goi Eskola Politeknikoko zuzendaria

Carlos Garcíak, Mondragon Unibertsitateko Goi Eskola Politeknikoko zuzendariak, Fabrikazio Aurreratuko etorkizuneko profesionalen prestakuntza premiak zehaztu ditu.

 

4.0 Industria dagoeneko errealitate bat da gure inguruko zenbait enpresatan, zeintzuk hasiak baitira “big data”, robotika, adimen artifiziala edo sentsorika bezalako teknologiak aplikatzen beren prozesuetan. Hala ere, bada gabezia bat, ez dagoelako lan-esku espezializaturik, ezagutza tradizionalak eta gaitasun tekniko zein teknologiko berriak uztartu behar dituzten lanpostu berriak betetzeko.

 

Erronka hori dute Euskadiko ikastetxeek, bai unibertsitateek eta baita ere Lanbide Heziketako zentroek. Mondragon Unibertsitatea aitzindari izan da esparru horretan, hurrengo ikasturtean abiaraziko baititu Euskadin emango den Mekatronika Ingeniaritzako lehen Gradua eta Automatizazio Industrialeko Masterra. Bere helburua da 4.0 Industriaren premiei erantzutea.

 

Carlos Garcíak, Mondragon Unibertsitateko Goi Eskola Politeknikoko zuzendariak, esan du titulazio berri horiek enpresen eskaerei erantzuten dietela: “Makina-erreminta, ekipo ondasun, automatizazio eta osagai nahiz sistemen integrazio sektoreetako enpresa asko daude Mondragon Unibertsitatearen inguruan.  Horietako askoren Zuzendaritza Kontseiluetan eta Batzarretan parte hartzen dugu, eta adierazi digute, besteak beste, mekatronikan prestatutako langileak behar dituztela. Profesional horiek makinaren elementu mekanikoen edo sistemen eta alderdi elektronikoaren ikuspegi globala izan beharko dute, kontrolari, komunikazioei edo programazioari dagokienez. Eta, orain arte, profil hori ez geneukan espezifikoki diseinatuta gure prestakuntzan. Zenbait ikaslek, mekanika arloko ikasketak bukatu ondoren, elektronika moduluekin osatzen zuten beren prestakuntza, edo alderantziz. Ez zegoen dena integratuta. Irailetik aurrera, integrazio hori egia bihurtuko da”.

 

Automatizazio industrialeko eremua

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak ere nabarmendu du prestakuntza oso espezifikoa behar dela esparru horretarako. “Entzun dugu Hezkuntza Sailak eskatu diguna.  Diagnostiko bat egin dugu abiapuntu gisa, eta ikusi dugu lehen bazeudela LH bukatutakoan unibertsitateko ingeniaritza-ikasketak egiten zituzten gazteak, beren prestakuntza osatzeko eta horrela gaitasun handiagoa lortzeko. Gaur egun, ikasle profil hori desagertu egin da, unibertsitate sistemak eragozpen handiak jartzen dizkielako LHtik datozen ikasleei eta, zorionez, nahiko erraz aurkitzen dutelako lana ikasketak amaitzean. LHko sailburuordetzak eskatu zigun diseinatu genezala Lanbide Heziketatik datorren jendeari hobeto egokitzen zaion prestakuntza bat, zeren  ikasle batzuen oinarria mekanikan zentratzen da gehienbat, beste batzuena, aldiz, elektronikan, eta hori guztia uztartzen ahalegindu behar dugu” azaldu du Carlos Garcíak.

 

Testuinguru horretan, Mondragon Unibertsitateak lan-eremu bat jarri zuen martxan, 4.0 Industriaren prestakuntza premiak zehazteko. Lan-eremu horretan berazik azpimarratu zen zein garrantzitsua den departamendu desberdinetako profesionalak integratzea eta enpresekin batera lan egitea ikerketa ahalbidetzeko eta ezagutza konpainietara transferitzeko. “Automatizazio industrialeko eremu bat sortu dugu Mondragon Unibertsitatearen barruan, horixe behar genuelako hainbat sektoretako enpresen premiak (robotika, datuen analisia, datuak atzemateko sentsorika, informazioaren tratamendua) asetzeko, enpresa horien portaera aurreikusteko, eta horren arabera jokatzeko. Gai horietarako ikerketa talde bat ere jarri dugu martxan, lau urterako estrategia batekin. Prestakuntza jarduerei dagokienez, Mekatronika Gradua eta Automatizazio Industrialeko Masterra abiaraztea izango dira gure lehen urratsak. Masterraren kasuan, ez da titulu ofizial bat, baizik eta titulu propio bat. Horrek askatasun handiagoa emango digu egokiena iruditzen zaiguna egiteko eta hobeto egokituko da guk enpresetan detektatu ditugun premietara” azpimarratu du Mondragon Unibertsitateko Goi Eskola Politeknikoko zuzendariak.

 

Unibertsitateak eskainiko dituen titulazio berriak diseinatzean oso kontuan hartu da prestakuntza, eta batez ere enpresetako praktikak, Carlos Garcíak esan duen bezala: “Mekatronika Gradua lau urteko ingeniaritza bat da, eredu dualekoa; bigarren eta hirugarren urtean praktikak egingo dira enpresetan, eta laugarren urtean, berriz, gradu amaierako proiektua egingo da oso-osorik enpresan. LHko ikasleek hiru urtetan egin ahal izango dute gradua, zenbait ikasgai tekniko baliokideak izango direlako. 40 ikasle izan nahi ditugu. Kopuru horretatik gora, bi talde egin beharko genituzke, pentsatzen dugulako prestakuntza ez dela edukiz bakarrik osatzen; gauzak egiteko modua ere garrantzitsua da, eta lankidetza, komunikazio-gaitasunak, taldeko lana, lidergoa eta autonomia ere landuko direnez, taldeek ezin dute oso handiak izan”.

 

Praktikak enpresetan

Euskadin aitzindaria izango den Mekatronika gradu hori osatzeko, kontuan hartu da beste herrialde batzuetako esperientzia, adibidez Alemaniakoa, non horrelako titulazioak ohikoagoak baitira. “Gure inguruan inoiz ez da eskaini horrelako prestakuntzarik, ez izen horrekin ez eta ikuspegi horrekin. Lehen agian ez zen hain beharrezkoa, makina-erremintako enpresa handiek nahikoa zutelako batetik mekanikako espezialistak eta bestetik elektronikako espezialistak zituzten lantaldeekin. Gaur egun, aldiz, elementu mekanikoak eta elektronikoak gero eta integratuago daude, eta beraz, produktua bere osotasunean aztertzeko gai diren profesionalak behar dira” zehaztu du Carlos Garcíak. Graduko ikasleek prestakuntza jasoko dute, besteak beste, alderdi hauetan: sistema mekanikoen diseinuan, materialen portaeran, ingeniaritza elektrikoan, elektronikoan, sistema automatizatuetan edota sistema mekatronikoen muntaian.

 

Automatizazio Industrialeko Masterraren kasuan, ikasleek ordaindutako praktikak egingo dituzte lehen egunetik gure inguruko enpresetan (DanobatGroup, Fagor Arrasate, ULMA Handling, ULMA Packaging edo, besteak beste, Mondragon Assembly). Landuko dituzten gaietako batzuk dira eragingailu mekatronikoak, sentsorika, PCko programazio integratua, mugimenduen kontrola, robotika, ikusmen artifiziala edota ziber-segurtasuna.

 

Etorkizunera begira, Mondragon Unibertsitatea aztertzen ari da titulazio berriak martxan jartzea, eta lehendik existitzen direnetako batzuk birplanteatzea. “”Onlineko” Ziber-segurtasun Masterra eskaintzen dugu urte batzuetatik hona. Aurtengo irailean formatu modularrean eskaintzen saiatuko gara, ikasleek ez dezaten zertan  egin master osoa. Gainera, enpresetako praktikak sartu nahi ditugu master horretan ere. Une honetan hainbat erakunderekin gabiltza lanean, emango diogun edukia eta ikuspegia lantzeko. Bestalde, datorren ikasturtean beste master bat jarri nahi dugu martxan, Teknologia Biomedikoetako Masterra, gure ustez arlo estrategikoa baita. Hemendik bi urtera, berriz, Sistema Txertatuen Masterra aztertuko dugu, eta agian, datuen analisirantz berrorientatuko dugu. Era berean, robotikako master ofizial bat abiarazteko aukera aztertzen ari gara, baina lehenik eta behin ikusi beharko da nolakoa den  Mekatronika Graduaren bilakaera” aurreratu du Mondragon Unibertsitateko Goi Eskola Politeknikoko zuzendariak.

 

 

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke