Julen Elgeta, HETELeko presidentea: “Gaitasunak eman nahi dizkiegu ikasleei, jakin dezaten nola moldatu ingurune berri batean”

2017ko Maiatza 04,

Hetel julen Elgeta
Julen Elgeta.

Euskadiko Lanbide Heziketaren erronka da gaikuntza ematea 4.0 Industriako langile izango direnei. Teknologia berriei buruzko prestakuntza, espezializazioa eta ETEei laguntzea dira Euskadiko LHren apustu batzuk.

 

4.0 Industriak badu gainditu gabeko ikasgai bat, profesional kualifikatuak  bilatu behar baititu, gaitasunak eta ezagutzak izango dituztenak beren prestakuntzaz haragoko lanak egiteko. Fabrikazio Aurreratuak beharko ditu ez bakarrik lan-prozesu tradizionaletarako gaitasuna duten langileak, baina baita ere teknologia berriekin lotutako ezagutzak dituztenak, esaterako, robotikari, ziber-segurtasunari edo errealitate birtualari buruzkoak. Lanbide Heziketako ikasle izango direnek ikasi beharko dute nola funtzionatzen duen tornu batek edo prentsa batek, baina, aldi berean, prest egon beharko dute bestelako tresnak erabiltzeko ere. Errealitate birtuala edo handitua baliatuko dituzte, adibidez, beren ikaskuntza prozesua hobetzeko edo makinaren beraren mantenimendu-lanak egiteko.

 

Euskadiko ikastetxeek (unibertsitateek nahiz Lanbide Heziketako zentroek) konpromiso irmoa hartu dute premia berri horiei erantzuteko. Horixe da Hetel elkartearen kasua. Hetel elkartera biltzen dira Euskadiko ekimen sozialeko 20 bat Lanbide Heziketako ikastetxe, hainbat motatako ikasketak eskaintzen dituztenak: Oinarrizko Lanbide Heziketa, erdi-mailako prestakuntza zikloak, goi-mailako prestakuntza zikloak eta enplegurako prestakuntza, eta espezializazio programak.  Duela bi urtetik, hainbat ekimen eta prestakuntza-plan abiarazi dituzte, ikasleak prestatuta egon daitezen lan merkatu berrian sartzeko, baina, batez ere, gai izan daitezen enpresa txiki eta ertainei laguntzeko eraldaketa digitaleko prozesuetan.

 

Julen Elgeta da Heteleko presidentea. Aitortzen du Euskadiko LHren sistema asko ari dela aldatzen 4.0 Industriari dagokionez. Gai hori mahai gainean dago irakasleen geletan, baina baita ere ikasgeletako ikasleen artean. Horregatik guztiagatik, Lanbide Heziketaren arloan hainbat ekimen bultzatu dira, ikasleei behar dituzten gaitasunak emateko. “4.0 Industriak esparru desberdin asko barne hartzen ditu teknologiaren, informatikaren, segurtasunaren edota telekomunikazioen ikuspegietatik. LHren programa estandarra ez da  iristen esparru horietara guztietara, beraz, Euskadin moldaketa txikiak egin behar izan ditugu gure ikasketa programetan, arlo horiei buruzko ezagutzak sartu ahal izateko. Ez da lan erraza, ikasketa-plana egokitu beharra dagoelako, eta irakasleek ere ezagutza berri horiei buruzko prestakuntza izan behar dutelako” aitortu du Heteleko presidenteak.

 

Ezagutza berriak

“Ez dugu kualifikazio zaharkiturik sustatuko, enpresek ez baitute halakorik behar.  Une honetan espezializazio programak dira 4.0 Industriari lotutako ezagutzak eskaintzeko bide garrantzitsuenetako bat. Programa horien bidez, ikasleek gaitasunak eskuratzen dituzte enpresek eskatzen dituzten 4.0 Industriari buruzko ezagutzen inguruan. Adibidez, badaukagu trokelgintzarekin zerikusia duen bat, automatizazio eta robotika gaiei buruzko beste bat, eta asmoa dugu  ziber-segurtasunari buruzko beste bat egiteko. Espezializazioak izan daitezke LH-k eskain dezakeen lehen laguntza-bidea” azaldu du Elgetak. “Espezializazioak mugarri izango dira Euskadin hemendik bizpahiru urtera, eta, printzipioz, horixe da epe laburreko erantzuna. Une honetan arlo hori jorratzen ari gara gure inguruko enpresa handiekin (Gestamp, ITP, Mercedes-Benz edo Tubacex, adibidez), baina LHko sistema gisa, ez gara horiekin bakarrik konformatuko. Espezializazio horiek ETEetara eta enpresa txikietara eraman behar ditugu, jokoz kanpo gelditu ez daitezen. Kontuz ibiliko behar dugu askotan aipatu ohi den bi abiadurako sektore industrialarekin, ez baitugu nahi desberdintasun handiak egon daitezen konpainia handien eta enpresa txiki eta ertainen eraldaketa digitalean.  Ez dugu nahi inor atzean geratzerik denbora edo diru gabeziagatik, modernizazioa eta berrikuntza digitala izango direlako bizirauteko giltzarriak” azpimarratu du Julen Elgetak.

 

Euskadiko Lanbide Heziketako zenbait ikastetxe are urrunago joan dira, eta irakasle nahiz ikasleen ezagutzak aprobetxatu dituzte enpresa txikiei laguntzeko, 4.0 Industria eta eraldaketa digitala zailagoa baita eurentzat, hainbat arrazoirengatik. Julen Elgetak gogora ekarri du: “Euskadiko LHko ikastetxe batzuek zerbitzu teknologikoak ematen dizkiete ETEei, esaterako, hainbat gairen inguruan aholkatzeko: makinen sentsorizazioa, prozesuen automatizazioa, e.a.  LHko ikastetxeak zerbitzu tekniko bihurtu dira, eta hori baliagarria da ikasleek prestakuntza jaso dezaten eta ETEek onurak lor ditzaten. Ikastetxe batzuetan RIS3 edota Basque Industry 4.0 estrategiekin lerrokatutako guneak edo taldeak jarri dira martxan, Fabrikazio Aurreratua, Energia edo robotika bezalako esparruetarako.

 

4.0 Industriako etorkizuneko langileentzat erabakigarria da baita ere gai izatea etengabe aldatzen diren prozesu eta teknologietara egokitzeko. Jarrera eta gaitasuna funtsezkoak dira testuinguru horretan. Dena den, Heteleko arduradunak hauxe adierazi du: “Gaitasunak eman nahi dizkiegu ikasleei, jakin dezaten nola moldatu ingurune berri batean. Metodologia berriekin. Jakin behar dute beren lana egiten, baina, horrezaz gain, erronkak sortu nahi dizkiegu, arazoak aurkeztu, arazo horiek konponduz ezagutzak eta gaitasunak barneratu ditzaten. Gaitasun transbertsalekin kolaboratzen jakin behar da. Eta hori da Euskadiko LHk duen kezka garrantzitsuenetako bat. Adibidez, jakin behar da sentsorizaziodun funtzio bat garatzen, lehen eskuz egin behar zena baina orain panel desberdinekin automatizatuta dagoena. Fabrika bakoitzak bere erronkak ditu, eta prest egon behar da erronka horiek gainditzeko”.

 

Kualifikazio handiagoa

4.0 Industriaz eta lanpostuez ari garela, bada beste kontu bat, profesionalen prestakuntzaz harago doana. Hainbat azterlanek diote teknologia gorakorrek eta robotek gizaki langileen kopurua murriztuko dutela. Baieztapen horiek datu zehatzekin baliozkotu beharko lirateke, baina adituak bat datoz esatean Fabrikazio Adimendunak profesional mota berriak beharko dituela eta kualifikazio baxuko lanak makinek egingo dituztela. “Eskuzko jarduera oso errepikakorrak dituzten lanpostuetan automatizaziora eta robotizaziora joko da. Baliteke kualifikazio txikiko lanpostuak desagertzea eta kualifikazio handiagoko beste batzuk bultzatzea. Gustatu ala ez, olatu hori aukera bezala ikusi behar dugu, denon onerako izan dadin”, azpimarratu du Heteleko presidenteak.

 

4.0 Industriak askoz erronka gehiago ekarriko dizkio Lanbide Heziketari, baina Heteletik aitortu dute Euskadiko LHren egoera Estatuko beste erkidego batzuena baino nabarmen hobea dela. “Halere, beste herrialde batzuekin alderatu behar dugu geure burua, eta ez beste eskualde batzuekin. Zentzu horretan, gauza asko daude oraindik egiteko”.  “Geu gara LHren eta 4.0 Industriaren arloan lan gehien egiten ari den erkidegoa. Beste gauza bat da gauzak hobeto edo txartoago egitea. Hala ere, uste dut une honetan abiadura onean goazela, eta espero dut norabidea ere zuzena izango dela” esan du bukatzeko Julen Elgetak.

 

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke