Ikusmen artifiziala, begi berriak kalitate handiagoko industriarentzat

2017ko Apirila 06,

jornada vision artificial en Ermua
Ihardunaldiaren momentu bat.

SPRI Taldeak antolatutako jardunaldi batean ezagutzera eman dira 4.0 Industriako teknologia horren potentzialtasunak

Aukera ematen du fabriketan fabrikazio akatsak zuzentzeko eta mantenimendu prebentiboa egiteko. “Egoera zailak antzematen dituzu, egoera horiek gertatu baino lehen” dio Tecnaliako aditu José Ángel Gutiérrezek.

 

“Ikusmen artifiziala da begiak jartzea ez daukazun lekuan eta informazio baliagarria eskuratzea albait azkarren”. Horra hor, José Ángel Gutiérrezek emandako definizioetako bat, zeinak 26 urte baitaramatza ikusmen artifizialaren sektorean. Ikusmen artifiziala dugu 4.0 Industriaren aplikazio anitzetako bat. 4.0 industriaren edo laugarren iraultza industrialaren bitartez, euskal enpresek adimena txertatuko diete euren baliabideei eta produkzio sistemei.

 

Gutiérrez protagonista nagusia izan da SPRI Taldeak (Ekonomi Garapen eta Azpiegitura Sailaren menpeko enpresen garapenerako euskal agentziak) ostegun honetan Ermuko Izarra Centre zentroan antolatu duen jardunaldian. Ekitaldi hori Ekonomi Garapen eta Azpiegitura Sailak abian jarritako “Basque Industry 4.0” jardunaldi tematikoen barruan kokatzen da, zeintzuk SPRI Taldearen “Enpresa Digitala” zerbitzuaren bidez ari baitira gauzatzen urte osoan, izen bereko estrategiari lotuta. Jardunaldi tematiko horiek jarraipena ematen diote udazkenero egiten den Basque Industry 4.0 jardunaldiari, hots, 4.0 industriari buruzko ekitaldi nagusiari. Ekitaldi horren helburua da foro bat izatea iritziak trukatzeko 4.0 industriak Euskadira dakarren paradigmari buruz eta etorkizuneko perspektibak aztertzeko.

 

Tecnaliako adituak ikusmen artifiziala erabiltzearen abantailak azaldu ditu, zeina gero eta sarriago erabiltzen baita industrian, ikuskapenetarako eta kalitatearen kontrolerako. “Gizakia oso malgua da, baina ez da erregularra. Ongi entrenatutako pertsona batek %80 okerrago egin ditzake gauzak orduaren eta kanpoko baldintzen arabera. Ikusmen artifizialak erregulartasun hori emango digu”. Orobat esan du pertsonak ez direla azkarrak “informazioa atzematen eta prozesatzen”, bai, ordea, ikusmen artifiziala.

 

Teknologia horrek aukera ugari dakartza, argiaren, kameren objektiboen eta digitalizazioaren bidez. Halaber aipatu ditu zeintzuk diren enpresek ikusmen artifizialerako darabiltzaten tresnak, eta euskal industriaren adibide zehatzak eman ditu.

 

ArcelorMittal enpresak ikusmen artifiziala darabil 300 kilometro orduko abiaduran ekoizten dituen xaflen ertzetako arrakalak antzemateko, eta baita ere ur kontagailuak egiten dituen Iberconta enpresak, kontsumoa automatikoki eta zehaztasunez egiaztatzeko. “Ikusmen artifizialari esker, enpresek hobeto ezagutu dezakete beren prozesua”.

 

Tecnaliak esparru horretan oraintsu egin duen proiektu azpimarragarrienetako bat Surfin sistema da, beroko ijezketako produkzioan erabiltzen dena. Ikusmen artifiziala erabiltzen da edozein akats antzemateko 1.000 graduko tenperaturetan ekoitzitako altzairuan, laser eskaner baten bidez. “Berdin ikusten dugu beroan nahiz hotzean. Segundoko sei metro hodi ekoizten dira lurrunezko ingurune batean, eta horrek ikusmena zailtzen du. Kalitatea handia da, altzairuaren testura bera ere ikusten da”, esan du Gutiérrezek.

 

Tecnaliako adituak nabarmendu du ikusmen artifizialak “ingurune oso gogorretan funtzionatzen duela, eta espazioraino eraman daitekeela. Hain zuzen, Marten erabiltzen ari dira orain”. Errealitate bat da fabriketan, non mantenimendu prebentiboa ahalbidetzen baititu – “Egoera zailak antzematen dituzu, egoera horiek gertatu baino lehen”-, eta diziplina anitzetan aplikatu daiteke.

 

 

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke