Guztira 21 euskal enpresak parte hartuko dute Bartzelonako Advanced Factories azokan

2017ko Apirila 04,

Advanced factories congreso

Ekitaldi horretan, Eusko Jaurlaritzak “4.0 Industriarako Ekonomi Garapen Planari” saria jasoko du Basque Industry 4.0 estrategia bultzatzeagatik.

 

Euskadik 4.0 Industriaren alde eginiko apustuak erakusleiho berri eta paregabe bat izango du bere indarra erakusteko, 21 euskal konpainiak Advanced Factories azoka eta kongresuan parte hartuko baitute Bartzelonan, apirilaren 4tik 6ra. Ekitaldi honen lehen edizioa izango da, baina helburutzat dauka Estatuko erreferentziazko espazio bihurtzea Fabrikazio Aurreratuaren arloan. Espero da mundu osoko 30 herrialdetako 8.000tik gora profesional bilduko direla Kataluniako hiriburuan, bertatik bertara ezagutzeko fabrikazio arloko joera berriak eta produkzio-sistemak optimizatu eta modernizatzeko giltzarriak.

 

Advanced Factories azoka eta kongresu bezala egituratu da. Azokan 200 erakusle inguru bilduko dira, zeintzuek automatizazio industrialarekin lotutako 300dik gora berrikuntza aurkeztuko baitituzte. Euskadiko parte-hartzaileen artean daude, besteak beste, Delteco, Intermaher, Lantek, Maquinaria Eurotec, Aldakin Automation, Análisis y Simulación, Blum-Novotest Ibérica, DTC Tecnología, Exclusivas Rein, Faro Spain, Igorle, Italmatic, Metalcam Sheet Metal Software, Metronic, Nueavis, Semantic Systems, Sistemas Mecánicos Gaes, SMW Autoblok Ibérica, Tecnomeca-Kidelan Dexis, Trygonal Iberia eta Utillajes Olasa. Euskadiren ordezkari bezala arituko dira baita ere Makina-Erreminta Inportatzaileen Elkartea eta Bilbao Exhibition Centre.

 

Enpresa horiek zuzenean aurkeztuko dituzte beren azken konponbideak, hainbat arlotara bideraturik daudenak, besteak beste, hauetara: mekanizatua, fabrikazio prozesuen automatizazioa, robotika, industriarako “softwarearen” garapena, metrologiako tresnak, makina-erremintarako 3D digitalizazioa, sistema eramangarriak, neurketako gailuak, identifikazio eta trazagarritasun konponbideak, errealitate birtualeko eta handituko garapenak prozesu industrialak gainbegiratzeko, konponbide informatikoen diseinua, ezarpena eta mantenimendua, euste-sistema industrialak edota zigilatze sistemak.

 

Bestalde, kongresuaren programan parte hartuko duten 170 hizlariek hizpide izango dituzte Fabrikazio Aurreratua osatzen duten teknologia bideratzaileak ezartzeko estrategiak. Hizlari horien artean aipatzekoak dira Max Lemke doktorea, Europako Batzordeko digitalizazio industrialerako teknologia eta sistemen unitateko zuzendaria, Marc Sachon doktorea, IESE Business School zentroko produkzio, teknologia eta operazio zuzendaria, Bob Parker, IDC Research zentroko Group Vice President Research Idc Manufacturing Global eta Stefan Schwerdtle, FESTOko Factory Manager Global Production.

 

Eusko Jaurlaritzari saria

Azokaz eta kongresuaz gain, Advanced Factories jardunaldian bestelako ekitaldiak ere antolatu dira, esaterako: Leadership Summit,  hitzordua sektoreko lider industrialekin; Azpikontratazio Meeting-a, zeinak espazio batean bilduko baititu marka fabrikatzaileak, osagai hornitzaileak eta zerbitzu hornitzaileak; edota Transfer Innovation Marketplace, transferentzia teknologikoko foroa, non teknologi zentroak eta unibertsitateak elkartuko baitira fabrikatzaileen I+G+B-ko sailekin.

 

Aipatzekoa da, halaber, manufaktura industriako lanaren eta bikaintasunaren “Factories of the Future Awards” sari-banaketa, non aitortza egingo baitzaie produkzio arloko teknologia digitalak ondoen darabiltzaten enpresei eta erakundeei, 4.0 Industriaren arloko ikerketa-programa garrantzitsuenei edota robotika industrialean eta “Big Data-n” oinarritutako teknologia berritzaileenei. Testuinguru horretan, apirilaren 5ean, Eusko Jaurlaritzako Teknologia, Berrikuntza eta Lehiakortasun sailburuorde Estíbaliz Hernáezek “4.0 Industriarako Ekonomi Garapen Planari” saria jasoko du. Antolatzaileen arabera, sari horren bidez aitortza egin nahi zaio Eusko Jaurlaritzak garatutako Basque Industry 4.0 estrategiari, zeinak ekosistema bat sortu baitu 4.0 industria bultzatzeko. Helburu horri jarraiki, prestakuntza duala eman zaie etorkizuneko profesionalei lehiakortasuna hobetzeko, azken belaunaldiko berrikuntza zentroak garatu dira eta politika industrialak sustatu dira enpresak eta lanpostuak sortzen jarraitzeko, eragile sozial eta “stakeholder” guztien inplikazioarekin.

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke