Euskadik 4.0 Industriaren eredua aurkeztu du Bruselan

2017ko Maiatza 02,

arriola basque industry
SPRI Taldeko zuzendari nagusia, Alexander Arriola.

Alexander Arriolak, SPRI Taldeko zuzendariak, euskal esperientzia azaldu du Eskualdeen Europako Batzordeak antolatutako jardunaldi batean

 

 

Euskadik bere 4.0 Industria eredua (Basque Industry 4.0) aurkeztu du astearte honetan Bruselan, Eskualdeen Europako Batzordeak antolatutako jardunaldi baten barruan. SPRI Taldeko zuzendari nagusi Alexander Arriolak ordezkatu du Ekonomi Garapen eta Azpiegitura Saila “The Future of Industry in Europe Challenges and Instruments for Local and Regional Authorities” izeneko jardunaldian.

 

Arriolak parte hartu duen panelean aztergai izan dituzte modernizazio industrialerako eta garapenerako laguntza-tresnak eta sareak sortzearen garrantzia. Arriolak batik bat azaldu du Euskadik Basque Industry 4.0 estrategiaren aldeko apustuarekin izandako esperientzia. Estrategia horrek bere baitan hartzen ditu alderdi hauek: teknologia adimendunak sartzea euskal enpresa eta industrien bitarteko eta produkzio sistemetan; gaitasun eta teknologia gorakor berriak aprobetxatzea produktu eta prozesu berrietan; material aurreratuak txertatzea balio erantsi handiagoko konponbideetan edo prozesu hobetuetan; erabiltzen diren baliabideen eraginkortasuna eta sostengarritasuna zaintzea; eta balio erantsi handiko zerbitzuak integratzea.

 

Azken urteotan, Eusko Jaurlaritzak bere RIS3 Espezializazio Adimenduneko Estrategia definitu du, zeinaren bidez finkatzen baititu, besteak beste, espezializazio produktiboko arloak, oinarritzat hartuz Euskadiko ehun industriala eta gaitasun teknologikoak. Fabrikazio Aurreratuarena da arlo horietako bat, eta, bide horretatik, Eusko Jaurlaritzak Fabrikazio Aurreratuko Estrategia garatu du, Euskadi oinarri industrialeko ekonomia gisa posizionatzeko eta lider bihurtzeko, ezagutzan intentsiboa den fabrikazioa bultzatuz.

 

Estrategia honen lehentasuna da produktu berriak sortzen laguntzea, material berriak txertatzea eta fabrikazio prozesuak hobetzea espezializazio sektoreetan.

 

SPRI Taldeko zuzendari nagusiak joan den otsailean azaldu zuen Bruselan Euskadik 4.0 Industriaren arloan duen esperientzia, harako hartan ere Eusko Jaurlaritzaren ordezkari aritu zelarik. Europako Batzordeak antolatutako European Industry Day ekitaldiaren barnean egin zuen aurkezpen hura, eta bertan azaldu zuen Euskadi kasu arrakastatsutzat jotzen dela industriaren eraldaketa eta berrikuntza prozesuan, baina azkenaldiko krisi ekonomikoaren ondorioz bere politika berrorientatu duela gaitasun handienak dituzten sektoreetara. Eusko Jaurlaritzak Hannover Messe azokan ere aurkeztu du Basque Industry estrategia, Europako industria arloko azoka garrantzitsuenean, bertan izan baita Arantxa Tapia sailburuak zuzendutako ordezkaritza baten eskutik.

 

 

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke