Euskadik 4.0 industrian sustatzen dituen zazpi teknologiak

2017ko Martxoa 22,

industria 4.0 jornada Llodio
Ihardunaldiaren momentu bat.

SPRI Taldeak antolatutako jardunaldi batek erakutsi du etengabe hazten ari dela EIKTak produkzio prozesuetan aplikatzeko joera.

Eusko Jaurlaritzak etorkizun onena izango duten teknologiak identifikatu ditu: errealitate handitua, ikusmen artifiziala, robotika kolaboratiboa, big data, fabrikazio gehigarria, cloud computinga eta zibersegurtasuna.

 

4.0 industria da Euskadiko ekonomia sustatzeko apustu garrantzitsuenetako bat. SPRI Taldeak (Ekonomi Garapen eta Azpiegitura Sailaren menpeko enpresa garapenerako agentziak) antolatutako jardunaldi batean azaldu da zer den laugarren iraultza industriala eta zeintzuk diren bere erreferentziazko teknologiak.

 

Laudioko Tokiko Garapen Agentzian Mondragon Unibertsitateko Jesús Lizarragak  eman duen hitzaldian honela definitu du 4.0 industria: “elektronika, informazio eta komunikazioen teknologiak (EIKTak) integratzea produkzio prozesuetan, prozesu horien automatizazioa hobetzeko eta adimenez hornitzeko”. Kontzeptu hori, gehitu du, “Alemanian sortu zen eta Europara zabaldu da”. 4.0 industriak enpresetara ekarri duen aldaketa handiena izan da elkarrekin konektatu dituela alderdi produktiboa eta informatikoa, orain arte bakoitzak bere aldetik funtzionatzen baitzuen.

 

Lizarragak hizpide hartu du Jaurlaritzak teknologia horiek sustatzeko abiatutako Basque Industry 4.0 ekimena.  “Eusko Jaurlaritzak zazpi teknologia identifikatu ditu, hain zuzen ere ekarpen handiena egin dezaketenak: errealitate handitua, ikusmen artifiziala, robotika kolaboratiboa, big data, fabrikazio gehigarria, cloud computinga eta zibersegurtasuna.

 

Hizlariak teknologia horien berri eman du adibide praktikoen bitartez. Hala, errealitate handituak aukera ematen dio langileari betaurreko berezi batzuen bidez (non irudi birtualak proiektatzen diren) pieza bat desmuntatzeko, eskulibururik erabili behar izan gabe. Ikusmen artifizialaren bidez, berriz, posible da denbora errealean eta fabrikazio-prozesuan bertan ikustea farmazeutika baten pilulek dituzten akatsak, edo pieza oso baten neurketak egitea lantegian.

 

Lizarragak aztergai izan ditu halaber robotika kolaboratiboko (robotek lantegian pertsonekin batera lan egiten duteneko) kasuak, azalduz nola manipulatu pieza astunak, edo Toyotaren adibidea jarriz, enpresa horretan robotek autoen muntaketan kolaboratzen baitute langileen ondoan.

 



 

Big Data

Indarra hartzen ari den beste teknologia bat Big Data da, hots, “datu kopuru handiak analizatu eta manipulatzea erabaki hobeak hartzeko”. Hizlariak ezagutzera eman du Teléfonicak Madrilen turistekin abiarazitako esperientzia. Mugikorren bitartez posible izan zen jakitea “zer egin zuten egunean zehar, zein toki bisitatu zituzten eta zein ordutan, eta informazio hori oso garrantzitsua da eskaintza turistikorako”. Jakinarazi du Euskaltelek aztertu egin zuela zein tokitan kontzentratu ziren zaletuak Athleticek eta Errealak Donostian jokatu zuten azken derbyan.

 

Industrian, Big Data erabiltzen da, adibidez, tenperatura-sentsoreen mantenimendua egiteko isurketa-labe batean. Funtsezko zeregina da hori, zeren teknologia hori gabe geraldiak egin behar baitira produkzioan sentsoreak ordezkatzeko, eta horrek dirua eta denbora galarazten du. Big Datak aukera ematen du sentsore bakoitzaren datuak aztertzeko, eta “hainbesterainoko zehaztasuna lortu zuten, non, fabrikatzaile motaren eta lan egindako tenperaturen arabera, posible izan baitzen aurrez jakitea noiz egingo zuen huts sentsoreak”.

 

Fabrikazio gehigarria “3Dko inpresioarekin lotzen da jendearen ustetan”, baina hori baino gehiago da, esan du Lizarragak. “Funtsean, fabrikazio gehigarriaren bidez geruzak gainjartzen dira nahi den produktua lortu arte. Orain arte diseinatzaileak, diseinatzen hasten zenean, fabrikazio-prozesuan pentsatu behar zuen, eta horrek bere diseinua mugatzen zuen. Fabrikazio gehigarriarekin ia ez dago mugarik diseinuan”. Lizarragak segurtatu du teknologia horrek “esparru bat irekitzen duela ordezko piezentzat, ez baitago stock premiarik, piezak behar direnean inprimatzen direlako”, eta horrek fabrikazio eta biltegiratze kostuak aurrezten ditu.

 

Cloud computinga teknologia askoz ere lausoagoa da. “Bere abantaila ubikuotasuna da. Zerbitzuak lainora eramanez, posible da edozein lekutatik sartzea datuetara. Enpresa ahazten da detaile teknikoekin, kontratatzen du ezaugarri jakin batzuk dituen software bat, eta hornitzaileak bere beharretara egokitzen du. Cloud teknologiarekin enpresaren unean uneko premietara egokitzen da. Gainera, eredu lokalean baino segurtasun handiagoa dago lainoan”.

 

Azkenik, Lizarragak zibersegurtasunaren gaia jorratu du, esanez “esparru horretan daudela gabezia handienak industrian”. Lizarragak ohartarazi du industriak gero eta eraso gehiago jasaten dituela eta eraso horiek internetera konektatutako era guztietako gailuetatik egiten direla, ez ordenagailuetatik. “Manufaktura da helburu nagusia, erasotzeko erraza delako eta mozkin handia atera daitekeelako “.

 



 

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke