Adegi eta Gipuzkoako enpresen eraldaketa digitala

2017ko Ekaina 19,

Adegi Josean Rodríguez
Josean Rodríguez.

Gipuzkoako Enpresen Elkarteak apustu sendoa egin du “big data”k industrian duen potentzialtasunaren alde, eta baita ere sentsorikaren eta robotizazioaren alde.

 

Euskadin erakunde publiko eta pribatu asko ari dira lanean enpresen eraldaketa digitala bultzatzeko, funtsezko tresna baita beren produkzio prozesuak hobetzeko. Horietako bat da Adegi-Gipuzkoako Enpresen Elkartea, non 75.555 langile enplegatzen dituzten 4.550 konpainia biltzen baitira. Adegiko zuzeneko bazkide diren 1.051 enpresen erdia baino gehiago industria sektorekoak dira, eta 40.000 langile inguru enplegatzen dituzte.

 

Elkartearen erronketako bat da ETEak kontzientziatzea jabetu daitezen zein garrantzitsua den eurentzat digitalizazioaren eta berrikuntzaren aldeko apustua egitea eta teknologia berriak txertatzea beren prozesuetan. Horretarako, hainbat topaketa eta jardunaldi antolatu dituzte azken hilabeteotan, Gipuzkoako beste konpainia batzuk esparru anitzetan izan dituzten esperientziak erakusteko: “konponbide teknologikoak hiri adimendunetarako” (Ikusi enpresaren esperientzia), “4.0 Industria: teknologia makina-erreminta sektoreko eraldaketaren zerbitzura” (Cyril Data Systems), “Errealitate handitua eta birtuala industriarako: komunikazioa, prestakuntza eta eraginkortasuna hobetzeko teknologiak” (Innovae), “4.0 Industria lurreratua: daratulutik fabrikazio gehigarrira” (Ibarmia), “Cloud computing-a: enpresentzako negozio-aukera” (IDEI – Tecnalia – Daia), “Fabrikazio digitala – industrian lan egiteko modu berria” (Tumaker), “Ibilgailu konektatutik fabrika konektatura” (Datik), “Negozioak zuzendutako datuen kudeaketa” (Nem Solutions), “Metrologia adimenduna eta prozesuko metrologia” (Sariki) edo “Dimentsio geografikoa enpresako prozesu estrategikoetan” (Opptimiza).

 

Topaketa horiei esker, Gipuzkoako konpainiek aukera izan dute hurbiletik ezagutzeko 4.0 Industriari lotutako kontzeptuak eta kontzeptu horiek beren fabriketan aplikatzeko aukerak. Honelaxe dio Josean Rodríguezek, Adegiko Ekintzailetzako kudeatzaileak: “Funtsean, gure helburua da sentsibilizazio-lana egitea eta esparru horietako proiektuak garatzen ari diren enpresen esperientziak partekatzea horrelako tresnak eta beren produkzio- edo kudeaketa-prozesuetan aplikatzeko aukerak ezagutu nahi dituzten enpresekin. Partikularki, elkarte gisa, erosketa berritzaileko programa pilotu bat jarri dugu martxan berriki Sabbatic teknologia digitaleko startuparekin, gastuen kudeaketako “ticketing” prozesuak eta horien kontabilitatea optimizatzeko asmoz. Jardunaldi asko antolatu ditugu, batez ere Tops-Enpresa Topaketak, horixe baita horrelako esperientziak hurbiletik ezagutzeko aukerarik onena”.

 

Potentzial teknologikoa

Adegiren abantailetako bat da elkarteko bazkideetako batzuk erreferente bihurtu direla 4.0 Industriaren arloan, esaterako 3D inprimaketa, “big data” edo Gauzen Internet (IoT) bezalako teknologietan. “Gipuzkoan badaude tamaina handi samarreko industria arloko hainbat enpresa,  horrelako berrikuntzaren bat edo gehiago txertatu dituztenak beren prozesuetan: CAF, Ibarmia, Danobat, Pasaban, Etxe-tar taldea, Egile taldea, Salto… baina, horiez gain, EIKTen sektoreko enpresa garrantzitsuenak ere erreferente bihurtu dira mota horretako konponbideetan, besteak beste, Ikusi, Ibermática, Spyro edo i68. Eta batez ere, startup ugari ari dira horrelako kontzeptuak lantzen, esaterako Savvy, Nem Solutions, Tumaker, Datik, Innovae, Farsens, Irisbond…” adierazi du Josean Rodríguezek.

 

Gipuzkoako startupak nabarmentzen ari dira fabrikazio gehigarria, datuen kudeaketa eta azterketa eta errealitate birtual eta handitua bezalako teknologietan, baina beste esparru asko ere jorratzen dira: “Teknologia horiek elkarrekiko osagarri dira, eta nitxoaren arabera, batzuk aplikagarriagoak/errentagarriagoak dira beste batzuk baino. Uste osoa dugu “big data” teknologiak industriarako duen potentzialtasunean, sentsorikan eta robotizazioan. Zenbait kasutan, garrantzi handia dute 3Dko inprimaketak, “Cloud” konponbideek eta errealitate birtual/handituak, marketin-tresna hutsak baino gehiago direlako” azaldu dute Adegiko kideek.

 

Hala ere, Gipuzkoako konpainien potentzial eta ezagutza teknologikoa gorabehera, oraindik kontzientziazio-lan handia egin behar da, batez ere ETEen artean, Adegiko Ekintzailetzako kudeatzaileak esan duenez: “Lurraldeko enpresa gehienek badakite urratsak eman behar direla digitalizazioranzko bidean, hau da, 4.0 Industrian sartzeko, baina gutxiago dira argi dutenak horrek berekin dakartzan prozesu-aldaketak eta errentagarritasuna handitzeko aukerak. Halere, enpresen tamaina oztopo bat da, kasu askotan egin ezin dituzten inbertsioak egin behar dituztelako, eta hori oso erronka garrantzitsua da”.

 

Konekta Summit

Adegik aurrera jarraituko du sentsibilizazio-lanarekin erakusketen bidez, ekitaldiak antolatuz eta topaketak sustatuz, eta konpainia desberdinen arteko “networking” lana garatuz. Konekta Summit dugu hemendik gutxira antolatuko den ekitaldietako bat. Aurten bere hirugarren edizioa ospatuko da, ekainaren 22an, Donostiako Tabakalera eraikinean. Hitzordu horrek helburutzat du balioan jartzea berrikuntza teknologikoak, ekintzaileak eta industrian aplikatzeko modukoak diren baliozko proiektuak abiaraz ditzaketen balizko inbertitzaileak. “Konekta Summit ekitaldia Gipuzkoako hainbat erakunde pribaturen arteko (Orkestra – Lehaikortasunaren Euskal Erakundearen Crecer+ Business Angels sarea, BerriUp azeleragailua, Tecnalia Ventures, Elkargi, Basque Culinary Center zentroko Culinary Action ekimena, Geroa BGAEa eta Adegi) aliantza baten emaitza da. Bere asmoa da Euskadiko berrikuntza eta ekintzailetza ekosistema indartzea, aukerak eskainiz sortzen ari diren eta negozio-eredu edo teknologia berritzaileak dituzten enpresei. Aukerak eskaini nahi zaizkie 4.0 Industriaren zutabeei, baina baita ere hazteko kapital inbertitzaile adimenduna edo bazkide industrialak behar dituzten eta berrikuntza irekiaren bidez merkatuko erronka berriak gainditu nahi dituzten beste ETE batzuei”, adierazi du Josean Rodríguezek.

 

“Beraz, bai, esan genezake Konekta Summit ekitaldiak konexio bat ahalbidetuko duela 4.0 Industriaren esparruko konponbideak eskaintzen dituzten startup berritzaile horien eta ETE industrialen edo zerbitzuak eskaintzen dituztenen artean, eta azken horiei behin eta berriro eskatuko diegu etor daitezela topaketara”.

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke