Txekia, Eslovakia eta Poloniako SPRIko zuzendariek bisitak egingo dituzte beren herrialdeetan interesatuta dauden euskal enpresetara

2017ko Urria 11,

Feria en la República Checa.
SPRI Taldeko eta euskal empresako stand bat Txekiar Errepublikan.

Euskadira datoz azaro hasieran, bertatik bertara azaltzeko nola hobetu, handitu edo martxan jarri enpresen presentzia Europa Erdialdean.

 

SPRI Taldearen (Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren) Txekia eta Eslovakiako bulegoko zuzendari Tomas Buchtele eta Poloniako bulegoko zuzendari Gemma Aizpitarte azaroaren hasieran etorriko dira Euskadira, pertsonalki bisitatzeko herrialde haietan beren presentzia hobetu, handitu edo abiatu nahi duten euskal enpresak. SPRIren ordezkariak azaroaren 6tik 8ra etorriko dira Euskadira, eta bilerak egingo dituzte interesatuta daudenekin, enpresan bertan edo SPRIren bulegoetan.

 

Txekiar Errepublikak %3,5eko batez besteko hazkundea izan du azken hiru urteotan, eta %4ko langabezia-tasa du. Txekiako industriak du pisu handiena Europar Batasuneko BPGn, %38koa hain zuzen. Bakarrik eraldaketa industriak, eraikuntza sektorea kontuan hartu gabe, Txekiako BPGren %25 ordezkatzen du (EBko batez bestekoa %15ekoa da).

 

Merkatu garrantzitsua da euskal enpresentzat hainbat arrazoirengatik, hona hemen batzuk: amaierako ekipoak diseinatzen eta fabrikatzen ditu (makina-erreminta, ekipo ondasunak, autoak, autobusak, trolebusak, traktoreak, tranbiak, lokomotorak eta hegazkinak), hainbat sektore industrialen balio-kate osoa barne hartzen du, merkatu dinamikoa da, eta zenbait sektoretan ez dago saturatuta. Horrez gain, Europako plataforma nagusia da Alemania, Japonia, Korea eta Txinako multinazionalentzat, eta Europako auto fabrikatzaile garrantzitsuenetako bat da (1,3 milioi unitate 2016an). Iraganean hertsiki lotuta egon denez Eslovakiarekin, herrialde biek merkatu bakar gisa funtzionatzen dute sarritan, eta biak kontuan hartuta, 48 euskal enpresak dituzte ezarpenak merkatu horretan.

 

Eslovakiak %3,5 inguruko hazkundea izan du azken bi urteotan, bere langabezia-tasa %9,6koa da eta Europako zor publiko txikienetako bat du (BPGaren %51,9koa). Aldi berean, Europako ekonomia liberalizatuenetako bat da, eta zerga-sistema abantailatsua du. Eslovakia da EBko bigarren herrialde industrializatuena: industriak BPGren %36,4 ordezkatzen du, eta eraldaketa industriak –eraikuntza kanpoan utzita-, %27,2ko portzentajea du. Autoen per capita ekoizpen handiena duen munduko lehen herrialdea da, izan ere automozioak Eslovakiako BPGren %43 ordezkatzen du, Europako portzentaje handiena alegia.

 

Poloniak, berriz, %7ko langabezia-tasa du eta iaz %3,8ko hazkunde ekonomikoa izan zuen. Polonia da azpiegiturak eta programa nazionalak garatzeko Europar Batasuneko funtsen onuradun handiena.

 

Aukera bikainak eskaintzen ditu atzerriko zuzeneko inbertsiorako, lege bereziak egin baititu inbertsioa atzemateko eta EBko herrialdeen ereduarekin pixkanaka bat egiteko. Herrialde seguru eta erakargarria da eta kokapen paregabea du; 2,5 orduko distantziara dago hegazkinez Europako hiri nagusietatik, eta harreman zuzena du Europa Ekialdeko eta Erdialdeko merkatuekin. Horrek esan nahi du 250 milioi kontsumitzailerengana irits daitekeela 1.000 km-ko erradioan. Industri jarduerari dagokionez, Euskadik baino kostu txikiagoak ditu, %30 txikiagoak gutxi gorabehera.

 

 

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke