Markeplace-ak, nazioartekotze digitalerako bide onena

2017ko Ekaina 28,

foto jornada internacionalización digital
Ihardunaldiaren momentu bat.

Eusko Jaurlaritzak antolatutako jardunaldi batean aztertu dira enpresek beren negozioa internetez zabaltzeko dituzten aukerak.

“Amazon edo Alibaba bezalako marketplace-en bidez lor dezakezun erabiltzaile kopurua ezin duzu lortu onlineko denda bat sortuta”, segurtatu du Dori Lópezek, Innova aholkularitzako kudeatzaileak.

 

Eusko Jaurlaritzak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Gipuzkoako Merkataritza Ganberak antolatutako jardunaldi batean ikusi denez, marketplace direlakoak (merkatu elektronikoak, Amazon edo Alibaba dira erreferentzia garrantzitsuenak) dira enpresen nazioartekotze digitalerako bide hoberenetako bat. “Marketplace-en bidez lor dezakezun erabiltzaile kopurua ezin duzu lortu onlineko denda bat sortuta”, esan du Dori Lópezek, Innova aholkularitzako kudeatzaileak. Dori Lópezekin batera beste bost hizlarik hartu dute parte asteazken honetan SPRI Taldeak (Enpresa garapenerako euskal agentziak) babestuta Gipuzkoako Zientzia eta Teknologi Parkean egin den jardunaldian.

 

“Interneten dena neurtu daiteke, posible dugu jakitea zein den gure marketin estrategiaren inbertsio-itzulera”, esan du Dori Lópezek. Orobat esan du markeplace-etan aukera dagoela “ikusteko zenbat saltzen duen nire lehiakideak herrialde jakin batean”. Badira hainbat tresna gure lehiakideak aztertzeko.

 

Innovako kudeatzaileak esan du Internet bidezko salmentarako ezinbestekoa dela erabiltzaile kopuru jakin bat izatea. “Basamortuan offline saltoki bat jartzea bezalakoa da. Inork ez dizu erosten, inor ez delako ibiltzen handik”. Horregatik, enpresa batek plataforma digitalen bidez saltzen hasi nahi duenean, komeni da marketplace-etara jotzea. “Erabiltzaile trafikoa segurtatzen digu. Ardoaren sektorean, marketplace bidez saltzen da gehien”.

 

Dori Lópezek esan du enpresa bakoitzak bere negozioari ondoen egokitzen zaion marketplace-a aukeratu behar duela, eta funtsezkoa dela, nazioartekotze digitalerako urratsa ematean, ondo zehaztea zein proiektu mota den: “profesionalei edo partikularrei salduko diezun, zure herrialdean ala atzerrian jardungo duzun…”.

 

Iurismaticako Jorge Campanillasek hizpide hartu ditu merkataritza elektronikoaren alderdi juridikoak eta nazioartekotzeko marketin digitala.  “Garrantzitsua da jakitea nori saltzen diozun, araudiak aldatu egiten direlako herrialdetik herrialdera”.

 

Fernando Apariciok, Amvos Digital aholkularitzako zuzendariak, esan du Amazon, Alibaba eta Rakuten direla marketplace garrantzitsuenak, baina merkatu espezializatuagoak sortzen ari direla, hala nola, Mumunio elikagaien sektorean edo Westwing dekorazioaren arloan.

 

Apariciok Amazonen funtzionamendua azaldu du.  “Edozein enpresa edo autonomok saldu dezake Amazonen, hilean 39 euro ordainduta, eta batez besteko komisioa %15ekoa da. Enpresa edo autonomoa arduratzen da logistikaz eta bezeroaren arretaz, baina aukera dago Amazonen logistika erabiltzeko”. Esan du Amazonek zuzenean ere erosten diola produktua enpresari “eta fabrikatzaile askorentzat hori mauka bat da, ez baitute behar ez marketinik ez beste estrategiarik”. Offline eskemara itzultzea bezalakoa da: norbaitek erosten dit. Baina, nolanahi ere, lan egin behar da, eta enpresak aurkeztu behar ditu produktuaren datu guztiak”.

 

Ohartarazi du ezeztapen, atzerapen edo eskaera akastunen ratioak oso zorrotzak direla, %1 eta %4 bitartekoak. “Ez badituzu baldintzak betetzen, Amazonek onlineko saltokia itxiko dizu”.

 

Fernando Apariciok orobat azaldu du Alibabaren funtzionamendua: “ezezagunagoa da. Amazon bezala, hauek ere sailkaezinak dira, ekonomiaren sektore guztietan inbertitzen dutelako. Alibaba.com-ek 160 milioi erosle ditu eta erakusleiho ona da enpresako produktuak ikusgai jartzeko. Ingurune oso interesgarria da esportazio zuzendari batentzat”. Esan du funtzionamendu oso sinplea duela: “eroslea plataformara sartzen da eta esaten du zer nahi duen; hornitzaileek eskaintza bat egiten diote, Alibabak aurrekontuen aurrehautaketa bat egiten du, eta erosleak hautaketa hori jaso ondoren erosketa erabakitzen du”.

 

Marta Bellosok, DHL Express enpresako produktu buruak, adierazi du enpresek marketin estrategia bat izan behar dutela, bai marketplace bidez saltzen badute (“marketplace-etan sinpleagoa da”), bai onlineko saltokietan saltzen badute. Azpimarratu du garraioa faktore estrategikoa dela nazioartekotze digitalean, “horixe delako erabiltzaileak merkataritza elektronikoarekin duen kontaktu fisiko bakarra”. Bellosok esan du berehalako garraioa eskaintzen duten enpresek %30 gehiago saltzen dutela.

 

Orobat esan du erabiltzaileak gero eta exijenteagoak direla erosketa elektronikoetan, eta eroslearentzat lasaigarria dela eskaeraren jarraipena egitea, alerten bidez eta erosketaren kokapen zehatza jakinda. DHLko arduradunak nabarmendu du bezeroek “berehalakotasuna baloratzen dutela maukaren gainetik”. Eta itzulketen garrantzia nabarmendu du, esanez mundu mailan itzulketen portzentajea %6koa dela, “baina Alemania bezalako herrialdeetan %13raino iristen da eta merkealdietan %25eraino. Garrantzitsua da kontuan hartzea itzulketen portzentajea, jomuga dugun merkatuaren arabera. Ezer erosi orduko jendeak itzulketa politikari begiratzen dio. Horregatik azaldu behar da ondo webean nola egiten diren itzulketak”.

 

Enantio enpresako sortzailekide eta CEO Eduardo Kaibidek hizpide hartu du Big Data. “Onlineko saltoki batek momentuan alda ditzake bere prezioak, ikusten badu bere lehiakideek ere aldatu dituztela, baina horren arriskua da etorkizunean kartel bezala funtzionatzea”. Orbital Insight enpresaren kasua azaldu du, zeinak munduko petrolio gordailuen satelite bidezko irudiak egiten baititu, zehazki jakiteko non dauden erregai erreserbak. Funtsezko informazioa edozein inbertitzailerentzat.

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke