“Hasieratik ikusi genuen gure ereduak ez zuela zentzurik  Euskadin bakarrik”

2017ko Uztaila 26,

taskia zaloa urrutikoetxea
Zaloa Urrutikoetxea, elkarrizketan.

Onena izango da adibide bat jartzea hobeto ulertzeko beren lana Euskadin garatzen duten enpresa askoren jatorria eta jarduera. Inoiz behar izan duzu elektrikari bat edo iturgin bat edo haurrentzako zaintzaile bat edo etxe-aldaketa egiteko koadrila bat? Seguru baietz. Sasoi batean orrialde horietara jotzen genuen, eta gero Internetera, baina orain bada hirugarren bide bat, ekonomia kolaboratiboaren hazkundearen testuinguruan iritsi dena.

 

Horrelaxe sortu zen Taskia, Made in Basque Country (Radio Euskadi) programako enpresa protagonista. Taskia plataformak elkarrekin konektatzen ditu orduka lan egiteko prest dauden pertsonak eta laguntza behar duten bezeroak. 50etik gora lan-kategoria daude aplikazioan, hala nola, haur zaintzaileak, gozogileak, arotzak, lorezainak eta baita zakur zaintzaileak ere. Zaloa Urrutikoetxeak, Euskal ETE horretako zuzendari nagusiak, dio beren helburua dela 50.000tik gora zerbitzu-eskaintzaile biltzea plataformara.

 

Horrelako premia arrunt baten ondorioz sortu zen enpresa?

Bai, horrelaxe sortu zen gutxi gorabehera, bazkidetzat daukadan Hispavista enpresarekin batera. Haiek bazerabilten buruan plataforma honen ideia, eta asmo hori bat zetorren guk aspalditik pentsatuta geneukanarekin. Kontuan harturik zeintzuk diren gaur egungo erabiltzaileen premiak, argi ikusten genuen zaharkituta daudela garai bateko orrialde horiak, eta baita ere horrelako zerbitzuak aurkitzeko erabiltzen ditugun klasifikatuen onlineko atariak.

 

Zer esan nahi duzu?

Gaur egun, zerbait erosi edo oporretarako toki bat alokatu baino lehen, kontuan hartzen ditugu beste erabiltzaile batzuen balorazio eta iritziak; antzinako orrialde horietan, adibidez, elektrikariak edo iturginak bilatzen genituenean, ez zegoen halakorik. Horregatik pentsatu genuen ideia ona izan zitekeela plataforma bat sortzea, bertan jasotzeko horrelako iritzi eta puntuazioak, ongi jakin dezagun nor sartuko den gure etxean gu ez gaudenean.

 

Beraz, esan genezake APP hau Tripadvisor moduko bat dela, baina milaka eskaintzaileei aplikatua?

Hori da bai, bere oinarria da balorazioen eta iritzien indarra, eta horixe da, gure ustez, aplikazio honen alderdi garrantzitsuena. Iturgin bat aurkitu eta harekin txateatzeaz gain, aukera dugu bere lanari puntuazioa jarri eta egin duena baloratzeko. Horrek pentsarazten digu pertsona horrek ahalegina egingo duela puntuazio ona lortzeko eta aztarna birtual errespetagarria izateko.

 

Nola funtzionatzen du plataformak?

Eskaintzaileek (konponketa-lanetan trebea den pertsona bat, zakur paseatzaile bat edo seme-alabari musika eskolak emango dizkion musikako irakasle bat) alta har dezakete gure web orrian (www.taskia.es) edo aplikazio mugikorraren bitartez (Taskia).  Bezeroari galdetzen diogu zertan lagun diezaiokegun, eta hortik aurrera, bere bilaketa doitu ahal izango du arloka (garbiketa, etxe-aldaketa, pertsonen zaintza…).  Guk harremanetan jarriko dugu inguruko jendearekin, beti ere bere premien arabera. Hori dezenteko nobedadea da beste plataforma batzuekin alderatuta.

 

Eta hortik aurrera…

Bezeroak plataforman sartuko du bere posta kodea, zein egunetarako nahi duen zerbitzua eta egin beharreko lanaren azalpen txiki bat. Hortik aurrera, aplikazioak jende askoren informazioa emango dio, hala nola, zein profil duen, zein zonaldetan lan egiten duen, zein lan egin dituen lehenago… Funtsean, plataformak ongi definitutako curriculum bat eskaintzen dio bezeroari, eskaintzaileei buruzko informazioa izan dezan txateatzen hasi baino lehen. Eta, azkenik, akordio bat itxiko dute, eskaintzaileak bere profilean jarrita daukan orduko preziotik abiatuta. Gu ez gara sartzen negoziazio horretan.

 

Aplikazioa doakoa da, beraz, zein da zuen negozio eredua?

Komisio bat kobratzen diogu eskaintzaileari plataforman adosten den zerbitzu bakoitzeko.

 

Bezero batek puntuazio negatiboa emango dio eskaintzaileari, baldin iruditzen bazaio zerbitzu baten orduko prezioa garestiegia dela…

Bezeroak ez du pertsona hori kontratatuko prezioa gustatzen ez bazaio. Zerbitzua onartu baino lehen, aurrekontu bat negoziatu beharra dago, beraz, zentzu horretan ez dago sekreturik edo sorpresarik. Bezero gisa ikusten duzuna da zerbitzu mota bat eskainiko duen pertsonaren orduko prezioa, baina kontratatu baino lehen aukera duzu berarekin txateatzeko, negoziatzeko eta baldintza guztiak adosteko (eguna, ordua, tokia…). Gainera argazkiak bidal daitezke APPtik, langileak jakin dezan zer konpondu behar duen eta aurrekontua doitu dezan, joan-etorrian hasi aurretik.

 

Komisioa kobratzen duzue, baina ez duzue fakturarik egiten emandako zerbitzuagatik… Horrek betetzen al ditu lan-araudiak ezartzen dituen lege-eskakizun guztiak?

Gure erabilpen-baldintzetan ezarrita dago lana egiten duenak berak –guk tasker deitzen diogu- egin behar diola bezeroari lanaren faktura. Guk, bestalde, fakturak egiten ditugu kobratzen dugun komisioagatik.

 

Eta tasker horrek akreditatu behar du autonomoa edo profesionala dela? 

Oraingoz ez diogu eskatzen paperik bidaltzeko, baina erabilpen-baldintzetan adierazi egin behar du, beraz, alta hartzean akreditatzen du.

 

Zergatik da Hispavista konpainia teknologikoa -Espainiako atari bisitatuenetako bat eta 18 milioitik gora erabiltzaile bakar dituena- zuen akziodunetako bat?

Puntako konpainia da eta ekintzailea. Urtero ateratzen dituzte proiektu oso berritzaileak eta ezagutza handia dute, hogei urte baino gehiago baitaramatzate Interneteko merkatuan. Laguntza handia ematen digute eskura dituzten tresnekin, Trabajos.com enplegu atariaren jabeak baitira.  Zentzu horretan, oso sinergia indartsuak sortzen dira.

 

Zein izango da zuen merkatua?

Joan den urrian hasi ginen eta Madrilen zentratu ginen plataforma probatzen hasteko. Hobekuntzak txertatu ahala, Bartzelonara zabaldu ginen, eta orain presentzia dugu Estatuko hiriburu garrantzitsuenetan. Hasieratik ikusi genuen gure ereduak ez zuela zentzurik Euskadin bakarrik.

 

Zenbat zerbitzu edo eskaera kudeatu ditzakezue egunean?

Une honetan, 40.000 lagun inguruk eskaintzen dituzte beren zerbitzuak gure atarian –Taskiak 200 alta berri jasotzen ditu batez beste egunero-, eta horrek ongi erakusten du zenbateko erantzun-gaitasuna daukagun. Kontua da bezeroek gero eta azkarrago nahi dituztela zerbitzuak, oso denbora marjina estuarekin, eta horrek behartzen gaitu arlo guztietako eskaintzaile asko edukitzera, eskaera eta eskaintza bat etor daitezen.

 

Ikusirik nolako hazkunde-erritmoa duzuen eta Hispavista ondoan izanda, pentsa liteke laster zabalduko zaretela nazioartean?

Lehenik eta behin, sendotu egin nahi dugu Estatuko merkatuan, ondo finkatu plataforma, eta gero Latinoamerikara jauzi egingo dugu, gure bazkideak urtetako esperientzia eta egoitzak baititu Mexikon, Kolonbian edo Txilen.

 

 

 

 

 

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke