“Funtsezkoa da zoazen herrialdeko kultura ondo ezagutzen duen norbaitekin aliatzea”

2017ko Uztaila 20,

copreci Imanol Oleaga
Imanol Oleaga.

Gipuzkoako Copreci kooperatiba munduko fabrikatzaile garrantzitsuenetako bat da etxetresna elektrikoentzako osagaien sektorean, eta bera da nazioartera irten zen Mondragon Korporazioko lehen kooperatiba. Gaur egun, 1.700dik gora langile enplegatzen ditu mundu osoan dauzkan zortzi produkzio-lantegietan, eta bederatzi izango dira urtea amaitzerako, lehenengoz kokatuko baita Estatu Batuetan, enpresaren egungo salmenta guztien %22 ordezkatzen duen merkatuan.  Erreferentziazko hornitzailea izaki Whirpool, Electrolux edo General Electric bezalako marka globalentzat,  iaz kooperatibak 209 milioi euroko fakturazioa izan zuen, eta espero du aurtengo ekitaldia bi digituko hazkundearekin ixtea. Imanol Oleaga, Copreci Coop enpresako kudeatzaile da.

 

Hortaz, amets amerikarra bete nahi duzue…

Hori da. Baina gure amets amerikarra ez da berria, zeren bulego komertzialak ditugu Estatu Batuetan duela hogei urte baino gehiagotik. Aurten ausartu gara Arkansasen lantegi bat irekitzen, baina, esan bezala, ingurunea ezaguna da guretzat lehenagotik ere.

 

Eta oraingoan, zergatik Estatu Batuetan?

Produkzio-lantegi bakarra daukagu merkatu horretara iristeko, eta Mexikon dago. 1989an, atzerrian ireki genuen lehen lantegia izan zen, baina orain bezeroek espresuki eskatu digute beste zentro bat irekitzeko AEBetan, eurengandik hurbilago egoteko. Erabaki hori hartu genuen “Trump efektua” lehertu baino lehen, filosofia aldaketa bat eman zelako Estatu Batuetan lan egiteko daukagun moduan, asmoa baitzen balio erantsi handiagoa ematea gure produktuei.

 

Zein zentzutan?

Osagaiak hornitzetik sistemak fabrikatzera igaro gara eta, esan bezala, sistema horiek eskatzen digute bezeroengandik hurbilago egotea. Eta horrek behartzen gaitu lantegi propio bat izatera.

 

Bezeroek eskatzen dute hurbil egon dadila beren hornitzaile-sarea. Gaur egun saihestezina al da fenomeno hori?

Errealitate horrek aukera ematen dizu, besteak beste, askoz gehiago enpatizatzeko bezeroarekin eta askoz informazio gehiago edo, behinik behin, zehatzagoa izateko erabakiak hartzeko orduan. Copreci enpresaren kasuan, metodo hori funtsezkoa izan da kooperatiba nazioartekotzeko prozesurako. Nazioartean zabaltzeaz ari garenean, produkzio-lantegiak datozkigu burura, baina uste dut konpainiaren nazioartekotzea lotuago dagoela beste alderdi batzuekin, hau da, gauzak zein merkatutan gertatzen diren, han egon beharra dago, gure kasuan, Estatu Batuetan. Horrela, egon behar dugun tokian egongo gara produktu edo plataforma berriren bat merkaturatzen dutenean.

 

Nazioartera irten zen Mondragon Taldeko lehen kooperatiba izan zineten… Nolakoak ziren garai haiek?

1989an irten ginen Guadalajarara (Mexiko) eta erabaki aitzindaria izan zen, garai hartako aldaketek bultzatua. Oso aldaketa bortitzak izan ziren, eta ezinbestean eta ausardia handiz sartu behar izan genuen nazioarteko lehen abentura hartan. Langile ausartak izan ziren ordukoak, eta haietakoren batek lanean jarraitzen du oraindik, produkzio zuzendari delarik Aretxabaletan.  Asko ikasi genuen eta ikasitako hura aprobetxatu dezakegu orain. Dagoeneko zortzi produkzio lantegi jarri ditugu martxan, eta urtea amaitu baino lehen irekiko dugu bederatzigarrena. Hori guztia garrantzitsua da guretzat, baina kooperatiba gisa garrantzitsuena da orain antolakunde guztiak pentsatzen duela globalki, hasi lehenengo langiletik eta azkenekoraino.

 

Nolanahi ere, beti izan da zaila atzerrira irtetea, dela tamainagatik, beldurragatik edo ezjakintasunagatik… Zer gomendatuko zenioke bideari ekin berri dion ETE bati?

Jakin behar du zein herrialdetara doan eta zergatik, eta nolako balio proposamena eskainiko duen aukeratu duen jomuga horretan. Hori funtsezkoa da, ez baitago nazioartekotzerik motiborik gabe. Behin dena ongi definitutakoan, erabakitzen badu urrats hori ematea, aliatu egokiak bilatu behar ditu jomuga herrialdean, hango kultura, gizartea eta lan egiteko moduak guztiz desberdinak izaten baitira askotan. Horregatik, jakin behar du egokitzen eta kultura horiek bere eguneroko lanean txertatzen, baina bere sustraiak eta baloreak galdu gabe, funtsezkoak direlako eta, hain zuzen, horiexek eraman dutelako horraino. Funtsezkoa eta aberasgarria da zoazen herrialdeko kultura ondo ezagutzen duen norbaitekin aliatzea.

 

Mintza gaitezen zuen jardueraz. Zer egiten duzue batik bat? Eman adibide batzuk.

Etxetresna elektrikoen sektorerako osagaiak fabrikatzen ditugu, eta badirudi jarduera horrek ospe txarra hartu duela azken urteotan gure inguruan. Baina Euskadin bagaude sektore horretan lan egiten dugun bizpahiru enpresa, eta ezin esan gaizki gaudenik, mundu mailan sektoreko liderrak gara eta. Ez da sektore erraza, baina etorkizun ona izan dezakegu gauzak ondo egiten baditugu.

 

Nola lortzen du enpresa batek lehiakor izatea, edozein dela ere bere sektorea edo merkatua?

Funtsezkoa da balio proposamen bat definitzea eta finkatzea, bezeroentzat interesgarria izango dena eta gainerakoengandik bereiziko dena. Copreciren balio proposamena aldatu egin da duela hogei urtetik hona, garai berrietara egokitu delako. Beraz, gure enpresaren giltzarri bat izan da gai izan dela testuinguru berrietara egokitzeko.

 

Prezioan edo kalitatean lehiatu beharra dagoelako… Ez dirudi askoz marjina handiagorik dagoenik ezta?

Uste dut gaur egun arlo guztietan lehiatu beharra dagoela. Kalitatean eta prezioan lehiatu behar duzu, eta gainera, 4.0 prozesuen araberako produktu berritzaileak proposatu behar dituzu nazioarteko eszenatoki batean. Merkatua gero eta globalagoa da, ezin da lehiatu aldagai bakar batekin eta ezinbestekoa da horietakoren batean ona eta erreferentziazkoa izatea.

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke