Euskal kroketaren istorio harrigarria

2017ko Urria 03,

Familia Ameztoy
Ameztoi familia.

Igor Ameztoi, Ameztoi enpresako Marketin zuzendaria

 

Made in Basque Country irratsaioak denboran bidaiatu du 1982. urtera joateko, Zarautzera, hantxe baitago istorio honen jatorria. Gipuzkoako herri horretantxe jaio zen Pili, gure protagonista, lau semeren ama eta enpresaria. Pilik aukera ikusi zuen senarrari laguntzeko etxean kroketak eginez, gero herrian saltzeko eta sos batzuk ateratzeko. Diru aldetik estu zebiltzanez, ez zuen lan handirik izan familia osoa proiektuan inplikatzeko. Amak egiten zituen kroketak eta lau semeek inguruko harategi eta urdaitegietan banatzen zituzten eskolara joan baino lehen, orduan zuten garraio-bide azkarrena erabiliz: bizikletak. Paco aitak, berriz, kroketak eramateko kaxak diseinatzen eta fabrikatzen zituen. Eta hori gutxi balitz, auzokoek ere lagundu zieten, euren etxeetako izozkailuetan tokia utziz kroketen orea galdu ez zedin.

 

Horrela sortu zen Ameztoi. Lehenbizi, 1994an, lantegi txiki bat jarri zuten Zarautzen (euren sorterrian), non kroketez gain bestelako produktuak egiten hasi ziren: oilasko bularrak bexamelarekin, piper beteak edo postreak, adibidez, arroz-esnea. Handik urte batzuetara txiki gelditu zitzaien enpresa, eta gaur egun Zestoan duten egoitzara aldatu ziren. Hango gutiziazko biltegitik egunero ehundik gora proposamen gastronomiko ateratzen dira Estatu osora eta atzerrira (Holanda, Belgika, Frantzia, Suedia, Hong Kong…).

 

Noiz hazi zen famili abentura hau?

Galdera ona da hori. Egia esan, istorioa oso modu xumean hasi zen, baldintza nahiko prekarioetan, baina aurrera egin genuen ahalegin eta ilusio handiz. Pixkanaka hazi ginen urtez urte, eta uste dut hogei urte inguru genituenean ohartu ginela (ama eta gu) negozio ona izan genezakeela esku artean. Horregatik erabaki genuen 1994an lantegia muntatzea eta enpresa formalizatzea.

 

Nolakoak izan ziren lehen urte haiek?

Hasiera ez zen izan erraza, hori argi dago. Krisi handi batek harrapatu gintuen, eta horri gehitu behar zaio merkatuak mesfidantzaz begiratzen zituela gure produktua eta gure lan egiteko era. Esaten ziguten erotu ginela, ezin zela horrelako preziodun kroketarik atera merkatura, baina, jakina, guk bakarrik egiten genituen baserriko esnearekin, oso modu berezian, eta bagenekien horrek baduela bere balioa. Beraz, aurrera egin genuen, eta uste dut asmatu genuela, zeren ia 25 urte geroago, lanean jarraitzen dugu.

 

Kroketa dastaketa bat egingo balitz, jakingo zenuke zeintzuk diren zureak?

Zalantzarik gabe, bai… Bizitza osoa eman dugu kroketa artean, nola ez ba! Bederatzi urterekin sartu nintzen negozioan, ez dut uste nahastuko nintzatekeenik (barreka). Bartzelonako coaching ikastaro batean gertatutakoa kontatuko dizuet. Anaiak eta nik Chupa Chups enpresako Marketin zuzendari zenarekin topo egin genuen ekitaldi hartan, eta hiriburuko jatetxe batera gonbidatu nahi gintuen, onddozko kroketa izugarri gozoak egiten omen zituztelako; “munduko onenak dira” esaten zigun… Egun batean afaltzera joan ginen elkarrekin, eta zorioneko kroketa haiek eskatu zituen. Honelaxe esan zion metreari: “Ateraizkiezu nik jaten ditudan kroketa horiek, praketatik behera kaka egingo dute eta (sic)”. Atera zituzten eta probatu baino lehen, anaiak usaindu egin zituen, eta denen aurrean esan zuen: “kroketa hau Ameztoirena da, afaria jokatzen dizuet… Egin zuten apustu eta pentsa ezazu nolako aurpegia jarri zuen gure anfitrioiak jakin zuenean kroketak gureak zirela…

 

Beti izan duzue argi enpresak arrakasta izango bazuen kalitate gorena izan behar zuela? Bidezidor tentagarririk gabe? 

Betidanik, hasieratik, eta printzipio hori gure amarena da, bera hasi baitzen arrautzak edo oilaskoak inguruko baserrietan erosten. Oraindik ere, horrela egiten du. Nortasun ikur hori marra gorria da guretzat, eta ez dugu sekula gaindituko, zenbait hornitzaileren eskaintzak aski tentagarriak izan arren.

 

Esnea ere bai, kroketa orearen funtsezko osagaia…

Hori da. Esnea baserritik ekartzen ziguten beti, jetzi berritan. Baina negozioak bolumena hartu ahala, gure eskaerak gainditu egin zuen garai hartako esnezaleen eskaintza. Orduan erabaki genuen guk geuk sortuko genuela gure esnea. Hala, geu gara esnekien sektorean ez dagoen eta eguneroko lanean integratutako esne zentral propioa duen Estatuko enpresa bakarra. Inguruko hainbat baserritan erosten dugu esnea, Kaiku euskal enpresak biltzen du bere kamioi flotarekin, eta bere zentralera joan baino lehen esne gordina ekartzen digu, jetzi berritan. Pasteurizatu egiten dugu, hau da, tenperatura igotzen diogu kroketen orea egin ahal izateko.

 

Benetan goxoa belarrirako…

Hori orain, baina bidea oso luzea eta zaila izan da. Tamalez, gure sektorean gezur asko esaten da, eta guk egiarekin jarraitu nahi genuen, egiazko kroketak egin nahi genituen, baserriko esnearekin eta inolako kimikarik gabe… Filosofia horixe azaltzen dugu gure leloen bidez (Pentsatzean egi, sentitzean eder, egitean gozo), guretzat oso garrantzitsua delako. 1994an kroketak eskuz egiten hasi ginen, eta oso garestiak ziren. Gainera, asko kostatzen zitzaigun saltzea, beraz, ez ziren oso lehiakorrak. Hala, erabaki genuen kroketak biltzeko prozesua industrializatzea, apur bat estandarizatzea, produktuari errendimendu pixka bat ateratzeko. Orduantxe hasi ginen azoketara eta enpresetara joaten, aukera onenaren bila…

 

Baina…

Beti dago bainaren bat tartean, ezta? (barreka). Dena ondo zihoan, baina bexamela itsatsita gelditzen zen zorioneko makinan, beraz, beste alternatiba bat bilatu behar izan genuen. Hartu genuen bexamela, autoan sartu ginen eta Sevillaraino joan ginen, eta gero Holandara, beste makina bat probatzera. Hara iritsi eta gure haur aurpegi hura ikusten zutenean, barre egiten ziguten aurpegira. Esaten ziguten: “egonkortzailerik gabe egiten duzue lan eta nola ez zaizue ba itsatsiko!”  Beraz, makinak fabrikatzen zituzten marka haiek Zarautzeraino bidali zizkiguten beren taldeko kimikariak, esateko nolako elementuak erantsi behar genizkion bexamelari itsatsi ez zedin…

 

Eta hori ez zenuten onartu, jakina…

Gutxi gorabehera. Amak, hura ikusten zuenean, bueltan bidaltzen zituen berehala. Ezetz eta ezetz.

 

Nola konpondu zenuten kontua?

Geuk egin behar izan genuen, hala izaten da konponbiderik aurkitzen ez duzunean. Bost urteko ikerketaren ondoren, anaia txikiak diseinatu eta sortu zuen gaur egun  bexamela biltzen duen makina. Bexamela ez zaio makinari itsasten, eta garrantzitsuena, ez diogu inolako gehigarri kimikorik botatzen. Neurri handi batean, makina horri zor zaio Ameztoi enpresaren arrakasta, horrelaxe lortu genuelako produkzio prozesuak azkartzea eta kroketa bakoitzaren prezioa erdira jaistea. Orduantxe hasi ginen izugarri lehiakor izaten.

 

Zenbat kroketa egin ditzakezue enpresan egun batean?

Gutxi gorabehera egunean 100.000 inguru, eta Estatura edo nazioartera bidaltzen dira. Amaierako packaging­-a ere oso interesgarria da, eta esan dezaket neure errua dela hori, eginahalak eta bi egin behar izan bainituen anaiak konbentzitzeko…

 

Zer esan nahi duzu?

Orduan, sasoi hartako enpresa askotan gertatzen zen bezala, negozioaren zati hori alferreko gastutzat hartzen zen. Baina nik argi neukan, banekien zertaz ari nintzen, eta lortu arte jarraitu nuen ekinean. Esan nien Ferrari bat geneukala esku artean, eta ezin genuela edonola saldu, eta uste dut azkenean jaramon egin zidatela. Gurea bezalako kalitate goreneko produktuek beren burua defendatu behar dute, eta arlo horretan funtsezkoa da packaging egokia izatea.

 

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke