Euskadik zibersegurtasun arloko kontaktuak egin ditu Indiako erakunde eta enpresa liderrekin

2017ko Ekaina 10,


SPRI Taldeko zuzendari nagusi Alex Arriolak zibersegurtasun arloko esperientziak trukatu ditu Indiako CDAC (Center for Development of Advance Computing) erakundearekin, hots, zibersegurtasunaz arduratzen den organismoarekin, eta bilerak egin ditu WIPRO konpainiako zuzendaritza-karguekin. WIPRO Indiako multinazional bat da, liderra segurtasun informatikoko aholkularitza zerbitzuetan.

 

Aipatzekoa da Iñigo Urkullu Lehendakariak berrikitan iragarri duela Zibersegurtasun zentro bat abiaraziko dela Euskadin, SPRI Taldeari atxikia, batik bat euskal enpresen zerbitzura, eta harremanak izango dituena nazioarteko zentroekin.

 

 

Testuinguru horretan kokatu behar dira Arriolak eta SPRI Taldeko Nazioartekotzeko zuzendari Miren Madinabeitiak Indian izan dituzten bilerak. Bidaia honetan, gainera, beren babesa erakutsi diete han kokatutako euskal enpresei eta Gipuzkoako AMPO enpresaren lantegi berriaren inaugurazioan parte hartu dute.  Euskal ordezkaritzak Mumbai, Bangalore eta Chenai bisitatu ditu.

 

CDAC Indiako gobernuko erakunde bat da eta bere helburua da administrazio publikoa digitalizatzea eta zibersegurtasunaz arduratzea. Indiarako lan egiteaz gain, aholkuak eman dizkiete beste herrialde batzuei ere. Berrikitan sortu dute Zibersegurtasun Unitatea, herrialdeko azpiegitura kritiko guztiak babesteko erasoen aurka. Hain zuzen ere puntu horretan izango dute posible bi zibersegurtasun zentroek trukadak egitea, nazioarteko networkinga egitea, informazioa eta esperientziak partekatzea, eta abar.

 

Bisita Zibersegurtasuneko WIPRO enpresara

 

 

 

 

SPRI Taldeko zuzendari nagusi Alex Arriolak Zibersegutasuneko WIPRO enpresa bisitatu zuen. WIPRO Indiako multinazional bat da, IKT (Informazio eta Komunikazio Teknologien) arloko konponbideak eskaintzen dituena mundu mailan. Zibersegurtasuna da bere lan-esparruetako bat, baina beste arlo batzuetako konponbideak ere eskaintzen ditu, hala nola: Smart Cities, Cloud Computing, Data Analytics, eta abar.

 

WIPRO enpresako arduradunek lehen eskutik ezagutu dute Eusko Jaurlaritzaren asmoa zibersegurtasun zentro bat sortzeko, herrialdeko azpiegitura kritikoak babestu eta enpresek eskatzen dituzten zibersegurtasun zerbitzuak koordinatzeko. Azpimarratu da zeinen garrantzitsua den Euskadirentzat harremanetan egotea WYPRO bezalako enpresekin, eta multinazionalak euskal zibersegurtasun zentroaren diseinua laudatu du.

 

Indiarako enpresa-bidaiaren balantzea

 

Nolanahi ere, Indiarako bidaia batez ere enpresa arloko bidaia bat izan da, Ekonomi Garapen eta Azpiegitura Sailak eta SPRI Taldeak atzerrian kokatutako enpresei ematen dien babesari jarraiki.

 

 

 

Hala, Alex Arriola eta Miren Madinabeitia kontaktuan jarri dira SPRIren Indiako bulegoko arduradun Hemant Argawal-ekin, datozen urteetako estrategia aztertzeko, eta bilerak egin dituzte FAGOR AUTOMATION, KORTA, ZIV eta ARTECHE enpresetako delegatuekin, lehen eskutik ezagutzeko nolako aurreikuspenak dituzten enpresek Indiako industriaren etorkizunaz, bakoitza bere sektoreko ezaugarrietatik abiatuta. Euskal enpresak bat datoz esatean Indiako merkatua merkatu zaila dela, baina aukera asko eskaintzen dituena.

 

Era berean, euskal ordezkaritzak Siemens-Gamesa eta HINE enpresen instalazioak bisitatu ditu eta AMPO enpresaren lantegi berriaren inaugurazioan parte hartu du, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin batera.

 

Alderdi instituzionalari dagokionez, bilerak egin dituzte Industriako Idazkari Nagusiarekin eta Indiako Merkataritza Ganberarekin (Indian Merchant Chamber). Erakunde horretara biltzen dira India osoko 6.000tik gora kide, ekoizleak eta banatzaileak barne, eta helburutzat du laguntza ematea bere kideei Gobernuarekiko eta Indiako nahiz atzerriko enpresekiko harremanetan.

 

Bukatzeko, Bangaloreko bio-berrikuntzako zentroa –esparru bioteknologikoko startup haztegia– bisitatu dute. Indiako erreferentziazko zentro bat da eta balorazio onena daukana biozientzien esparruan.  Aipatzekoa da bisita horren garrantzia, bioteknologia delako RIS3 Espezialiazio Adimenduneko euskal estrategiaren lehentasunetako bat.

 

 

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke