Euskadi helmuga erakargarri gisa aurkeztu da industria-inbertsioak erakartzeko

2017ko Apirila 25,

HANNOVER feria 2 jornada
Arantxa Tapia sailburua, Hannover Messen.Minister Arantxa Tapia, in Hannover Messe.

Eusko Jaurlaritzak jardunaldi monografiko bat egin du Alemaniako 30 industria-enpresarekin. Arrakasta ezagutu duten enpresak dira, eta Mercedes-Benz da adibide bat.

SPRIren Invest Unitateak 2014-2016 aldian 227 M inbertsio erakartzea lortu zuen, batik bat Alemaniako, AEBetako eta Erresuma Batuko 44 proiekturekin. Hazten doaz Euskadiren eta Alemaniaren arteko harreman komertzialak, eta Bavierarekin bereziki zaintzen ditu Eusko Jaurlaritzak bere harreman instituzionalak.

 

Eusko Jaurlaritza Europako azoka industrial handienaren –Hannover Messe–testuinguruaz baliatu da Euskadi industria-inbertsioetarako helmuga erakargarri gisa aurkezteko. Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegituretako Sailak eta SPRIko Invest in the Basque Country Unitateak aldez aurretik taxututako agenda bat eraman dute Hannoverrera. Helburua da nazioarteko industria-inbertsoreei Euskadin industria bultzatzeko ekintzak aurrera eramateak dakartzan abantailak ezagutzera ematea.

 

Jardunaldi esklusiboa Alemaniako hogeita hamar bat enpresarentzat

Gaur eguerdian jardunaldi espezifiko bat egin da, Alemaniako hogeita hamar bat industria-enpresari zuzendua, inbertsioak erakartzeko. Banco Santander-ekin lankidetzan, Eusko Jaurlaritzak jardunaldi bat egin du. Ekonomiaren Garapen eta Azpiegituretako sailburu Arantxa Tapiak, jardunaldiaren buru, inbertitzeak merezi duen leku gisa aurkeztu du Euskadi, besteren artean, bere kokapen geografikoagatik eta bere kultura industrialagatik, kontuan izanik gainera I+G+B politiketarako ekosistema onuragarriaz hornituta dagoela.

 

Aldez aurretik hautatutako enpresa batzuei zuzendutakoa izan da jardunaldia, hainbat sektoretan espezializatutakoei: automobilgintza; elektronika eta automobilgintza; gai kimikoak; metalurgia eta makineria; eta industria-segurtasuna, besteak beste.

 

Mercedes-Benz: arrakastaren kasu bat, baina ez bakarra

Jardunaldian Mercedes enpresaren kasua aztertu dute, duela 60 bat urte Gasteizen arrakastaz ezarritako Alemaniako enpresarena, alegia. Mercedes-Benz España-ko zuzendari Emilio Titos-ek Mercedesek Euskadin izandako historiari buruzko ponentzia bat azaldu du, eta VITO furgoneta-eredua nabarmendu du: izenak bere ekoizpena kontzentratzen den Arabako hiriburuari egiten dio aipamen.

 

Mercedesen eta Eusko Jaurlaritzaren arteko lankidetzazko ekintzak balioetsi ditu Titosek, horien artean nabarmentzekoak Lanbide Heziketa Dualeko programak eta Mercedesen partaidetza BIND 4.0 startup azeleragailuan.

 

Bestalde, Polmetasa (PMG), Schaeffler eta Simens enpresak, Alemaniak Euskadin egindako inbertsioen adibide gisa aurkeztu dituzte. PMG Polmetasako CEO Ulrich Mehlmann-ek, Schaefflerreko CEO Valentín Guisasolak eta Siemens España-ko Power&Gas ataleko zuzendari finantzario Thays Zapaterok Euskadin ezarri izanaren arrazoi hauek aipatu dituzte: I+G+B sistemaren kalitatea, hornitzaile-sareen erabilgarritasuna eta politika industrialarekiko sentikorrak diren instituzioen hurbiltasuna.

 

Beste herrialde batzuen inbertsioen bila Hannover Messe azokan

Gainera, azokaren aurreneko egunetan, SPRIko Invest in the BC Unitateko arduradunak bilerak egiten ari dira India, Turkia, Alemania eta Japoniako eragileen ordezkariekin. Bilera horien helburua da bi aldeen interesak bat etorri edo bateragarriak izango ote liratekeen aztertzea, betiere irizkide hauek kontuan hartuta: inbertsioak erakartzea, euskal industria indartzea eta gure lurraldean enplegua sortzeko aurreikuspena.

 

2014 eta 2016 bitartean Spri-k erakarritako inbertsioak

“Invest in the Basque Country” estrategiaren ekintza sendotu zenetik, 226,5 milioi euroko guztizko inbertsioa erakartzea lortu du Spri-ko Unitate espezializatuak. Atzerriko 44 proiektu dira, 921 lanpostu sorrarazi eta beste 2.337 iraunarazi dituztenak. 2016an erakarritako inbertsioen jatorria, Alemania, Estatu Batuak eta Erresuma Batua izan dira, batik bat.

 

 Euskadi-Alemania harreman komertziala: irmoa eta eskakizun handikoa

Euskadiren eta Alemaniaren arteko harremanak bereziki kontuan hartzekoak dira. Izan ere, bi industriak erakusten ari dira gero eta interes handiagoa elkarrekiko. Euskal enpresek esportatzen duten bigarren helmuga da Alemania, Frantziaren atzetik eta Estatu Batuen aurretik, eta Euskadiren inportazioen aurreneko sorburuko herrialdea da gainera. Azken urteotan, esportazioaren eta inportazioaren joerak beheranzko joera erakutsi du.

 

Gaur egun, 104 euskal enpresa daude Alemanian ezarrita: 62 enpresa komertzial, 17 ekoizpen-enpresa eta 25 zerbitzu-enpresa. Herrialde horretan ezarritako ekoizpen-enpresen artean nabarmentzekoak dira, besteak beste, CIE Automotive, Gestamp Automoción, Danobat Group eta Velatia/Ormazabal. Aitzitik, Alemaniako 66 bat enpresa daude Euskadin ezarrita, zuzenean edo euskal firmekin eratutako joint-ventures bitartez.

 

Bulegoa Munichen eta harreman estua Bavierarekin.

2015eko uztailaz geroztik, Euskadik bulego komertzial bat du Munichen (Spri-ren kanpoko Sarea), eta bertatik nabarmen egiten dute lan, gero eta gehiago gainera, merkatu horretan interesak dituzten euskal enpresekin. Bihar, Bavierako Gobernuko Ekonomia, Baliabideak, Energia eta Teknologiako ministro Ilse Aigner-ekin elkartuko da Arantxa Tapia sailburua.

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke