Basque Industry 4.0 estrategia Hannover Messe azokan

2017ko Apirila 27,

fiera Hannover Messe
Arantza Tapia saiburua, eskumaldean, eta, bere ondoan, Javier Zarraonandia eta Estibaliz Hernaez sailburuordeak eta Alexander Arriola SPRI Taldeko zuzendiaria, inaugurazioan.

Eusko Jaurlaritzak industria arloko munduko azoka garrantzitsuenean aurkeztu du bere ekimena

 

Eusko Jaurlaritzak bultzatutako Basque Industry 4.0 estrategia joan den apirilean aurkeztu zen Hannover Messe azokan, industria arloko munduko azoka garrantzitsuenean. Euskadik stand propioa izan zuen, non joera teknologiko berriak erakutsi baitzituen euskarri desberdinen bitartez (pantailak, errealitate birtuala, errealitate handitua…). Gainera, 15 hitzaldi espezifiko eman ziren euskal agenteek diseinatutako 4.0 ekimenei buruz.

40tik gora erakunde, enpresa, teknologi zentro, unibertsitate eta agentek beren 4.0 edukiak erakutsi zituzten azokako stand-ean. Bestalde, 26 euskal enpresa joan ziren azokara, eta han gune berezi bat izan zuten beren nobedadeak aurkezteko, aliatuak bilatzeko eta bezeroak atzemateko.

Ekitaldian buru izan zen Arantxa Tapia, Eusko Jaurlaritzako Ekonomi Garapen eta Azpiegitura sailburua, eta bertan esan zuen Euskadi “tamainaz txikia izan arren, erronka handiak gustatzen zaizkiola”. “Badakigu gure tamainak mugatu egiten gaituela, eta horregatik talde-lanaren aldeko apustua egin dugu” adierazi zuen, basqueindustry 4.0 estrategiaren kudeaketa eredu publiko-pribatua aipatuz.

Sailburuak Alemaniako gobernu federaleko 4.0 estrategiaren ordezkarien aurrean azaldu zuen aipagarria dela nola Euskadin diagnostikoa, tresnak eta konponbideak partekatu diren erakunde publiko eta eragile pribatuen artean, horrela, elkarrekin aurrera egiteko eszenatoki berrirantz, zeinetan industria ez baita bakarrik oinarrituko produktuen fabrikazioan.

“Identifikatuta dauzkagu iraultza industrial horretan lider izateko gaitasun handiena duten agenteak.  Administrazioa eta SPRI saiatzen gara agente horiek bultzatzen eta motibatzen, gure industrian txerta dezaten diseinatzeko, produzitzeko eta zerbitzua emateko modu berri hori. Gure eginbeharra da ETEei iraultzarekin bat egiten laguntzea, inor atzean gera ez dadin” adierazi zuen.

Sailburuak hainbat bilera egin zituen Alemanian 4.0 industriaren erreferente diren erakundeekin, eta baita ere Ilse Aignerrekin, hau da, Bavariako ekonomia eta teknologia ministroarekin.

Azken urteotan, Espezializazio Adimenduneko Estrategia prestatzeko prozesuaren baitan, Eusko Jaurlaritzak eremu estrategikotzat jo du Fabrikazio Aurreratua, eta horretarako garatu du Basque Industry 4.0 estrategia espezifikoa. Estrategia horren esparruan, apustu sendoa egin da alderdi hauen alde: adimena sartzea  bitarteko eta produkzio sistemetan; gaitasun eta teknologia gorakorrak aprobetxatzea produktu eta prozesu berrietan; material aurreratuak txertatzea balio erantsi handiagoko konponbideetan edo prozesu hobetuetan; erabiltzen diren baliabideen eraginkortasuna eta sostengarritasuna zaintzea, eta balio erantsi handiko zerbitzuak integratzea.

Aprobetxatuz Hannover Messe azokan zeudela, Eusko Jaurlaritzak eta SPRI Taldeak jardunaldi bat egin zuten Alemaniako enpresentzat, azaltzeko zein erakargarria den Euskadi inbertsioetarako. Ekitaldi horretan parte hartu zuen Euskadin gehien inbertitu duen enpresa alemanak, hain zuzen Mercedesek, Emilio Titosen eskutik (Mercedes-Benz España saileko zuzendaria bera). Jarraian, mahai-inguru bat egin zen hainbat gairi buruz aritzeko eta inbertitzaile alemanek Euskadin izandako esperientziak partekatzeko, ondoko hauek parte hartu zutelarik: Ulrich Mehlmann (PMG Holding ­ Polmetasa), Valentín Guisasola (Grupo Shaeffler) eta Thays Zapatero (Siemens).

 

Euskal enpresak

Hannover Messe erreferentziazko azoka da euskal enpresentzat, urtez urte joaten baitira hitzordu horretara, batzuk stand propioarekin eta beste batzuk beren klusterretan elkartuta. Aurtengo edizioan 26 euskal enpresak parte hartu dute: Betico Compressors, Xubi Engranajes, Jaure, Goizper, Grindel, NBI Bearings Europe, Iraundi, Stern Hidráulica, Desarrollos de Proyectos Hidráulicos, Niasa Neff y Asociados, Merytronic 2012, Pronutec, Fanox Electronics, Uriarte Safybox, Electrotécnica Arteche, Bilboko Merkataritza Ganbara, Lesol, Gurelan, Fundigex, Fundiciones Aizpurua, Lazpiur, Laminados Losal, Forging Products Trading, Fastenex, Egondo.

 

Hannover Messe

Hannover Messe industria arloko munduko azoka liderra da. Duela 60 urtetik ospatzen da, eta puntako teknologia, material eta ideientzako merkatu garrantzitsuena da. Erakusketak zortzi azoka garrantzitsu biltzen ditu toki bakar batean, posible eginez industria eta aplikazio esparru desberdinen arteko elkarreragina eta integrazioa. Hona hemen Hannover Messe azokaren eskaintza: prozesu industrialen automatizazioa, eraikinen produkzioa eta automatizazioa, energia teknologien gama zabala, software industriala eta zerbitzuetarako softwarea. Hannover Messe sektorearen Europako erakusleiho handiena da. Hannover Messe azokak 6.500 erakusle izan ditu aurten.

 

Enpresentzako 4.0 eskaintzaren plataforma

Bestalde, www.basqueindustry.eus plataforma sortu da www.spri.eus web orriaren barruan. Plataforma horretan, estrategia ezagutzera emateaz gain, ikusgai jarri da 4.0 azpiegitura eta aktiboen lehen katalogoa, zeinetan duela hilabete batzuetatik lanean ari baitira estrategiaren lehen faseko ardura duten agenteak (Zientzia eta Teknologiaren Euskal Sareko agenteak eta klusterrak).

www.basqueindustry.eus espazio birtual komun bat da, non izen bereko estrategiaren potentzialaren eta benetako erabilgarritasunaren argazki orokor bat erakutsiko baita. Gainera, lotune izango da halako teknologiak eskaintzen dituzten guztientzat, 4.0 eskaintza teknologikoaren erakusleiho izango da, eta euskal industriak tresna gisa erabili ahal izango du, bere bitartez aurkitzeko 4.0 proiektua sendotzeko ingurune egokia eta langile kualifikatuak.

 

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke