Basque Consortium-ek administrazio integraturako oinarriak aurkeztu ditu MUNDURA BEGIRA Biltzarrean

2017ko Ekaina 14,

Basque Consortium ponentes-1

Eusko Jaurlaritzak, Foru Aldundiek eta hiru merkataritza ganberek MUNDURA BEGIRA Biltzarraren II. edizioan aurkeztu dute elkarrekin bultzatutako ekimen hau, gaur bertan Donostiako Kursaaleko Biltzar Jauregian; egitasmo horrek finkatzen ditu administrazio integraturako oinarriak. Arantxa Tapia Ekonomia Garapen eta Azpiegituretako sailburua, Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusia eta Pedro Esnaola Gipuzkoako Bazkundeko presidentea izan dira erakundeen ordezkari gorenak nazioarteko merkataritzaren azken berrikuntzen berri jakitera hurbiltzen diren euskal enpresen urteko topaketa honetan. 500 enpresa baino gehiago bertaratu dira Biltzarrera, aurten ere gai mamitsuak jorratu baitira: ETE-en nazioartekotzean eragina izan dezaketen aldaketa eta joera globalak; industria-zibersegurtasuna eta nazioartekotzeari arrakastaz ekiteko gaitasun profesionalak. SPRI Taldeko Nazioarteko Sareko teknikariek eta aholkulariek 340 bilera pribatu izan dituzte bost kontinenteetako merkatuetan bidea egiteko interesa duten enpresetako ordezkariekin

 

Basque Consortium plataformak Eusko Jaurlaritza, Foru Aldundiak eta hiru Merkataritza Ganberak biltzen ditu nazioartekotzearen esparruan. Egitasmoak duela urtebete ekin zion ibiliari eta gaur beste urrats bat eman du euskal enpresen alde, Administrazio Integratua sortzeko oinarriak finkatu baititu. Gaur aurkeztu dute urrats hori, Kursaalen egiten ari den Mundura Begira Biltzarraren II. edizioan. Bertan izan dira, erakundeen aldetik, Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen eta Azpiegituretako sailburua, Markel Olano Gipuzkoako Ahaldun nagusia eta Pedro Esnaola Gipuzkoako Bazkundeko presidentea.

 

Zazpi erakundeek indarrak biltzen jarraitzen dute, baliabideak optimizatzeko eta izapideak arintzeko, eta, modu horretara, euskal enpresa txiki eta ertainen nazioartekotzea errazteko.

 

MUNDURA BEGIRA Biltzarraren II. edizio honetan, gai hauek jorratu eta eztabaidatu dira: enpresa txiki eta ertainen nazioartekotzean eragina duten aldaketak eta joera globalak; atzerriko merkatuetarako jauzi horri lasaitasunez aurre egiteko behar den industria-zibersegurtasuna; eta. azkenik, enpresetan nazioartekotzeko ekimenak gidatzen dituzten langileek izan beharreko gaitasun eta ahalmen profesionalak.

 

Gainera, Donostiako Biltzarrean, enpresetako ordezkariek 340 bilera pribatu egin ahal izan dituzte SPRI Taldeko Nazioarteko Sareko teknikariekin eta aholkulariekin, esparru horretako egiazko adituekin; izan ere, SPRIk 83 herrialdetan du ordezkaritza eta 17 bulego propio ere baditu horietako batzuetan.

 

Guztira, enpresa, unibertsitate eta erakundeetako 550 ordezkari bildu dira gaur MUNDURA BEGIRA Biltzarrean. Aurrez aipatutakoez gain, bertan izan dira Pilar García de Salazar, Arabako Ekonomia Sustapeneko diputatua, Asier Alea, Bizkaiko Ekonomia Sustapeneko zuzendaria eta Araba eta Bizkaiako Merkataritza Ganberetako presidenteak, Gregorio Rojo eta José Ángel Corres, hurrenez hurren.

 

Topaketaren irekierako hitzaldian, Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen eta Azpiegituretako sailburuak euskal erakundeek BASQUE CONSORTIUM proiektuarekiko agertutako konpromiso bateratua azpimarratu du, eta Administrazio Integratua lortzeko bidean “urratsak ematen jarraitzeko guztien borondatea” berretsi du: “Administrazio Integratu horretan lortu behar dugu tresna eta baliabide publikoak eraginkorragoak izatea, eta enpresei bidea erraztea, bai diru-laguntzen eskabideak kudeatzeko bai nazioartekotze arloko programa publikoetan parte hartzeko”.

 

“Gero eta tresna zehatzagoak eta espezifikoagoak diseinatzen ditugu”, azpimarratu du Arantxa Tapiak, “esportazioari begira, merkataritza eta produkzio arloan han eta hemen ezartzeari begira edo enpresek edo klusterrek nazioartekotze arloan partekatzen dituzten ekimenei begira lehendik dauden diru-laguntza programak osatzeko eta aberasteko.  Ekimen espezifikoak ditugu, merkatu eta enpresa mota bakoitzari begira propio prestatuak”.

 

Basque Consortium, Administrazio integratua

Aurreko urtean, MUNDURA BEGIRA Biltzarraren lehen edizioan, nazioartekotze arloko laguntzen lehen katalogo bateratua eskaini zitzaien enpresei, eta aurten, administrazio integratua ezartzeko lehen urratsak eman dira. Industria sailburuordeak, Javier Zarraonandiak, azaldu du zer helbururekin jarri duten martxan ekimena eta zer emaitza espero dituzten. Zarraonandiak jakinarazi duenez, lehen urte honetan helburua da administrazioen arteko koordinazioa hobetzea, eta horretarako, hainbat neurri iragarri ditu: “eskabide-eredu bateratu bat zehaztuko da, deialdiak zabaltzeko epe bera finkatuko da, eskabideak aurkezteko lekuak sinplifikatuko dira, eta enpresei eskatzen zaizkien datuak trukatzeko protokolo bat ezarriko da izapideak errazteko”. Hori guztia aurrekontu-baliabideak optimizatuz.

 

Adierazitakoaren haritik, Administrazio Integratu horrekin helburua da “enpresek eskabide bakar bat aurkeztea, eta horrek, bistan denez, administrazioko izapideak murriztea eta baliabideak optimizatzea ekarriko du”.

 

Eta epe ertain eta luzera, hauek dira ekimenaren helburuak: nazioartekotzeko laguntza publikoen eredu partekatu bat izatea, antolaketaren aldetik administrazioko izapideak ahalik eta gehien sinplifikatzeko, teknologiaren aldetik leihatila birtualeko zerbitzu bat martxan jartzeko, eta juridikoki, leihatila bakarreko eredu baten formula onartzeko.

 

Merkatuko joerak eta zibersegurtasuna

Nazioartekotze-politiken administrazio integratuko egitasmo hori aurkezteaz gain, MUNDURA BEGIRA Biltzarraren bigarren edizioak gaurkotasun ekonomikoa izan du ardatz, eta, besteak beste, azken aldiko gertakari historikoak jorratu ditu: Erresuma Batua Europar Batasunetik atera izana, edo komunikazioaren teknologia berriek industria-prozesuetan duten eragin gero eta handiagoa. Testuinguru horretan, topaketan hiru gai nagusi aztertu dira, hiru gai erabakigarri gaur egun kanpoko merkatuetan bidea egiteko asmoa duten enpresa guztientzat.

 

Hizlari nagusia Lars Thomsen ‘etorkizun-iragarlea’ izan da, egoitza Suitzan duen Future Matters ‘think tank’-aren zuzendari eragilea. Energiaren, mugikortasunaren eta sare adimendunen arloan munduko joerak aztertzea da enpresa horren zeregin nagusia. Thomsenek “The next 520 weeks. Megatrends and Tipping Points until 2027” hitzaldiarekin zabaldu du biltzarreko egitarau zabala, eta datozen 10 urteetan izango diren joera globalak eta aldaketa esanguratsuak iragarri ditu.

 

Thomsen aholkulari lanetan aritu izan da negozio-estrategiak eta -ereduak garatzen. Hala, Alemaniako 800 enpresak eta korporaziok baino gehiagok baliatu izan dituzte eredu eta estrategia horiek, baita Alemaniako Gobernuarekin lotura duten hainbat erakundek eta agentziak ere. Donostian, gai hauek izan ditu hizpide: joera ekonomiko, politiko eta sozialak aldarazten dituzten inflexio-puntuak nola identifikatu; datozen 10 urteetan marketingaren esparruan eragingo duten aldaketak; bezeroaren esperientzia; edo bitarteko sozialen erabilera kontsumoan eragiteko.

 

Hitzaldiaren ondoren, mahainguru batean aritu da Thomsen, eta harekin batera, goi-mailako beste bi hizlari izan dira: Carsten Beck, Copenhagen Institute for Future Studies zentroko aholkularia eta zuzendaria, eta Ignacio García Bercero, Europako Batzordeko Merkataritza Zuzendaritza Nagusiaren zuzendaria eta, besteak beste, AEBekin sinatutako merkataritza libreko itunean negoziazioaren buru izandakoa. Hizlariok elkarrekin aritu dira eztabaidan, BBVA Research lantaldeko Joseba Barandiaran ekonomialariak moderatu duen mahainguruan.

 

Zibersegurtasuna

Industria-zibersegurtasunari buruzko blokean, bertaratuek aukera izan dute informazioa eskuratzerakoan zer mehatxu dauden, horiei aurre egiteko zer neurri har daitezkeen eta informazioaren nahigabeko sarbidea nola kontrolatu jakiteko. Goi-mailako adituak izan dira bloke honetan ere, beren ikuspegia eta aholkuak ematen: Koldo Valle, Elecnor konpainiako segurtasun eta eragiketen arloko arduraduna; Álvaro Fraile, ITS Security enpresako kontseilari ordezkaria, eta David Barroso, CounterCraft enpresako kontseilari ordezkaria, azken hau moderatzaile lanetan.

 

Azkenik, gaitasun profesionalei buruzko blokean, Chris Brewster Readingo (Erresuma Batua) Unibertsitateko giza baliabideen kudeaketako irakasleak azaldu du enpresek nola kudeatu beharko luketen langileen mugikortasuna nazioartekotze-prozesuari arrakastaz aurre egiteko. Brewsterren hitzaldiaren ondoren, mahainguru bat izan da gai berari buruz, eta han aritu dira solasean Amaia Arizkuren, Deustuko Unibertsitateko pertsonen kudeaketa arloko irakaslea, Ángela de los Heros, Antal International erakundeko Euskadiko managerra, Marisol Busto, Gestamp enpresako txasisen negozio-unitateko giza baliabideen zuzendaria eta Ciara O’ Higgins, Tecnaliako nazioarteko aholkularia.

 

SPRI Taldeko Kanpo Sarea bertaratuei laguntzeko prest

Hitzaldien eta mahainguruen egitarauarekin batera, MUNDURA BEGIRA Biltzarrean enpresentzako aholkularitza zuzeneko gune bat izan da bigarren edizio honetan ere. Lan-eremu hori Kursaaleko jantokien aretoan egokitu da, eta bertan, enpresariek aukera izan dute SPRI Taldeko Kanpo Sareko ordezkariekin eta teknikariekin aurrez aurre hitz egiteko (gaur egun 83 herrialdetan du presentzia sare horrek, eta 16tan bulego propioak ditu).

 

Euskal enpresetako 350 ordezkari inguruk bilerak izan dituzte SPRI Taldeko nazioartekotze arloko adituekin. Gaur Mundura Begira Biltzarrean izan diren topaketa hauez gain, SPRIk beste bi jardunaldi antolatu ditu, Donostiara bertaratu ezin izan dutenek kontsulta pertsonalizatuak egiteko aukera izan dezaten: ekainaren 15ean Bilbon (Yimbi eraikina, Ercilla kalea, 25), eta, ekainaren 16an, Miñaoko Teknologia Parkean (Araba).

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke