Argentinako ordezkaritza instituzional bat Euskadira etorri da eraldaketa industriala ezagutzera

2017ko Maiatza 22,

Argentina secretario de Industria 3
Argentinako Industria idazkaria Martin Etchegoyen,

Misio hau, SPRI Taldeak antolatua eta bi estatu idazkari buru dituena, ostiralera arte luzatuko da, eta Argentinako ordezkariek bilera instituzionalak egingo dituzte Jaurlaritzarekin eta SPRIrekin. Gainera, Euskadiko enpresa eta teknologi zentro garrantzitsuenak bisitatuko dituzte.

Argentinako ordezkariek bertatik bertara ezagutu nahi dute Euskadik 80ko hamarkadaren amaieran eta 90ekoaren hasieran jasan zuen eraldaketa industriala, eredu baten bila baitabiltza hango industrian aplikatzeko.

 

Argentinako ordezkaritza instituzional bat, Argentinako gobernuko bi zuzendari buru dituena, Euskadira etorri da aste honetan gure herriaren eraldaketa industriala ezagutzera. SPRI Taldeak, Ekonomi Garapen eta Azpiegitura Sailaren menpeko enpresen garapenerako euskal agentziak, antolatu du bisita eta agenda bete-betea prestatu du: bilera instituzionalak Jaurlaritzarekin eta SPRIrekin, eta bisitak Euskadiko enpresa eta teknologi zentro garrantzitsuenetara.

 

Joan den martxoan, Eusko Jaurlaritzako Ordezkaritzak bilera bat egin zuen Buenos Airesen Argentinako Industria idazkari den Martín Etchegoyenekin, Mauricio Macri presidentearen kabineteko pertsona garrantzitsuenetako batekin, eta bilera haren emaitza da bisita hau. Harako hartan proposatu zen Euskadira bisita bat egitea, eta maiatzeko aste honetan gauzatu da proposamen hura.

 

Industriako Estatu idazkariarekin batera, Euskadira etorri dira orobat Diego Pérez Santisteban, Ministerioaren aholkularia Inbertsioak Erakartzeko Agentzian, Javier Ibáñez, INTI – Instituto Nacional de Tecnología Industrial erakundeko presidentea, zeina Euskadin izan baitzen joan den urtarrilean, eta ADIMRA (Asociación de Industriales Metalúrgicos) eta CAME (Confederación Argentina de Mediana Empresa) erakundeetako agintariak.

 

Argentinako ordezkariek bertatik bertara ezagutu nahi dute Euskadik 80ko hamarkadaren amaieran eta 90ekoaren hasieran jasan zuen eraldaketa industriala, eredu baten bila baitabiltza hango industrian aplikatzeko. Argentinako ordezkariei azalduko zaie hemen garatu dugun eraldaketa prozesua, zeinari esker euskal enpresak gaur egun lider baitira hainbat sektoretan.

 

Argentinako ordezkaritza Navacel Taldeak Bilbon duen fabrikara joango da astelehen honetan, eta bilera bat izango du Fundigex/Siderex klusterrarekin. Hurrengo egunetan ere bilerak izango dituzte, besteak beste, Tecnalia eta AIC teknologi zentroekin eta elikadura arloko Azti ikerketa erakundearekin. Asteazkenean bilera bat egingo dute SPRI Taldearekin, enpresa agentziak Bilbon duen egoitzan, eta harrera egingo diete Arantxa Tapiak, Ekonomi Garapen eta Azpiegitura sailburuak, eta Alex Arriolak, SPRI Taldeko zuzendari nagusiak. Ostegunean bilera gehiago egingo dituzte TKnika, IK4 eta Tekniker zentroekin eta AFM makina-erreminta elkartearekin. Misioa ostiralean amaituko da Gasteizen, Lehendakaritzan egingo den topaketarekin, eta bertan izango da Marian Elorza, Kanpo Ekintzako idazkari nagusia. Ondoren, Sidenor (Basauri) eta Astilleros Murueta (Erandio) enpresak bisitatuko dituzte.

 

Corralito­­ak joan den hamarkadan eragindako krisiaren ondoren, Argentina suspertze-lanetan ari da une honetan. KPIa %2,4 hazi zen 2015ean, eta langabezia %9,3an kokatu zen, nahiz eta inflazioa oso altu dagoen oraindik, %28 inguruan. Euskaditik Argentinarako esportazioak 14.500 milioi euro ingurukoak dira, eta Argentinatik Euskadirako inportazioak 2.600 milioitik gorakoak. Argentinako produkzio-egituraren potentzial handiena dibertsifikazioa da, eta sektore hauek nabarmentzen dira: nekazaritza eta elikadura, automozioa (Hego Amerikako bigarren ibilgailu fabrikatzailea da, Brasilen atzetik), bio-teknologia, EIKTak, meatzaritza eta oinarrizko industriak (adibidez petrokimika, zementua, papergintza, petrolio birfindegiak eta siderurgia).

 

 

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke