“Afrika eta Ekialde Ertaina dira Euskadiren erronkak”

2017ko Ekaina 06,

miren madinabeitia
(Español) Miren Madinabeitia, directora de Internacionalización del Grupo SPRI

SPRIko Nazioartekotze zuzendari Miren Madinabeitiak errepaso bat eman dio Mundura Begira jardunaldiaren bigarren edizioari

 

Askotan esan arren, sekula ez da nahikoa izango. Euskal enpresen nazioartekotzea ez da bakarrik jarrera oso gomendagarri bat, baina baita ere aspalditik hona derrigor bete beharreko helmuga bat lehiatzen eta bizirauten jarraitzeko guztiz globalizatutako mundu honetan. Testuinguru horretan, SPRIko Nazioartekotze zuzendari Miren Madinabeitiak errepaso bat eman zion Mundura Begira jardunaldiaren bigarren edizioari Made in Basque Country (Radio Euskadi) irratsaioan. Ekitaldia datorren ekainaren 14an egingo da KURSAALen eta  bertara bilduko da euskal enpresei nazioartekotzen laguntzeko SPRIren babes- eta laguntza-sare osoa. Nazioartekotzearen Euskal Partzuergoak (NEP) antolatzen du Mundura Begira ekitaldia, eta bere helburua da bertatik bertara aurkeztea esparru horretako joerak edo aukera gehien eta onenak eskaintzen dituzten merkatuak edota eszenatoki berrietara sartzean egon daitezkeen arriskuak. Funtsean, gogoetarako plataforma bat da, jakiteko nola eboluzionatuko duen munduak eta ezagutzeko nola has gaitezkeen garatzen eta sendotzen atzerrira irteteko prozesuak.

 

Beste urrats bat gure enpresak nazioartekotzeko bidean. Badirudi inoiz ez dela nahikoa…

Euskal enpresek egunero egin beharreko lana da, eta gu ere etengabe ari gara lanean eurekin batera.

 

 

Ekainaren 14an Kursaalen. Zer aurkituko dute enpresek?

Bigarren edizio honetan lehen mailako hizlari bat izango dugu, Laars Thomsen, zeinak hizpide hartuko baititu une honetako makro-joerak, batik bat energiaren edo sare adimendunen sektoreetakoak, hau da, etorkizuneko garapentzat hartzen ditugunak. Bigarren bloke bat izango dugu ziber-segurtasunari buruz, puri-purian dagoen gaia baita. Hirugarren blokean, berriz, giza baliabideekin eta pertsonen gaikuntzarekin zerikusia duten gaiak landuko dira. Funtsean, nazioartekotze-proiektu bat martxan jartzeko behar den guztia.

 

Uste duzue enpresei benetan merezi diela horrelako jardunaldietan parte hartzeak?

Uste dut Mundura Begira oso jardunaldi interesgarria dela, enpresak aukera daukalako jakiteko zer ari den gertatzen globalki merkatuetan, kontsumo joeretan eta ondoen garatzen ari diren sektoreetan. Era berean, enpresek aukera dute kontsultak egiteko edo nazioartekotze-proiektu berriak martxan jartzeko SPRIren sarearen bitartez, zeina presente egongo batia jardunaldian.

 

Iaz ia 300 enpresa elkartu ziren Mundura Begira ekitaldian… Zein kopuru espero duzue aurtengo ediziorako?

Gure erronka beti da aurreko urteko zenbakiak gainditzea, horregatik, 300dik gora euskal enpresa erakarri nahi ditugu.

 

Aurreko urteko edizioan lehentasunezko herrialdetzat jarri ziren Alemania, Txina, Estatu Batuak eta Mexiko. Zeintzuk izango dira aurten, eta zergatik?

Gure bazkide nagusiak Europako herrialdeak dira, batik bat Frantzia eta Alemania, eta baita ere Britainia Handia eta Estatu Batuak. Baina badira beste herrialde batzuk ere lehentasunezkotzat jotzen ditugunak, esaterako Txina eta Mexiko, gure enpresen inbertsio gehien erakartzen duten herrialdeak direlako. Halere, argi dago badaudela ahaztu ezin diren merkatu batzuk, adibidez, Ekialde Ertaina, Iran edo Latinoamerika. Azken hori beti da jomuga garrantzitsua Euskadirentzat, eta horren erakusgarri, Lehendakaria Kolonbian da une honetan… Egia da lehentasunen ranking bat egiten dugula, baina uste dugu bidea ireki behar dela negozio aukeraren bat eskain dezaketen herrialde guztietako merkatuetara iristeko.

 

 

Hainbeste aldatzen ari den mundu honetan –Brexita bero-bero dago oraindik mahai gainean, Donald Trumpek egunero du zerbait esateko merkataritza arloan, Iran herrialde debekatua zen duela bi egun eta gaur aldiz ez…- jakin edo asmatu egin behar da non dauden aukera onak…

Egia da garai nahasiak bizi ditugula nazioartean, baina enpresa-proiektuak epe luzera planifikatu behar dira. Egia da, halaber, ziurgabetasun-maila jakin bat jasan behar dela eta ahalegina egin behar dela horrelako politikek gure enpresa proiektuak geldiaraz ez ditzaten.

 

Baina enpresa guztiek ez daukate behar adinako indarrik presio horri eusteko…

Baliteke hori gertatu izana Brasil edo Argentina bezalako herrialderen batean… Denak ez dira gai izan egoerari aurre egiteko, baina martxan jarraitzen dutenak ongi posizionatuta daude une politikoa aldatzen denerako. Enpresaren gaitasun kontua ere bada.

 

Duela urte batzuetatik hona aldatu egin dira enpresek nazioartekotzeko dituzten zalantza eta kezkak?

 

Bai, asko aldatu dira. Gogoan dut duela urte batzuk Latinoamerikako merkatuak zirela jomuga garrantzitsuenak. 90eko hamarkadaren hasieran asko zentratu ginen Txinan eta, hortaz, inbertsio ugari egin ziren herrialde hartan. Gaur egun esango nuke dibertsifikatu egin garela, oro har euskal enpresen posizionamendua oso globalizatua delako. Hala, lehen baino askoz merkatu gehiago estaltzen ditugu.  Uste dut Afrika eta Ekialde Ertaina direla garatzeko gelditzen zaizkigunak, gure erronkarik handienak.

 

Jardunaldia enpresa profil zehatz bati zuzentzen zaio ala ez?

Jardunaldia zabalik dago euskal enpresa-espektro osoarentzat. Baina bisitatzen gaituzten enpresen profila aztertzean ohartzen gara gero eta konpainia txikiagoak direla, teknologikoagoak, startupak… Esan genezake enpresa handi eta ertainek berez badutela behar adinako gaitasuna nazioartekotze-prozesuak gauzatzeko. Dena den, horrek ez du esan nahi honelako jardunaldiak ez zaizkienik baliagarriak iruditzen zenbait alderditan, iaz gertatu bezala…

Ziber-segurtasuna aipatu duzu, zertaz hitz egingo da arlo horretan?

Hiru aditu gonbidatu ditugu, eta haiek azalduko digute zein neurri hartu behar dituzten gure enpresek ziber-erasoetatik babesteko. Erasoak gero eta sofistikatuagoak dira, eta arlo horretan lanean diharduten adituek pista batzuk emango dizkigute arazo hori konpontzeko. Egia esan, enpresa txiki eta ertainak ez daude kontzientziatuta arazo horrekin, eta uste dugu badaudela babesteko erabil ditzaketen hainbat tresna. Zentzu horretan, urtearen amaieran arlo horretako zentro aitzindari bat izango dugu Euskadin.

 

 

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke