Mikroenpresa digital@


HELBURUAK

2004ko ekitalditik hona, Eusko Jaurlaritzak, SPRI eta EJIEren bitartez, informazio teknologien erabilerari buruzko 2 orduko prestakuntza ikastaroak ematen dihardu autonomo eta mikroenpresei.

Ekimen horren helburu nagusietako bat da enpresen lehiakortasuna hobetzea informazioaren eta komunikazioaren teknologia berrien erabilera bultzatuz eta, aldi berean, sarean negozio berriak garatzen laguntzea, ekonomia berriaren profesionalak gaitu eta haiei babesa emanez, eta, hori guztia, hazkunde ekonomikoaren faktore bereizgarri gisa.

Mikroenpresa Digital@ prestakuntza zerbitzuak zenbait ikastaro antolatzen ditu hilero-hilero, eta horri plangintza orokorra deritzo; hala ere, bestelako gai eta ikastaro mota batzuk ere lantzen dira, Behargintza zentroek, merkatari elkarteek eta abarrek berariaz eskatzen badituzte.

ESKAINTZA

NOLAKO JARDUERAK ESKAINTZEN DITUGU?

Mikroenpresa Digital@k 2 orduko oinarrizko eta doako ikastaroak antolatzen ditu hilero-hilero. Ikastaro horiek, batik bat, beren negozio prozesuetan informazioaren eta komunikazioaren teknologiak ezarri nahi dituzten mikroenpresei (10 langile baino gutxiago dutenak) eta autonomoei zuzenduta daude, eta baita ere Internet modu intentsiboan eta estentsiboan erabiltzean oinarritzen den negozio ideia bat garatzen duten ekonomia berriaren sustatzaileei.

Ikastaroak autonomo eta mikroenpresentzat pentsatuta eta haiei zuzenduta dauden arren, gaur egun era guztietako profilek parte hartzen dute ikastaroetan, lantzen diren gaiak enpresa-mota eta lan-egoera guztiei egokitzen baitzaizkie.

NORI ZUZENDUTA DAUDE?

Mikroenpresa eta autonomoen kolektiboak ditu IKTen erabilerari buruzko adierazle txikienak negozioen kudeaketa eta sustapenean; horregatik, beharrezkoa da kolektibo horren prestakuntzan lan egitea.



IKASTAROAK

Google Sites mikroenpresentzat
Enpresa txikiek eta profesional autonomoek webgune sinple bat egiten ikasiko dute. Google Sites onlineko aplikazio bat da eta webguneak sortzeko eta partekatzeko balio du. Nahi adina web orri sortu daitezke tresna hori erabiliz. Webgunean bertan 100 mb-eraino gorde daitezke. Ikastaroko parte-hartzaileek webguneak sortu eta pertsonalizatuko dituzte, eta testu dokumentu bat editatzea bezain erraza izango da. Prestakuntza horri esker, gainera, intranetak sortzen ere ikasiko dute (enpresako informazioa zentralizatzeko) edo ikasgela birtual bat sortzen (ikasleen etxeko-lanak jartzeko) edo curriculum vitae-a erakusteko web orri bat egiten…


Hootsuite
Aukera ematen du sare sozialetako kontu desberdinak modu erosoan kudeatzeko, aplikaziotik irten gabe eta interfaze bakarra erabiliz. Ikastaro honetan ikasiko dugu nola bistaratu daitezkeen sare sozialetako edukiak, erabiltzailearen lehentasunen arabera ordenatuta. Ikastaroari ahalik eta probetxu gehien ateratzeko, komeni da ikaslea alta emanda egotea plataformarekin integratu daitezkeen sare sozial batean edo gehiagotan (Facebook, Linkedin, Twitter…)


Merkataritza elektronikoa. Online denda
Ikastaro honen helburua da ezagutzera ematea zeintzuk diren negozio bat merkataritza digitalari egokitzeko kontuan hartu behar diren alderdi praktiko eta legalak (salerosketa prozesua, eskaini behar diren bermeak, Informazio Gizarteko Zerbitzuen eta Merkataritza Elektronikoaren Legea…).


Nola egin bezeroentzako e-mailingak Mailchimp erabiliz
Marketinerako posta elektronikoa sustapen estrategia garrantzitsua da enpresa askorentzat eta irabazi handiak eman ditzake legeari egokitzen bazaio eta praktika etikoak jarraitzen badira. Gure bezeroen datu basea handitzen doan heinean, kudeaketa sistema automatizatu bat beharko dugu bidalketa handiak egiteko eta pertsonalizatzeko, eta, bide batez, denbora eta ahaleginak aurrezteko. Mailchimp doako tresna onenetako bat da, e-mailing kanpaina propioak sortu eta kudeatu nahi dituzten enpresarientzat.


Egokitu zure enpresa DBLOra
Ikastaro honen bidez, edozein sektoretako enpresa txikiek eta profesional autonomoek aukera izango dute DBLOk jasotako printzipio, eskubide eta obligazioak ezagutzeko. Helburu bakarra ez da kontzientziazioa (zein eragin duen eta ez betetzeak nolako ondorioak izan ditzakeen), baita ere bertaratuek jardunbide onak barneratzea. Prestakuntza hau derrigorrezkoa da fitxategiak kudeatzen dituzten pertsona eta enpresentzat, baina horrez gain oso garrantzitsua da, berau baita erakunde baten ardurapean dauden datu pertsonalak babesteko segurtasun neurri nagusia.


Metaposta. Interneteko posta-kutxa eta kutxa gotorra zure negozioarentzat
METAPOSTA Interneteko kutxa gotor elektronikoa da, non interes pertsonaleko dokumentuak gorde baitaitezke modu iraunkor eta seguruan. Gainera, posta klasikoaren indargarri bat da eta postontzi tradizional batek duen funtzio berbera betetzen du mundu elektronikoan. Ikastaro honetan METAPOSTA sistemaren helburuak eta funtzionalitateak ikasiko dituzu.


Netvibes. Integratu Interneteko edukiak eta iturriak mahaigain pertsonalizatu batean
Tresna honi esker, erraz eta bisualki antolatu dezakezu zure enpresaren informazioa: RSS feed-ak, sare sozialetako nobedadeak edo posta elektronikoko kontuak. Hala, begirada bakar batean egunean edukiko dituzu zure interes pertsonal edo profesionalekin lotutako informazio eta nobedade guztiak.


Tramite telematikoak (sinadura elektronikoa)
e-Administrazio kontzeptuari eta tramite telematikoak egiteko behar diren tresnei buruzko hastapenak, Euskal Administrazio Publikoan indarrean dauden aplikazio eta proiektuen markoan azaldurik. Azalduko da zer diren ziurtagiriak eta sinadura elektronikoa eta nolako tresnak aurki ditzakegun Izenperen webean.


Evernote
Aplikazio honek aukera ematen dizu sistema egituratu eta pertsonalizatu bat kudeatzeko era askotako informazio eta baliabideekin (datuak, irudiak eta ahotsa) eta baita ere lainoan uneoro erabiltzeko era guztietako gailuetatik.


Google apps: Google Drive, Google Calendar
Google-en baliabide kolaboratiboen azterlan zehatz bat, enpresari aplikatzeko: nola partekatu dokumentu kolaboratiboak, nola lan egin halakoetan, Laino kontzeptuaren aplikazioa Google Drive-n, nola kudeatu enpresarako egutegi aplikazioa eta nola partekatu agendak. Enpresarako baliagarriak diren Google-en beste aplikazio batzuk ere azalduko dira.


Weba posizionatzeko lehen urratsal. SEO eta SMO
Posizionamenduaren alorrean hasten ari diren guztientzat. Ikastaro honetan azalduko da zein alderdi gako eta aldakor baloratzen dituen Google-k webgune bat posizionatzeko bere bilaketetan. Horrez gain, parte-hartzaileek beren posizionamendua hobetzeko estrategia bat diseinatzen ikasiko dute bilaketa motorrak eta Social Media optimizatuz.


Twitter: eragin soziala handitu eta neurtu
Aztergai izango dira Twitterren tresnak eta oinarrizko funtzionamendua enpresarako marketin tresna bezala, jardunbide egokiak eta askotariko tresnak aplikatuz gure eragin soziala sustatzeko, monitorizatzeko eta neurtzeko.


Blog bat negoziorako marketin tresna bezala
Ikastaro honetan parte-hartzaileek ikasiko dute nola sortu enpresarako blog sinple bat eta WordPress onlineko tresna erabiliko dute horretarako. Bestalde, baliabideak eta jardunbide egokiak aurkeztuko dira tresna horrekin geure burua sustatzeko eta tresna hori marketin kanpainetako baliabide zentral bihurtzeko.


Aplikatu Errealitate Handituko estrategiak zure negozioan
Errealitate handituari esker ikusten dugun errealitatearen gainetik beste irudi birtual batzuk ikus ditzakegu dispositibo mugikorretako pantailetan. Layar eta Junaio aplikazioekin teknologia hori erabil daiteke gure negozioa sustatzeko tresna bezala, bai katalogoetan eta baita ere errealitate fisikoaren gainean. Ikastaro honetan hori nola egiten den ikasiko dugu.


Facebook I: Nola sortu FanPage bat
Hastapen ikastaro honetan parte hartzen dutenek ikasiko dute nola sortu beren negozioarentzako orri bat Facebook sarean eta nola kudeatu eta konfiguratu Fanpage bat eta zeintzuk diren bere erabilgarritasun garrantzitsuenak. Ikastaro honen helburua da parte-hartzaileei Facebook sare soziala erabiltzen irakastea eta hainbat estrategia eskaintzea, tresna hori eragile eta marka biralizatzaile bezala aprobetxa dezaten eta, bide horretatik, beren negozioaren irudia indartu dezaten Interneten. Hainbat jarraibide emango zaizkie negozioaren irudi korporatiboa hedabide sozialen esparrura eramateko.


Facebook II: Nola pertsonalizatu zure FanPage-a
Ikastaro honetan azalduko dira zeintzuk diren Facebook-eko tresna aurreratuenak jarraitzaileei informazio gehiago emateko, eta baita ere jarraitzaileak leialtzeko baliabideak. Baldin eta zure negozio edo enpresak FanPage bat badu eta oinarrizko erabilgarritasunak ezagutzen badituzu (Facebook I ikastaroa), ikastaro honetan zure FanPage-a pertsonalizatzen eta ezarpenak hobetzen ikasiko duzu, zure jarraitzaileek eduki osoagoak jaso ditzaten. Social Pluggins-ekiko elkarreragina ezagutuko duzu eta kanpaina bat sortzen ikasiko duzu Facebook Ads erabiliz.


Fakturazio elektronikoa: Alderdi legalak eta nola egin zure fakturak
Fakturazio elektronikoa bultzatzeko 25/2013 Legeak dio 2015eko urtarrilaren 15etik aurrera fakturazio elektronikoa derrigorrezkoa izango dela Administrazio Publikoaren (Estatukoa, Autonomikoa eta Tokikoa) hornitzaile guztientzat. Mugarri hori aukera paregabea izan liteke fakturazio sistema hau ezagutzera emateko eta zabaltzeko, zeren denborarekin sinpletu egingo baititu fakturak egin eta jasotzeko prozesuak enpresen artean. Ikastaro honen bidez parte-hartzaileei lege alderdi batzuk irakatsiko zaizkie fakturazio elektronikoaren baldintza formalak ulertu ditzaten eta baita ere azalduko zaie zeintzuk diren fakturazio elektronikoko konponbideak Administrazio Publikoentzat eta enpresa pribatuarentzat: eF4ktur, Ziurra eta Sinadura.

 
Azken ordukoa!
Nuestros contenidos de
Informazio gizartea