Zibersegurtasuna, Euskadin aztergai

2017ko Maiatza 04,

CiberseguridadUE
Interkonektatutako sistema teknologikoek segurtasun digitalari buruzko jakinmina piztu dute

Maiatzean eta ekainean, enpresetako segurtasun digitalaren arloko azken erronkak aztertuko dituzten hiru biltzar antolatuko dira Bilbon eta Donostian

 

4.0 Industriaren garapenak eta interkonektatutako sistema teknologiko berrien txertaketak negozioen segurtasun digitalari buruzko jakinmina piztu dute enpresa askotan. Testuinguru honetan, Euskadin zibersegurtasunaren arloko erronka berriak aztergai izango dituzten hiru topaketa antolatuko dira maiatzean eta ekainean. Jardunaldi hauek SPRI enpresa-garapenerako euskal agentziaren laguntza dute.

 

Topaketa horietako lehena, NextSecure, maiatzaren 9an egingo da Bilboko Euskalduna Jauregian, Nextel ingeniaritza eta aholkularitza-enpresak antolatuta. Jardunaldian, informazioaren arloko segurtasun-teknologien azken berritasunak aztertuko dira, baita Datuak Babesteko Europako Arautegia (GDPR) eta zibersegurtasunaren esparruko nazioarteko jardunbiderik egokienak ere, besteak beste.

 

Bestalde, zibersegurtasunean espezializatuta dagoen S21sec enpresak Donostia CyberSEC Conference delako topaketa egingo du maiatzaren 18an. Donostiako Tabakaleran Europako Zibersegurtasun Erakundearen (ECSO) laguntzaz antolatuko den jardunaldi honetan,  zibersegurtasunaren merkatuaren bilakaera eta nazioarteko azken joerak aztertuko dituzte, Euskaltel, Kutxabank eta Renfe gisako konpainien eskutik.

 

Azkenik, ekainaren 23an eta 24an, hacker ezagunak eta segurtasun informatikoaren arloko adituak bilduko dituen EuskalHack Security Congress delako biltzarraren bigarren edizioa egingo da Donostian. EuskalHack elkarteak antolatutako topaketa honek industria-segurtasunari dagozkion zenbait alderdi bertatik bertara ezagutzeko aukera eskainiko die bertaratutakoei, konektatutako gailuen segurtasuna babesteak daukan garrantzia frogatzen duten zenbait kasu praktikorekin batera, besteak beste.

 

Herritarrak eta enpresa-ehuna mehatxuetatik eta ziber-erasoetatik babestu eta espezializatuago dauden enpresei segurtasun arloko teknologiak eta zerbitzuak garatzen laguntzeko asmoz, Eusko Jaurlaritzak Euskadiko lehen zibersegurtasun-zentroaren irekiera iragarri zuen otsailean.

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke