Zentral elektrikoetako segurtasuna kudeatzeko sistema integratuak

2017ko Ekaina 21,

Ikusik Shoaiba zentral elektrikoaren segurtasuna kudeatzeko sistema integratua abian jarriko du

Ikusi euskal konpainiak kontratu berri bat sinatu du Saudi Arabian herrialde horretako zentral batean segurtasun proiektu bat gauzatzeko

 

Elektronikan eta informazio eta komunikazio teknologietan espezializatuta dagoen Ikusi enpresa gipuzkoarrak kontratu berri bat sinatu du Saudi Arabian, herrialde horretako SEC (Saudi Electricity Company) elektrizitate-konpainia nazionalaren zentral elektriko batean segurtasun arloko proiektu bat gauzatzeko.

 

Proiektuan aurreikusitakoaren arabera, Ikusik Jeddah hiriaren mendebaldeko kostaldean kokatuta dagoen Shoaiba zentral elektrikoa kudeatzeko sistema integratua diseinatu, inplementatu eta abian jarriko du.

 

Egoitza Donostian duen konpainia ingeniaritzaz, ekipoen horniketaz, sistemen integrazioaz, balioztatzeko probez, instalazioa abian jartzeaz eta langileak prestatzeaz arduratuko da. Herrialdean duen Aces izeneko bazkidea, aldiz, proiektua bezeroarekin batera kudeatzeaz, obra zibilaz, ekipoak eta kableak instalatzeaz eta berme-zerbitzuez eta mantentze-lanez arduratuko da.

 

Ikusi, Velatia taldeari atxikita, segurtasun sistemak integratzeko soluzioen garapenean espezializatuta dago, betiere bideozaintza, intrusioaren detekzioa eta sarbideen kontrola bezalako teknologien interoperabilitatea ahalbidetzeko asmoz.

 

Segurtasuneko teknologia desberdinak sistema bakar batean integratuz gero, interfaze bakar batetik kudea daitezke, zentral elektrikoak bezalako azpiegitura kritikoetan segurtasun-eragiketetara bideratzen diren baliabideak optimizatuz.

 

Kontratu berri hau euskal konpainiak Saudi Arabiako Qurayyah zentral elektrikorako garatu duen segurtasun goreneko proiektuari gehitu zaio.

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke