Zahartzearen erronkak gizarte eta osasun arloetan

2017ko Uztaila 12,

Cartel del curso.
Ikastaroan aztergai izango dira gizarte zaharkitu bat zaintzeko jardunbide egokiak.

Jardunaldi hori UPV/EHUren Udako Ikastaroen egitarauaren barruan dago.

 

Gero eta zaharragoa den gizarte baterantz goaz. Horrek esan nahi du aurrerapen medikoek gure bizi-itxaropena luzatu dutela eta, beraz, lorpen arrakastatsua da. Baina aldaketa demografiko horrek erronka handiak dakartza osasun arretako sistemen arloan eta arlo sozialean, ugaritu egingo baitira gaixotasun kronikoak –fisikoak zein mentalak- jasango dituzten pertsonak.

 

Hainbat erronka dauzkagu, pertsona horien autonomia ahalik eta gehien luzatzeko eta euren nahiz euren senitartekoen bizi-kalitatea hobetzeko. Hala, garrantzitsua da diziplina arteko lankidetza sustatzea osasun zerbitzuen barruan eta kanpoan, eta erantzukizuna partekatzea erakunde publikoen, profesionalen eta hiritarren artean.

 

Datorren irailaren 1ean, UPV/EHUko Udako Ikastaroen zikloaren barruan egingo da Gizarte zaharkitu baten erronkak jardunaldia, gai horiek guztiak jorratzeko. Ikastaroaren helburua da biztanleriaren zahartzeak dakartzan erronken inguruan kontzientziatzea, prebentzioa eta arreta goiztiarra sustatzea eta jardunbide egoki berritzaileak aztertzea, batik bat, endekapenezko gaixotasun neurologikoen esparruan.

 

Topaketan orobat aztertuko da zein paper duen Lehen mailako Arretak zahartze aktiboa sustatzeko, zein garrantzitsua den endekapenezko gaixotasun neurologikoak garaiz diagnostikatzea eta nolako aurrerapenak egin diren Alzheimer gaitzaren ikerketan eta gaitz hori duten pertsonentzako laguntzan. Topaketak elkarrekin bilduko ditu hainbat zentrotako mediku espezialistak eta profesionalak, hala nola, Biodonostia Osasun Ikerketa Institutukoak, CITA Alzheimer Fundaziokoak, Afagi elkartekoak SIIS – Eguía Careaga Fundazioaren Dokumentazio eta Ikerketa Zentrokoak eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailekoak.

 

Jardunaldia Donostiako Miramar Jauregian egingo da, eta Pilar Marco Grande doktoreak –Aubixa Fundazioko presidenteordeak- koordinatuko du, Osakidetzaren laguntzarekin.

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke