Vidralak 300 milioi euro inbertituko ditu datozen bost urteotan

2017ko Ekaina 07,

Vidralak Europako beirazko ontzigintzaren sektorean finkatzeko prozesuari eustea espero du

Kopuru horren zati handi bat instalazioak berritzera bideratuko da

 

Beirazko ontziak ekoizten dituen Vidrala enpresa arabarrak datozen bost urteotan 300 milioi euro inbertituko dituela iragarri du. Kopuru horren zati handi bat instalazioak eta ekoizpen-lantegiak hobetu eta berritzera bideratuko da.

 

Iragarpena maiatzaren 30ean izandako akziodunen batzar nagusian egin zen, konpainiak Laudion duen egoitza nagusian.

 

Lantegien modernizazioa euskal taldeak Italiako Corsico herrian beirazko ontziak fabrikatu eta saltzeko erabiltzen duen lantegiko labearen eraberritzeaz hasiko da.

 

Gaur egun, euskal taldea Espainian, Portugalen, Italian, Belgikan, Ingalaterran, Irlandan eta Frantzian kokatuta dago. Vidralak Europako beirazko ontzigintzaren sektorean finkatzeko prozesuari eustea espero du, zeinetan, lau operadore nagusiek (Verallia, Vidrala, Ardagh eta OI) % 83ko merkatu-kuota duten.

 

2017ko lehen seihilekoan lortutako datuei dagokienez, konpainia arabarrak 182,9 milioi euroko salmentak izan ditu, eta 2019an marjinak % 23-25 hobetzea aurreikusi du.

 

Konpainiak adierazi duenez, Vidralak kudeaketa arloan dituen lehentasunek bezeroentzako zerbitzua optimizatu, kostuen lehiakortasuna bermatu eta kapital-egituraren kaudimena finkatzera bideratuta jarraituko dute, epe luzeko balio-sorkuntza iraunkorraren oinarri gisa.

 

Encirc konpainia irlandarra 2015ean erosi ondoren, Vidrala taldeak produktuen % 40 Erresuma Batuan eta Irlandan saltzen du. Iazko ekitaldian, konpainiak 67,7 milioi euroko etekin garbia lortu zuen, aurreko ekitaldian baino % 10,04 handiagoa.

 

Iturria: Deia

 

 

Vidrala konpainiaren aurkezpen bideoa



Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke