Urbanbat, hirien homogeneizazioa saihesteko esperimentuak

2017ko Uztaila 17,


Hirigintza eta berrikuntza sozialeko jaialdiak deialdi bat ireki du proiektuak aurkezteko.

 

Europako hiri asko aldatzen ari dira, eta eraldaketa eredu horrek antzeko elementuak izaten ditu, hala nola turismoaren hazkundea, kulturaren erabilera kontsumorako baliabide gisa eta hirietako biztanleen profil aldaketa. Fenomeno horiek hertsiki loturik daude elkarren artean, eta berekin dakartzate, besteak beste, kaleetako auzotar batzuk bizitokiz aldatzea eta tokiko merkataritza eta eredu horri jarraitzen ez dioten hiri-erabilerak pixkanaka desagertzea.

 

Toki-aldatze horiek izango dira Urbanbat jaialdiaren 6. edizioaren ardatza, zeinaren helburua baita alternatibak aztertzea hiria eraikitzeko perspektiba inklusibo eta parte-hartzaile batetik abiatuta. Jardunaldiak datorren azaroan egingo dira Bilbon, eta dagoeneko zabalik dago deialdia beren proiektua aurkeztu nahi duten ekimenentzat.

 

Deialdiaren arabera, hiri askotan gertatzen ari den aldaketak berekin ekarri du homogeneizazio prozesu bat, hiri desberdinek antzeko erantzuna ematen dietelako turismoak eta hiriko kontsumo ereduak sortutako premiei. Urbanbat jaialdiak egin duen deialdia bereziki zuzentzen zaie hiria eraikitzeko modu berri bat proposatzen duten esperientzia eta prototipoei, zeintzuek elkarrekin konbinatzen baitituzte arlo soziala, jarduera kulturalak eta artistikoak, parte-hartze hiritarra, hirigintza eta arkitektura.

 

Proiektuak aurkezteko epea zabalik dago irailaren 8ra arte. Aukeratutako ekimenak topaketan aurkeztuko dira, eta ko-sorkuntzako tailer batean parte hartuko dute, esperientziak eta ezagutzak partekatzeko -berdinen arteko aholkularitza bezala- eta ekimenak aberasteko. Urbanbat hirigintza bulego parte-hartzailea da jaialdiaren antolatzailea.

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke