Tren arinagoak eta eraginkorragoak lortzeko teknologia berriak

2017ko Iraila 27,

Bi erakundeek soluzio teknologikoaren eskala errealeko prototipoa garatu dute

IK4-Ikerlanek eta CAFek trenei zuzendutako trakzio elektrikoko sistema berri bat garatu dute

 

CAF tren-industriako taldearen CAF Power & Automation filial teknologikoak eta IK4-Ikerlan zentro teknologikoak trenei zuzendutako trakzio elektrikoko sistema berri bat garatu dute, trenbide sektorean erabiltzen diren gailuen tamaina eta pisua murriztu eta horien energia-eraginkortasuna hobetzeko asmoz.

 

Garatutako soluzioa, silizio-karburozko (SiC) erdieroaleetatik abiatuta diseinatutako bihurgailu bat da. Material honen erabilerari esker, trakzio-sistema berriak egungo gailuen tamaina % 30 murriztea ahalbidetuko du, pisua % 20 arindu eta energia-eraginkortasuna % 50 hobetzeaz gain. Efikazia probatzeko, bi erakundeek soluzio teknologikoaren eskala errealeko prototipoa ere garatu dute.

 

Zentro teknologikoak ohar baten bidez jakinarazi duenez, tren-industriaren sektorean gero eta maizago erabiltzen den silizio-karburoa, tren-industriako ohiko osagaien prestazioak hobetzen dituen materiala da, kommutazio-abiadura handiagoa eta eroankortasun termiko hobea eskainiz. Bi faktore hauek funtsezkoak dira makineria mota honen errendimendu handiagoa lortzeko orduan.

 

“Honelako proiektuek tren-industriarako sistemen diseinuan eta fabrikazioan erreferentetzat finkatzen eta abangoardia teknologikoan mantentzen laguntzen digute”, adierazi du CAF Power & Automation-eko produktu-garapenaren zuzendari Txomin Nievak.

 

Alabaina, tren-industria ez da soluzio berri honetaz profitatu ahal izango den sektore bakarra. “Teknologia hau, trenen trakzio-sistemetan ez ezik, eraginkortasuna eta bolumena giltzarrizkoak dituzten bihurgailu guztietan ere aplikatu ahal izango da; adibidez, ibilgailu elektrikoen belaunaldi berrietan, industria sektorean edota energia berriztagarrien arloan”, gaineratu du potentzia-bihurgailuetan espezializatutako IK4-Ikerlaneko taldearen arduradun Alejandro Rujasek.

 

Soluzio teknologikoaren garapena 2015ean abiatu eta aurtengo urrian amaituko den Roll2Rail proiektu europarrari atxikita gauzatu da. Europako erreferentziazko hogeita hamar bat enpresa, zentro teknologiko eta unibertsitate partaide dituen ekimen honek 16 milioi euroko finantzaketa lortu du.

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke