Teknologia libreen arloko euskal enpresek beren potentziala erakutsi dute Hannoverren

2017ko Apirila 27,

imagen 3D del stand Euskadi
Euskadiko stand-aren irudia Hannover Messe azokan.

ESLE elkartea presente dago Europako industria arloko hitzordu garrantzitsuenean.

 

Euskadiko Teknologia Libreko eta Ezagutza Irekiko Elkarteko ordezkaritza bat Hannover Messe ekitaldian da, hots, izen bereko hiri alemanean apirilaren 24tik 28ra egiten ari den azoka industrialean. Enpresa talde bat, ESLEko kudeatzaile Eunate Ramírez buru dutelarik, hitzordu garrantzitsu horretara joan da, euskal konpainiek sektore honetan duten potentziala ezagutarazteko.

 

Elkartearen merkataritza-misio horri esker, euskal enpresek aukera dute bertatik bertara erakusteko 4.0 Industriarako garatu dituzten produktu eta zerbitzu berritzaileak, denak ere teknologia libreetan oinarrituak. ESLEren presentziak badu beste helburu bat, hori ere lehentasun handikoa: lankidetza akordioak bilatzea, bilerak eginda Alemaniako erakunde publiko eta pribatu garrantzitsuekin.

 

Euskadik stand propioa du Hannover Messe azokaren aurtengo edizioan, non 40tik gora erakunde, enpresa, teknologi eta ikerketa zentrok parte hartuko baitute. Basque Industry 4.0 stand-a apirilaren 24an inauguratu zen, eta aste osoan zehar 15 hitzaldi espezializatu eskaini dira industria adimendunaren sektoreko joera berriei buruz. Landu diren gaien artean daude, besteak beste, big data, zibersegurtasuna, ikusizko konputazioa edo gamifikazioa, eta euskal konpainiek arlo horietako produktu eta zerbitzu berritzaileenak erakutsi dituzte.

 

Hannover Messe azoka industria arloko munduko topaketa garrantzitsuena da, zortzi azoka espezializatu barne hartzen baititu bost egunez. Hitzordu hori duela 70 urtetik antolatzen da, eta edizio bakoitzean industria sektoreko nazioarteko joera garrantzitsuenak erakusten dira. Aurten 6.500dik gora erakusle eta 200.000 bisitari inguru hartuko ditu.

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke