TBX plataformak ikusgai jartzen du euskaraz gehien ikusten dena

2017ko Apirila 05,

Portal TBX con los vídeos más vistos.
Plataforman Youtube-ko euskarazko bideoak biltzen dira.

Proiektuaren helburua da ikusgarritasuna ematea euskal sortzaileen bideo edukiei.

 

TBX.eus plataformako edukien artean badaude euskal taldeen azken bideoklipak, sorkuntza amateurrak, bideo profesionalak edo, besteak beste, telebistako esketxak. Proiektuaren helburua da espazio bakarrean biltzea euskal internauten komunitateak gehien ikusten dituen bideoak, ikusgarritasuna emateko euskarazko ikus-entzunezko edukiei.

 

Codesyntax enpresa gipuzkoarrak garatu du ekimena Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin. Plataforma horretan, robot batek automatikoki aukeratzen ditu euskarazko bideoak eta atarian eransten ditu; hala, ikusgai jartzen ditu egunean, azken astean, azken hilabetean eta urte osoan gehien ikusi diren bideoak. Oraingoz Youtube atariko edukien artean aukeratzen du, baina asmoa da beste plataforma batzuetara zabaltzea.

 

TBX plataformaren helburua da euskarazko ikus-entzunezko sorkuntzak zabaltzen laguntzea, leiho bat eskainiz errazago aurkitzeko horrelako edukiak. Espazioa optimizatuta dago weberako eta sakelakorako, bai eta Chromecast dispositiboa duten telebistentzako. Codesyntax enpresako lantaldearen xedea da azken aukera hori sinplifikatzea, telebistaren bidez errazago kontsumitzeko euskarazko bideoak.

 

Proiektuaren oinarrian Umap.eus agregatzailean eginiko lana dago, zeinak Twitterren euskaraz egiten den jarduera biltzen baitu. Zerbitzu hori 2010ean sortu zen, sare sozial horretan euskararen erabilpena normalizatzeko eta sustatzeko; hala, aukera ematen du Twitterreko euskal komunitatea zertaz ari den ikusteko. Espazioan agertzen dira trending topic-ak, gehien partekatzen diren albisteak, erabiltzaileen rankinga eta Twitterren euskarari ematen zaion erabilerari buruzko analisiak.

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke