Soluzio aurreratuak ardoaren eta sagardoaren kalitatea hobetzeko

2017ko Maiatza 02,

Proiektuak upeletan Brettanomyces onddoaren presentzia detektatzeko teknologia bat garatzea xede du

Ceit-IK4 zentro teknologikoa partaide duen proiektu batek biosentsoreak jarri nahi ditu upeletan legamia kutsatzaileak detektatzeko

 

Ceit-IK4 euskal zentro teknologikoak, ardogintza eta sagardogintza arloetako AZ3oeno, Pernod Ricard Winemakers eta Zapiain enpresekin batera, upeletan Brettanomyces onddoaren presentzia detektatzeko teknologia bat garatzea xede duen ikerketa-proiektua abiarazi du.

 

Brettanomyces onddoa ardoak eta sagardoak kutsatu eta sektoreari galera ekonomiko handiak eragiten dizkion mikroorganismoa da. Hori dela eta, euskal zentroak ohar baten bidez jakinarazi duenez, gero eta eskari handiagoa dago hartzidura eta ontze prozesuetan soluzio teknologikoen presentzia areagotu eta edarien kalitatea hobetzen lagunduko duten monitorizazio-sistema integratuak gara daitezen.

 

Testuinguru honetan, ekimeneko ikertzaileek proiektua bi proposamen teknologiko hauetan oinarritu dute: alde batetik, upeletan Brett (Brettanomyces) onddoa detektatzeko biosentsoreen integrazioan, eta bestetik, gailu mikrofluidikoetan oinarritutako laginketa-sistema eramangarrien erabileran.

 

Bi baliabide horien helburua, ardo eta sagardo ontzietan legamia kutsatzailerik ote dagoen era azkar eta fidagarrian egiaztatzea da, ekoizpenaren kalitatea eta errentagarritasuna hobetzeko asmoz.

 

Proiektuan garatutako teknologia produktu bakoitzaren elaborazio-prozesura egokituko da, elaborazio-fase bakoitzeko eta kalitate-kontroletako beharrizanen araberako soluzio pertsonalizatuak diseinatzea ahalbidetuz. Honela, fabrikatzaileek ontzien osasun-egoeraren berri izan eta edariaren propietateak aldez aurretik ezagutu ahal izango dituzte.

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke