Social Challenges plataformak bere lehen 30 erronkak plazaratu ditu

2017ko Urria 05,

Portal del proyecto

Ideia onenek 30.000 euro jasoko dituzte garapen faserako.

 

Social Challenges plataformak ireki du bere lehen erronka-erronda, berrikuntza sozialean oinarritutako konponbideak bilatzeko. Onlineko espazio horrek elkarrekin lotuko ditu arlo sozialeko premia bat duten enpresa edo erakundeak eta ideia berritzaileak dituzten ekintzaileak. Social Challenges plataformaren helburua da finantzaketa ematea 81 konponbide garatzeko, bakoitzari 30.000 euro eskainiz.

 

Fundazioek, GKEek, erakunde publikoek eta antolakunde pribatuek askotariko gaiei buruzko arazoak proposatu ditzakete. Feeding Coventry erakundeak, adibidez, konponbide teknologiko bat lortu nahi du denbora errealean konektatzeko supermerkatuetan soberan dauden elikagaiak eta elikagai horiek behar dituzten komunitateak. Portugalen, Castelo Branco hiriko Udalak zerbitzu publikoak eskaini nahi dizkie biztanle gutxiko zonaldeetan bizi diren pertsona nagusiei. Bestalde, Holandako Jong & Ondernemend fundazioak ideia berritzaileak behar ditu talentudun gazteak Friesland probintzian geldi daitezen, asko kanpora joaten baitira ikastera edo lanera.

 

Horra plataformara biltzen diren 30 proposamenetako batzuk; badaude baita ere mugikortasunarekin edo genero berdintasunarekin lotutako premiak. Hemendik aurrera eta abenduaren 21era arte zabalik egongo da konponbideak proposatzeko epea norbanako zein lantaldeentzat. Epaimahai batek aukeratuko du premia bakoitzarentzako ideia onena, eta 30.000 euroko sariaz gain, proposamen horren arduradunek laguntza jasoko dute 6 hilabeteko epean prototipo bat garatzeko. Lehen erronda horren ostean, beste edizio bat jarriko da abian abenduan, zeina zabalik egongo den baita ere beren premiak aurkeztu nahi dituzten erakundeentzat.

 

META Group taldeak, Impact Hub berrikuntza-zentroen sareak eta EBN – European Business and Innovation Centre Network-ek bultzatzen dute Social Challenges ekimena, eta Europar Batasunak finantzatzen du. Plataformaren azken helburua da transferitzeko eta eskalatzeko moduko konponbide berriak sortzea eta, bide horretatik, berrikuntza sozialen ekosistema europarra osatzea.

 

Social Challenges Platform



Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke