Siemens Gamesak kontratu berri bat sinatu du Turkian

2017ko Uztaila 20,

2010etik Siemens Gamesak 550 megawatt baino gehiago instalatu ditu Turkian

Konpainiak 118 megawatt eta 36 aerosorgailu hornituko dizkie herrialde horretako bi parke eolikori

 

Siemens Gamesa konpainia eolikoak kontratu bat itxi du Sancak Enerji inbertsiogile turkiarrarekin, Konya eskualdean kokatutako bi parke eolikori 118 megawatteko guztizko horniketa egiteko.

 

Zehazkiago esanda, konpainiak G132-3.3 MW modeloko 20 aerosorgailu hornituko dizkio Baglar-eko parke eolikoari (66MW) eta modelo bereko 16 turbina Ardicli-ko parkeari (52 MW). Bata eta bestea Turkiako Konya eskualdean kokatuta daude. Kontratuaren arabera, Siemens Gamesa bi instalazioen datozen hamar urteotako eragiketa eta mantentze-lanez ere arduratuko da.

 

Konpainiak ohar baten bidez jakinarazi duenez, turbinen entrega 2018ko bigarren hiruhilekoan hasiko da, eta parke eolikoak 2019an abian egotea espero da.

 

36 aerosorgailuetako nacelleak Siemens Gamesak Soriako Agreda herrian duen lantegian muntatuko dira.  Palak eta dorreak Izmir-en (Turkia) fabrikatuko dira, bertako hornitzaile baten laguntzaz.

 

Oharrak gaineratu duenez, G132-3.3MW turbinak bere segmentuko energia-kosturik onena du eta energia-ekoizpenik handiena bermatzen du haize ertainetarako eta ertain-baxuetarako. Dorreek lau altuera dituztela, aerosorgailu hau eskualde eta haize-maila bakoitzaren eskakizunetara moldatzen da.

 

Konpainia 2010ean hasi zen jardunean Turkia aldean. Harez geroztik, Siemens Gamesak 550 megawatt baino gehiago instalatu ditu herrialde horretan.

 

 

 

Siemens Gamesa enpresaren aurkezpen bideoa


Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke