Siemens Gamesa Pakistango merkatuan sartu da

2017ko Urria 03,

Turbinen instalazioa urte amaieran hasiko da eta proiektua 2018ko abuztuan abiaraziko da

Euskal konpainiak 50 megawatteko potentzia duen parke eoliko baten eraikuntzan parte hartuko du

 

Siemens Gamesa konpainia eolikoak, Sumec Hardware and Tools enpresa txinatarrarekin batera, kontratu bat itxi du Zephyr Power sustatzaile pakistandarrarekin, Gharo hirian 50 megawatteko parke eoliko bat eraikitzeko.

 

Horren arabera, euskal konpainiak G114-2.0 MW modeloko 25 aerosorgailu hornituko ditu herrialdearen hegoaldeko Tatta eskualdean kokatutako parke eolikorako. Kontratuak dioenez, Siemens Gamesak ingurumen arloko jarraibideak emango ditu, hauts kontzentrazio eta tenperatura handiko baldintzetan ere errendimendurik handiena lortu ahal izateko.

 

Konpainiak ohar baten bidez jakinarazi duenez, turbinen instalazioa urte amaieran hasiko da eta proiektua 2018ko abuztuan abiaraziko da.

 

Parke berria hornituko duen turbina-gama horrek potentzia-dentsitate baxua du, eta horri esker, haize murritzeko eremuetan ere, ahalik eta energia-ekoizpenik handiena lortzeko aukera erraztuko du. Era berean, aerosorgailu mota hau eskualde bakoitzaren baldintzetara egokitzen da, % 98tik gorako erabilgarritasun-mailaz.

 

Kontratu honen sinaketaz –hauxe da euskal konpainiak herrialde horretan lortutako lehenengo akordioa–, Siemens Gamesak Asia aldean duen presentzia indartuko du. Joan den abuztuan, konpainiak Asiako aerosorgailu altuenen instalazioa amaitu zuen Thailandian, eta horrenbestez, Siemens Gamesak 10 megawatt baino gehiago instalatuak ditu lurralde horretan.

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke