Sidenorrek eta Outokumpu finlandiarrak bat egin dute altzairuzko barrak saltzeko

2017ko Martxoa 23,

Sidenor-ek beroan ijeztu eta azalgabetutako barra biribilak ekoiztu eta banatuko ditu

Euskal enpresak produktua europar merkatuan komertzializatzeko akordio bat itxi du konpainia eskandinaviarrarekin

 

Sidenor euskal fabrikatzaileak eta Outokumpu konpainia finlandiarrak akordio bat sinatu dute mekanizazio errazeko altzairu herdoilgaitzezko barrak elkarren artean europar merkatuan komertzializatu ahal izateko.

 

Zehazkiago esanda, bi konpainiek Prodec deritzen makinagarritasun handiko altzairuzko barren salmenta adostu dute. Makinagarritasuna delako propietate horrek materialek teknika desberdinen bitartez mekanizatu edo mozteko eskaintzen duten erraztasuna zehazten du.

 

Mekanizatzeko erraztasun handiagoa eskaintzeaz gain, Prodec altzairu herdoilgaitzak barren arteko eta tenperatura desberdinen arteko uniformetasun handiagoa lortzen laguntzen du.

 

Akordio berri honi esker, euskal konpainiak beroan ijeztu eta azalgabetutako barra biribilak ekoiztu eta banatuko ditu, konpainia finlandiarrak fabrikatutako Prodec totoxetatik abiatuta. Baterako jardun honen bitartez, bi enpresek 6 eta 350 milimetro bitarteko gama osoari dagozkion barra biribilak merkaturatu ahal izango dituzte.

 

“Oso pozik gaude elkarketa hau ezagutzera emateaz. Oro har, gama osoa eskaini ahal izango diegu Europako bezeroei. Produktu honekiko interes handia sumatu dugu banatzaile eta mekanizatzaileengan”, ziurtatu dute bi konpainietako bozeramaileek ohar baten bitartez.

 

Euskal enpresaren esanetan, makinagarritasun handiko Prodec altzairu herdoilgaitzek mekanizatzeko abiadurarik handienak eskaintzen dizkiote industriari. Horren harira, euskal konpainiak esan du, material mota hori erabiliz gero, mekanizazio-eragiketak optimizatu eta % 50ko aurrezkiak ere lor daitezkeela. Gainera, abiadura handiko mekanizazioak ertzetako deformazioak saihesten eta azalaren akabera eta tolerantzia hobea lortzen laguntzen du.

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke