“Protesi bakoitza pertsonalizatzen dugu, eta hori da gure balio bereizgarria”

2017ko Apirila 17,

Createch Medical

Createch Medical hortzetako ingeniaritzaren arloko enpresa bat da, eta Mendaron (Gipuzkoa) du egoitza. 2006an sortu zen, eta hamarkada bakar batean munduko lider bihurtu da hortzetako eta aurpegi-masailetako protesien fabrikazioan, laser bidezko neurketa-teknologiak eta material biobateragarrien ultradoitasunezko mekanizazioa erabiliz.

 

Era berean, bere produktu propioa teknologia gehigarriz (hau da, 3D inprimagailuen bidez) fabrikatu duen lehenengo euskal enpresa izan da. Euskal enpresa honetan partaidetza dute Suitzako Straumann multinazionalak eta Euskadiko Egile Taldeak. Une honetan enpresak ia 50 langile ditu, eta konpromiso irmoa du I+G-ko arloarekin, arlo horretara bideratzen baitu urtero bere fakturazioaren % 8 eta % 10 bitartean. Bertako zuzendari nagusi Antxola Urzainkik Radio Euskadiko ‘Made in Basque Country’ programan aztertu du enpresaren oraina eta etorkizuna.

 

Badirudi dena azkarregi doala, zeren hamar urteren buruan munduko lider bihurtu baitzarete zuen sektorean. Nola lortzen da maila hori?
Aipatu beharra dago, jada landua genuela taldeak (Egilek) ondo ezagutzen zuen teknologia bat, CAD-CAM teknologia alegia, eta, garai hartan, hortzen sektorea garatu gabe zegoen arlo horretan, beraz, aukera hura baliatu genuen, eta taldeak menderatzen zuen ezagutza erabili genuen duela hamar urte hasiberria zen sektore honetan.

 

Garatu gabeko sektore horrek, edonola ere, urtero derrigortzen zaituzte Berrikuntzaren eta Garapenaren aldeko apustu garbia egitera, horretara bideratuz zuen urteko fakturazioaren % 8 eta % 10 bitartean.


Bai, bitxia bada ere, duela hamarkada bat hortzen sektorea garatu gabe zegoen, baina, nolabait esateko, eztanda digitala gertatu da, eta horrek zeharo aldatu du dena. Eta, hamar urteren buruan, erabat artisaua zen sektorea eraldatu egin da, eta softwarea, teknologia, CAD-CAMa edo fabrikazio gehigarria (3Dn) erabiltzen dituen sektore bihurtu da. Hori horrela, katarsia eta aldaketa erabatekoak izan dira.

 

Zein dira zuen lehiakideak, eta, batez ere, nola lehiatzen zarete?
Mundu osoaren kontra lehiatzen gara, baina, Europan lan egiten dugu gehien, osasun-sektoreko merkataritza libreari buruzko akordio guztiek horretarako bidea ematen digutelako, hala ere, lehiakideak mundu osoan daude. Gerta daiteke Kanadako enpresak Frantzian lehiatzea, edo enpresa alemaniar eta suediarrak Japonian. Duela denbora batetik hona, merkatu hau erabat globala da.

 

Erreferentziazko bazkideen laguntzarik gabe (Egile Taldea bera edo Suitzako Straumann multinazionala) proiektuak aurrera egingo zukeen?
Ez, guztiz ezinezkoa izango zatekeen. Egilek eman diguna -eta guk oinordetzan hartu duguna-  da bere teknologia, eta Straumann, berriz, gure produktuak banatzeko ‘partner’ ezin hobea izan da. Haiek gabe saiatu ginen, gure baliabideak erabiliz, bulego txiki bat ireki baikenuen Alemanian, Benelux eta Israel inguruko pare bat bazkiderekin, baina oztopoz beteriko bidea zen, oso astiro gindoazen. Aldiz, multinazionalarekin bat egin genuenetik, oztopoz beteriko bide hura autobide bihurtu da, eta aukera eman digu maila apartarekin ateratzeko merkatura.

 

Zuena bezalako sektore ultraespezializatuan, zeintzuk dira zuen produktuen hartzaileak?
Zeharka, pazienteak. Gehiago zehaztuz, esango nuke hortzen arloan gure bezero nagusiak laborategiak direla, eta gero hortz-klinikak; aurpegi-masailen arloan, berriz, ospitaleak.

 

Zerez daude eginda Mendaron fabrikatzen diren protesiak?
Material biobateragarria behar du izan, ahoan edo gorputzean geratuko den materiala delako. Horregatik erabiltzen dugu erabilera medikoko titanioa, baita erabilera medikoko kromo-kobaltoa ere, eta zirkonioa, zeramika zuri bat.

 

Eta pertsonalizatuak izan behar dute, nahitaez… Nola lortzen duzue hori?
Bai, noski, horrela dira, horrela izan behar dute. Eta hori da salmentarako gure funtsezko argudioetako bat, pertsonalizatzeko dugun gaitasuna. Lan bakoitza bakarra da, eta dentistarekin, dagokion medikuarekin edo ebakuntza egingo duen kirurgialariarekin batera egin behar da lan hori. Eta, gainera, pentsatu behar dugu hori munduko ia hizkuntza guztietan egin behar dela; hori da, agian, aurrean dugun zailtasun handienetako bat.

 

Pertsonalizazio hori al da sektoreko enpresa handiekin lehiatzea ahalbidetzen dizuen balio bereizgarria?
Hain zuzen ere, Straumann multinazionalak badu antzeko produktuen instalazio bat Suitzan, baina askoz ere estandarizatuagoa. Horregatik, Createch-ekin lankidetzan jarduteak aukera ematen dio askoz gehiago pertsonalizatzeko, alegia, orain lortu ezin duen zehaztasun-maila lortzeko.

 

Une honetan, multinazional horrek du Createch Medical enpresako akzioen % 30a, baina egoitza nagusia Mendaron dago oraindik ere. Baduzue beldurrik edo badago arriskurik zenbaitek deslokalizaziora jo nahi izateko?, azkenean arrain handiak txikia jateko?
Egia esateko, ezetz uste dut, ingurune hau oso ona delako, oso ondo prestatuta eta kualifikatuta dagoen jendea duelako. Gainera, Createch bezalako enpresa bat (malgua, azkarra eta arina) handiago egingo bazenu, multinazional batek berezko dituen prozesuekin (prozesu oso onak izaten dira, baina oso geldoak), produktu ezin hobe bat produktu arrunt bihurtuko zenuke…. Nik uste dut eurek ere halaxe pentsatzen dutela. Horregatik, premiazkoa ikusten dute filosofia horri eustea, eta horrexeri esker iritsi gara honaino.
Createch Medical enpresan egin dituzuen lanen artean, aipa diezagukezu kasu bereziki deigarririk, medikuntzan ia-ia bitxigintzako lana egitea eskatu duen proiektu horietakoren bat?
Deigarrienak izaten dira aurpegi-masailetakoak, ohiko medikuntzak ez baitie inolako itxaropenik ematen, nahiz eta denetarik egiten saiatu, pazientearen beraren hezurra ezarri, eta abar. Gainera, normalean paziente onkologikoak izaten dira, eta haien hezurren kalitatea oso txarra izaten da. Horri dagokionez, agian deigarriena egin zitzaidan kasua izan zen hamaika urteko mutiko batena: beheko masailezurraren erdia falta zitzaion, hau da, barailaren erdia. Artikulazioa berreraiki behar izan zitzaion, eta gainera protesi hori prestatuta utzi behar izan zen, gero hortz-protesia egiteko. Mutiko hari aurpegia berreraikitzen lagundu genion, minbiziak jana baitzuen. Pentsatu genuen aurpegi hura oraindik ere hazten ari zela, eta, beraz, hazkuntzara egokituriko protesia beharko zuela. Oraindik ez gara gai izan hori egiteko, kirurgialariek eskatu bezala, baina horretan ari gara… Seguru asko mutiko horri protesi hori aldatu egin beharko zaio nagusi egiten denean, eta dagokion neurrikoa jarri.

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke