Oronak nazioarteko hedapen-kanpaina indartu du

2017ko Maiatza 24,

Oronak 652 milioi euroko salmentak izan zituen 2016an

Euskal enpresak Norvegiako konpainia baten erosketa iragarri du

 

Igogailu eta jasotze-sistemetan diharduen Orona fabrikatzaile gipuzkoarrak Norvegiako Myhre Heis konpainiaren erosketa iragarri du. Oslon kokatutako enpresa honek 38 urteko esperientzia du igogailuen sektorean.

 

Eragiketa honen bidez, Eskandinaviako herrialde horretan 27 milioi euroko fakturazioa lortzea aurreikusi du euskal taldeak, bereziki kontuan izanda konpainiak bederatzi bulego eta 130 profesional dituela bertan, ohar baten bidez jakinarazi duenez.

 

Myhre Heis enpresaren erosketa, euskal konpainia urtarrilean Bergen hirian dagoen Scan Heis enpresa norvegiarraz jabetu ondoren gertatu da.

 

Eragiketa “Orona-UE” proiektuaren helburuei atxikita gauzatu da. Hernanin finkatutako konpainiak bazkideen batzarraren aurrean aurkeztu berri duen plan horrek Europako hazkunde-estrategiari eustea du helburu, izan ere, enpresak 1.500 enplegatu baino gehiago ditu Europa osoan zehar.

 

Enpresaren esanetan, proiektu honek “behin-betiko bultzada emango dio” Oronak abiatutako nazioartekotze-prozesuari.

 

Horrez gain, euskal kooperatibak Hernanin daukan lantegia handitzeari ekin zion iaz, industria arloko lehiakortasuna hobetzeko abiarazi duen Fabrika 4.0 deritzon fabrikazio-sistema adimenduna bultzatzeko asmoz.

 

“Orona-UE eta Fabrika 4.0 proiektuek aurrera begira jorratu beharreko bidea zehazten dute: nazioarteko kontsolidazioa, enpleguaren sorrera eta berrikuntza”, ziurtatu du Xabier Mutuberria Oronako zuzendari nagusiak, oharrean aipatzen denez.

 

Kooperatibak 652 milioi euroko salmentak izan zituen 2016an, aurreko urtean baino % 6,71 gehiago. Kopuru horretatik, erdia baino gehiago nazioarteko merkatuei dagokie.

 

 

Orona konpainiaren aurkezpen bideoa



Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke