Onddo mutirresistenteen aurka borrokatzeko ikerketa-bide berriak

2017ko Ekaina 13,

UPV/EHUko Fungal and Bacterial Biomics ikerketa-taldearen ikerlariak

UPV/EHUk terapia antifungiko eraginkorragoak diseinatzen lagun dezakeen ikerketa bat egin du

 

Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) ikertzaileek orain arte ezagutzen ez zen erresistentzia-mekanismo bat aurkitu dute, sistema immunologikoa ahuldua duten pazienteengan hilkortasun-tasa handia eragiten duen onddo batean. Aurkikuntza honek, etorkizunera begira, onddoak eragindako infekzioen aurka borrokatzeko sendagaien diana-kopurua areagotzen lagun dezake.

 

“Lomentospora prolificans” delako mikroorganismoa lizuna deritzon taldeari atxikitako onddo haritsua da, gizabanako osasuntsuengan inolako kalterik eragin ohi ez duena. Hala ere, Andoni Ramirez ikerketako partaideak adierazi duenez, mikroorganismo honek oso infekzio larriak eragin ditzake fibrosi kistikoa bezalako ezkutuko gaixotasunen bat duten pazienteengan.

 

Ikerketak argitu duenez, onddo honek erresistentzia handia du voriconazol gisako antifungikorik ohikoenen aurrean.

 

UPV/EHUko Fungal and Bacterial Biomics ikerketa-taldeak egindako lan honi esker, askoz ere hobeto jakin daiteke nola gertatzen den erresistentzia hori, eta horrek, aukera berriak irekiko ditu onddo honek eta beste batzuek eragindako infekzio fungikoen aurkako tratamendu hobeak garatzea ahalbidetuko duten molekula berriak diseinatu ahal izateko.

 

“Lan honek garrantzi handia du, orain arte onddoetan ezagutzen ez zen erresistentzia-mekanismo berri baten existentzia frogatu duen heinean”, ziurtatu du Ramirezek.

 

Unibertsitateak ohar baten bidez jakinarazi duenez, ikerketa oinarri-oinarrizkoa da oraindik, eta taldea premiazko ezagutza sortzen ari da, etorkizunean terapia eta sendagai eraginkorragoak garatu ahal izateko. “Hurrengo helburua, L. Prolificans onddoak bere paretako aldaketak gauzatzeko behar dituen entzimak identifikatzea izango da, behar bezala ikertu eta estrategia terapeutiko berriak landu ahal izateko”, gaineratu du Andoni Ramirez ikertzaileak.

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke