Nola piztu motibazioa jolasaren bidez

2017ko Urria 05,

Fichas de juego.

SPRI Taldeak ikastaro bat antolatu du Miramon Enpresa Digitala ekimenaren barruan.

 

Informatikako goi-ingeniari Ana Moyak eta Konputazio Zientzietako doktore Leire Bastidak azaldu dutenez, gamifikazioa da jolasaren dinamikak eta legeak produktu edo zerbitzu bati aplikatzea, “esperientzia gogoangarria” lortu ahal izateko. Bien artean eskainiko dute Motibazioa negozioaren hobekuntzaren ardatz ikastaroa, urriaren 16an Donostian.

 

Jardunaldi horren helburua da sakonago aztertzea nolako tresnak erabil daitezkeen antolakunde bateko pertsonak motibatzeko, bai enpresa barruan eta bai bezero, hornitzaile eta beste agente batzuekiko harremanetan. Ikaskuntza-prozesua praktikoa izango da, adibideak erabili eta gamifikazio metodologiak aplikatuko direlarik ikastaroan bertan. “Ikastaroaren edukiekin lotutako hainbat misio aurkeztuko dizkiegu parte-hartzaileei” azaldu du Leire Bastidak, Tecnaliako Proiektu zuzendariak, “erronkak zientzia fikziozko eszenatoki batean garatuko dira, gamifikazio teknikak aplikatuko ditugu girotze egokia lortzeko, eta storytelling teknika baliatuko dugu parte-hartzaileak hobeto murgildu daitezen istorioan”.

 

Ikastaroaren helburua da parte-hartzaileek modu praktikoan esperimenta dezatela gamifikazioa eta, bide batez, horrelako metodologien giltzarri teorikoak ikastea. Programak aztergai izango ditu jolasaren mekanikak, dinamikak eta elementuak, bai eta erabil daitezkeen estrategia eta tresnak, eta ingurune desberdinetan izandako kasu arrakastatsuak. “Esperientzia motibatzaileak sortzeko erabiltzen dugun metodologia partekatuko dugu” adierazi du Ana Moyak –berau ere Proiektu zuzendaria Tecnalian-, “edozein testuingurutan aplikatu daitezke: jardunaldi bat antolatzean esperientzia desberdin bat sortzeko, enpresa barruan arazo bat dagoenean, bileretan ezin duzunean pertsonekin konektatu edo bezeroen motibazioa handitzeko ere bai”.

 

Gamifikazioa zer den, zein teknika baliatzen dituen eta nolako metodologietan oinarritzen den jakin nahi duen edonork parte har dezakete topaketan. Ikastaroa Gipuzkoako Zientzia eta Teknologia Parkean egingo da, SPRI Taldeak antolaturik Miramon Enpresa Digitala ekimenaren bitartez.

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke