Nola erabili sare sozialak erantzukizunez kirol erakundeetan

2017ko Maiatza 30,

Portada de la guía.
Gidak marko etiko bat proposatzen du kirol erakunde eta klubentzat.

Gidaliburu bat argitaratu da adin txikikoekin lan egiten duten entrenatzaile eta klubentzat.

 

Sare sozialak eguneroko elementu bihurtu dira, batez ere nerabeen artean, aukera handiak eskaintzen baitituzte komunikatzeko eta informatzeko; sare horien bidez era guztietako informazioa eskuratu daiteke, baita kirol arlokoa ere. Halere, kirol erakundeek eta entrenatzaileek marko etiko argi bat izan behar lukete horrelako tresnak erabiltzean, erabilera horrek zuzenean ukitzen dituelako adin txikikoen pribatutasunarekin eta babesarekin zerikusia duten hainbat gai.

 

Eusko Jaurlaritzak –Jarduera Fisiko eta Kirol Zuzendaritzaren eta Famili Politikako eta Aniztasuneko Zuzendaritzen bitartez- eta Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Foru Aldundiek Adingabeekin diharduten kirol erakundeetan, teknologia digitalak arduraz erabiltzeko gida kaleratu dute. Argitalpen horren helburua da kirol erakundeetako arduradunei eta, batik bat, entrenatzaileei laguntzea sare sozialak segurtasunez erabiltzen eta haur zein nerabeak babesten.

 

Kanal horiek erabiltzea oso baliagarria izan liteke kirol arloan, dela informazioa unean bertan eta gardentasunez emateko, dela edukiak eta ariketak eskaintzeko edota taldeko motibazioa sustatzeko. Dena den, egoera arriskutsuak sor daitezke informazio pertsonala ez bada behar bezala erabiltzen edo bide ematen bada errespetua galtzeko, bazterkeriarako edo jazarpenerako. Horregatik, garrantzitsua da horrelako kasuak goiz identifikatzea eta tresnak eskaintzea halako egoeretatik babesteko.

 

Gidan hainbat giltzarri daude adin txikikoen irudiak modu seguru eta etikoan erabiltzeko, protokoloak eskaintzen dira WhatsApp taldeetako elkarrizketetarako eta hainbat aholku biltzen dira haurren pribatutasuna babesteko. Gainera, argitalpenak bere baitan biltzen ditu adin txikikoei eta Interneti buruzko araudi-esparruak, bai eta askotariko tresna eta ereduak, erakunde bakoitzak bere esparru etikoa sor dezan.

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke