Mondragonek eta Innobasquek bat egin dute gazteen artean berrikuntza bultzatzeko

2017ko Ekaina 22,

Txapelketak gazteengan zientzia, teknologia eta berrikuntzarekiko jakinmina piztea du xede

Bi erakundeek lankidetza-hitzarmena sinatu dute First Lego League Euskadi eskola txapelketa antolatzeko

 

Mondragon Korporazioak eta Innobasque Berrikuntzaren Euskal Agentziak lankidetza-hitzarmena sinatu dute, gazteengan zientzia, teknologia eta berrikuntzarekiko jakinmina piztea xede duen First Lego League Euskadi nazioarteko eskola txapelketa antolatzeko.

 

Euskal korporazioak zabaldutako ohar baten arabera, bi erakundeek gaztetatik bokazio zientifiko-teknikoak sustatzeko interesa
partekatzen dute, eta elkarren artean, ikasleek garapen pertsonalerako nahiz profesionalerako behar dituzten zeharkako gaitasunak lantzen lagundu nahi dute.

 

Lehiaketa honek, Innobasqueren Berrikuntza Eskola delako programari atxikita, zientzia, teknologia, ingeniaritza, artea eta matematika batera lantzea oinarri duen STEAM izeneko ikasketa-eredua bultzatzea du helburu.

 

Hitzarmenaren sinaketaz, Mondragon, Innobasquek 2009an bultzatutako eskola txapelketa honetako laguntzaile nagusietakoa bihurtu da. “Akordio hau bat dator gure politika sozio-enpresarialarekin, eta horren bidez, berrikuntzaren eta ekintzailetzaren balioak sustatu nahi ditugu, besteak beste”, adierazi du Iñigo Ucín Mondragoneko presidenteak.

 

“Jarrera berritzailea eta ekintzailea duten gazteen laguntzaz, askoz ere errazagoa izango da etorkizuneko erronka teknologiko, enpresarial eta sozialei aurre egitea”, gaineratu du Ucín-ek. Bestetik, Leire Bilbao Innobasqueko zuzendari nagusiak, bokazio profesionalen gainetik gazteengan pentsamolde berritzailea sustatzeak duen garrantzia nabarmendu du.

 

 

Mondragon Korporazioak eta Innobasquek akordioa sinatu dute



Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke