Mindtaker, beldurrezko esperientzia errealitate birtualean

2017ko Urria 05,

Escenario del videojuego

Bideojoko hori Relevo Videogames eta Virtualware enpresek PS4 kontsolarako eginiko proiektu bat da.

 

Mindtaker lehen pertsonan kontatutako istorio bat da, non jokalaria polizia-detektibe bihurtzen baita, bere haurtzaroko auzoan gertatutako krimen bitxi bat argitzeko. Protagonistak etxe zahar eta abandonatu batean sartu behar du, eta han ezkutuan dauden misterioei aurre egin, katu bat gidari duela. “Katuaren eta senaren laguntzaz, etxeak ezkutatzen dituen sekretuak deskubritu beharko ditu, eta barruko espiritua suntsitu”, azaldu du Jon Cortázarrek, Relevo Videogames estudioko zuzendari nagusiak; “ posible da jokoa erabiltzea kontrol dispositibo tradizionaletan, baina balio gehigarri bat ere badu: errealitate birtualeko betaurrekoekin jokatu daiteke, jokoan erabat murgiltzeko”.

 

Bilboko Relevo Videogames bideojoko estudioak eta teknologia interaktiboetan espezializatutako Virtualware enpresak elkarrekin garatu dute proiektua, Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzaz (BEAZen bitartez). Une honetan bideojokoaren azken faseak garatzen ari dira, eta aurkezpena joan den irailaren 19an egin zen PlayStation Talents programaren barruan, non parte hartzen baitu Bilboko estudioak. “Relevo estudioa PlayStation Talents programako kide da, Aliantzak adarraren bitartez; programa horrek akordio estrategikoak ditu ongi finkatutako estudioekin, eta laguntza ematen du komunikaziorako, marketinerako eta azoketan presentzia izateko” adierazi du Cortázarrek.

 

Lankidetza horri esker, Mindtaker jokoa presente dago egun hauetan Barcelona Games World 2017 azokan. Estatuko bideojoko-azoka garrantzitsuenetako bat da eta urriaren 5etik 8ra egingo da. PlayStation enpresaren stand-era hurbiltzen direnek aukera izango dute Mindtaker VR Experience probatzeko eta bideojokoko etxe beldurgarriaren barruan murgiltzeko formatu laburrean. Oraindik zehaztu gabe dago noiz merkaturatuko den Mindtaker bideojokoa, baina lantaldeak uste du datorren apirilerako prest egongo dela PlayStation plataformetarako, eta uda ondoren PCrako bertsioa ere kaleratuko dute.

 

Mindtaker



 

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke