Merkataritza elektronikoa ekialdeko Europan eta Europa hegoaldean hazi da batik bat

2017ko Uztaila 04,

Portada del informe ecommerce europe

Europa mailan, onlineko B2C salmenta %15 hazi zen 2016an.

 

Aurreikuspenen arabera, 2017an B2C merkataritza elektronikoa 602.000 milioi euroraino haziko da Europa osoan. Zifra horrek erakusten du ecommerce delakoa erritmo sostengatuan hazten ari den joera bat dela eta aurten %14 inguruan kokatuko dela. Datu horiek jaso dira Ecommerce Europe, EuroCommerce eta Ecommerce Foundation-ek prestatutako eta Bruselan ekainaren amaieran aurkeztutako European Ecommerce Report 2017 ikerlanean.

 

Txostenak dioenez, Europako mendebaldeko herrialdeak nagusi dira onlineko kontsumoan. Britainia Handian sortzen dira salmenta guztien %33, eta Britainia Handiko, Danimarkako eta Alemaniako kontsumitzaileen %80 baino gehiagok online erosten dute. Bestalde, merkataritza elektronikoa ekialdeko Europan eta Europa hegoaldean hazi da batik bat, salmentak %30 baino gehiago igo direlarik Errumanian, Eslovakian eta Estonian 2016an.

 

Merkataritza elektronikoa gazteen artean zabaldu da gehienbat. 16-24 urte bitarteko hiru lagunetik bik online erosten dute sarritan, 55-74 urte bitarteko adin taldean, berriz, heren batek baino ez du erosten online. Orobat aipatzekoa da nazioarteko salmenten garrantzia, onlineko kontsumitzaileen %33k beren herrialdetik kanpo erosi baitu.

 

Txostenak etorkizuneko erronkei buruz dioenez, 2020an Europako kontsumitzaileen %40 natibo digitalak izango dira, hau da, erabat ohiturik egongo dira sare sozialetan presente egotera eta Internet erabiltzera mugikorraren bitartez. Online saltzen duten enpresen erronka da beren mugetatik harago haztea eta gero eta ingurune konplexuago bat kudeatzea, kontsumitzaileen igurikapenei erantzuteko. Oso garrantzitsua da aukera izatea eskaeren jarraipena egiteko eta entrega jakinarazpenak jasotzeko, eta zerbitzu gehigarri bat izatetik funtsezko zerbitzu izatera igaro da bezeroak atxiki nahi dituzten enpresentzat.

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke