Lantek enpresak Espainia eta Portugalgo fakturazioa % 20 gehitzea aurreikusi du

2017ko Apirila 19,

Lantek edificio
Lante-ek ehun langile inguru eta 2.500 bezero baino gehiago ditu Espainian eta Portugalen

Euskal konpainiak aurten aurreko ekitaldian lortutako hazkunde-erritmoari eutsiko diola aurreratu du

 

Metalgintzaren arloko diseinu industrialerako programa informatikoen garapenean espezializatuta dagoen Lantek enpresa arabarrak Espainia eta Portugalgo aurtengo fakturazioa % 20 gehitzea aurreikusi du, aurreko ekitaldian lortutako hazkunde-erritmoari eutsi ahal izateko.

 

Lantek-ek ohar baten bidez jakinarazi duenez, Iberiar Penintsulan lortutako 2016ko negozio-bolumena 2015ekoa baino % 20 handiago izan da. Konpainiak ehun langile inguru eta 2.500 bezero baino gehiago ditu Espainian eta Portugalen, eta 2016an lortutako emaitzen arrazoi nagusia soluzioen arloan izandako negozio-kopuruaren hazkundea izan omen da, segmentu horretan % 25etik gorako azelerazioa izan baitu 2015eko emaitzen aldean.

 

“Lantek-ek 2016an izan duen errendimendu bikainak goitik behera berresten du, sektorearen eraldaketa digitalaren eta 4.0 Industriarako trantsizioaren ondorioz, azken urteotan industria-sektorean gertatzen ari den joera-aldaketa”, ziurtatu du Joseba Montoya Lantek-en Espainia eta Portugalerako zuzendariak.

 

2016. urtean, egoitza Miñaon duen konpainia honek enpresa-kudeaketarako ERP eta MRP soluzioen aldeko joera garbia sumatu du, eta horrek, oharrean adierazi duenez, 4.0 Industriaren hedapen gero eta handiagoaren ondorioa besterik ez da.

 

Horren harira, Lantek-ek merkatu espainiarrean eta portugaldarrean berritzen jarraitu nahi du aurtengo ekitaldian, bezeroei metalgintzaren arloko enpresa digitalak bihurtzeko behar dituzten software eta Business Intelligence-ko (BI) soluzioak eskaintzeko asmoz, betiere 4.0 Industriaren eta fabrikazio aurreratuaren printzipioei atxikita.

 

 

Lantek konpainiaren aurkezpen bideoa



Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke