Lankidetza mikrosistemen alorrean ikertzeko

2017ko Apirila 12,

Lankidetzaren helburua microLIQUID enpresaren balio lehiakorra hobetzea da

IK4-Ikerlan zentro teknologikoak eta microLIQUID enpresak akordioa itxi dute, I+G arloko jardueratan bat eginik lan egin eta instalakuntzak partekatzeko.

 

IK4-Ikerlan euskal zentro teknologikoak eta microLIQUID gipuzkoar enpresak lankidetza akordioa sinatu dute, datorren 2020 urtera bitartean, sektore bioteknologikoko aplikazioetarako mikrosistemen alorrean, ikerkuntza eta garapen jardueratan lan jorratzeko.

 

Zentroak komunikatu baten bitartez azaltzen duen bezala, microLIQUID-en balio lehiakorra hobetzeko helburua duen kontratuak, Arrasaten egoitza duen enpresari espezializazio handiagoa eskainiko dio. Gauzak honela, enpresak IK4-Ikerlan-en instalakuntzak erabili ahal izango ditu, doitasun handiko azpiegiturak behar dituzten produktuak garatu ahal izateko.

 

Zehatz-mehatz, muturreko teknologiaz hornitutako eta mikrogailuen fabrikazio eta karakterizaziorako beharrezkoak diren baldintzak zorrozki kontrolatzeko aukera ematen duen espezializatutako ekipamendua duten laborategiak erabiliko ditu microLIQUID-ek.

 

Akordio berri hau, osagai mikrofluidikoen eta industria desberdinetan ezartzeko bi entitateek bat eginik jorratzen ari diren I+G+b-ra bideratutako beste aliantza eta proiektuei batzen zaie.
“Oso pozik gaude akordio honekin, zentro teknologiko bezala gure egitekoa indartzen baitu, ezagutza zabaltzera eta gure inguruko enpresen lehiakortasuna indartzea besterik ez den egitekoa, hain zuzen ere”, azaldu du Ik4-Ikerlan-eko zuzendari Marcelino Caballerok.

 

Bestalde, euskal enpresak positiboki jo du hitzarmena. “Gure bezeroentzako eskaintzaren alderdi gakoa diren osagai mikrofluidiko desberdinen gure garapen eta fabrikazio gaitasunak areagotzeko aukera emango digu”, adierazi du microLIQUID-eko zuzendari Borja Barredorrek.

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke