Lankidetza indartzea, fabrikazio aurreratuak aurrera egin dezan

2017ko Apirila 18,

Fabrikazio aurreratuaren inguruko berrikuntza-politiken konbinazioan sakontzeko asmoa du proiektuak

Eusko Jaurlaritzak hainbat esparru geografikotako berrikuntza-politiken konbinazioa areagotzea xede duen proiektu europar bat lideratuko du 2020ra arte

 

Fabrikazio aurreratuaren inguruan garatutako berrikuntza-politiken eraginkortasuna hobetzeko asmoz, Eusko Jaurlaritzak Gales (Erresuma Batua), Piamonte (Italia) eta Lituaniako gobernuak partaide dituen Manumix Interreg Europe proiektu europarra lideratuko du 2020. urtera arte.

 

Euskal gobernuak, Innobasque Berrikuntzaren Euskal Agentziaren bitartez, eta Gales, Piamonte eta Lituaniako gobernuek Manumix partzuergoarekin bat egin dute, ekimenean identifikatutako esparru geografikoetako fabrikazio aurreratuaren inguruko berrikuntza-politiken konbinazioan eta horiek monitorizatu eta ebaluatzeko sistemetan sakontzeko asmoz.

 

Europako Batzordearen proiektuak 2017aren hasieran abiatu eta lau urteko iraupena izango du. Epealdi horretan, parte-hartzaileek eskualdeetako berrikuntza-politikak indartzen eta horien eraginkortasuna hobetzen ahaleginduko dira.

 

Milioi bat euroko diru-hornidura duen Europako ekimen honek Orkestra Lehiakortasunerako Euskal Institutua izango du aholku-emaile, proiektuari atxikitako lau esparruetan aplikatzen diren politikei buruzko aldez aurreko analisia egin dezan.

 

Txostena amaitutakoan, proiektuaren lehen fasea abiatuko da, eta bi urtez, bazkideek fabrikazio aurreratuko egungo politikak aztertu eta sakon ebaluatzeko aukera izango dute. Proiektuaren bigarren fasean (2019-2020), helburuak betetzeko zehaztutako ekintza-planak abiaraziko dira.

 

Proiektuari atxikitako parte-hartzaileak (eskualdeetako gobernuak eta berrikuntza-agentziak) erregulartasunez batzartuko dira helburuak aurrera ateratzeko. Topaketa horietako lehena Bilbon egingo da maiatzaren 17tik 19ra bitartean, eta bertan Europako hainbat eskualdetako erakunde eta fabrikazio aurreratuko 80 ordezkari eta adituk baino gehiagok parte hartuko dute.

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke