Komunikazioa mundua aldatzeko tresna gisa

2017ko Maiatza 17,

Cartel del curso de verano.
Ikastaroa Bizkaia Aretoan izango da ekainaren 7tik 9ra.

KCD GKEak topaketa bat antolatu du UPV/EHUko Udako Ikastaroen barruan.

 

Komunikazioa tresna egokia izan liteke isildutako errealitateak ikusarazteko, komunitateak ahalduntzeko eta jendearen arreta problematiketara bideratzeko, lehen urratsa izan baitaiteke konponbide berriak bilatzeko. Ikuspegi horretatik abiatuta lan egiten du Kultura Communication y Desarrollo GKEak, Nazioarteko Zinema Ikusezinaren Jaialdia urtero sustatzen duen Bizkaiko erakundeak.

 

KCD erakundeak Kultura, Komunikazio eta Garapenerako Nazioarteko 8. Topaketa antolatu du datorren ekainaren 11n, Comunicando para un desarrollo SOStenible izenburupean. UPV/EHUko Udako Ikastaroen egitarauaren barruko jardunaldi horiek helburutzat dute komunikazioa sustatzea garapen sostengarria lortzeko maila sozialean, ekonomikoan eta ingurumen arloan.

 

Topaketa ekainaren 7tik 9ra egingo da Bilboko UPV/EHUko Bizkaia Aretoan. Topaketaren asmoa da, hainbat esperientziaren bidez, komunikazioaren garrantzia erakustea problematika konplexuak ulertzeko eta ikuspegi kritikoa pizteko. Jardunaldietan aztergai izango diren ekimenetako bat da Europa Transit enbaxada ibiltaria, 2016an zehar gatazken lekuko izan diren Europako 10 hiritan barrena ibili dena. Bidaia horrek bere baitan biltzen ditu gerra egoerak, bazterkeria eta desberdintasuna bizi izan dituzten edo bizi dituzten pertsonen testigantzak, baliagarri izan daitezen elkarrekiko enpatia eta ulermena pizteko. Emaitza bezala, proiektuaren webean ikusgai daude 10 dokumental. Proiektu hori Donostia 2016 Europako Kultur Hiriburuaren barruan egin zen.

 

Kultura, Komunikazio eta Garapenerako Nazioarteko Topaketan orobat erakutsiko da 5W kazetari independenteen lana eta, besteak beste, UNRWA Euskadik komunikazioan gauzatzen duen zeregina generoaren ikuspegitik abiatuta. Aurrerago, zehazki, maiatzaren 22tik 26ra, Azkuna Zentroan ikusgai egongo da Emakumeek eginiko Kairoko Zinemaren Nazioarteko Jaialdiak antolatutako Caravana Entre Cineastas zinema zikloa. Jardunaldiek Eusko Jaurlaritzako Garapenerako Euskal Agentziaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntza dute.

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke