Itsasora egindako isurketak aurkitzeko sistema adimendunak

2017ko Iraila 20,

Bi konpainietako ingeniari-taldeak iaz ekin zion ekipoa garatzeari Arabako Teknologia Parkean

Ibermatica eta Airestudio euskal enpresek lankidetzan dihardute kutsatzaileez ohartarazteko adimen artifizialaz hornitutako ekipo baten garapenean

 

Itsasoan kutsatzaileen presentzia detektatzeko asmoz, Ibermatica eta Airestudio euskal konpainiek sistema adimendun batean oinarritutako plataforma teknologiko bat garatzen dihardute gaur egun, uretara egindako isurketak irudien analisiaren bitartez lokalizatu ahal izateko.

 

Sistemaren diseinua Brainport deritzon proiektuari atxikita egiten ari da. Proiektu hau bigarren garapen-fasean dago gaur egun eta sei hilabete barru abian egon liteke. Ekimenak Eusko Jaurlaritzaren laguntza izan du.

 

Bi konpainietako ingeniari-taldeak iaz ekin zion ekipoa garatzeari Arabako Teknologia Parkean, Itsas Salbamendua eta portu-agintaritzak bezalako erakundeei itsasoan egin ohi duten zaintza-lana errazteko asmoz.

 

Sateliteek eta droneek emandako datuez baliatuta itsas barruko aldaketak automatikoki identifika ditzakeen sistema bat du oinarri plataforma honek. Aldez aurretik, sistema behar bezala trebatu behar da isurketen ereduak zehaztu eta ikas ditzan, gerora irudi berrietan identifikatzeko gauza izan dadin, eta balizko isurketa bat aurkitzen duenean, horren gaineko alerta automatikoa bidal dezan. Gainera, txertatutako adimen artifizialak isurketaren ondorengo orduetako bilakaera aurreikusten lagunduko du, datu meteorologikoen laguntzaz.

 

Lorenzo Diaz de Apodaca Airestudioko CEOak adierazi duenez, sistemak kostuen murrizketa ekarriko du isurketak detektatzeko erabiltzen diren gaur egungo baliabideen aldean, eta horrez gain, isurketei buruzko informazio zehatzagoa eskainiko du. Horrela, kutsatzailearen ezaugarrietara hobeto egokitzen diren baliabide orekatuagoak erabili ahal izango dira.

 

Itsasoa da ekipo honen jarduera-eremu nagusia, baina garatzaileek ez diote uko egin teknologia hau nekazaritza eta hirigintza bezalako esparruetara egokitzeko aukerari.

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke