IoT, dron eta espazioko rover-ei buruzko ikastaroak eskainiko dira Camptecnológico udalekuetan

2017ko Uztaila 04,

chica con ordenador portátil
10.000tik gora neska-mutil pasa dira Camptecnológico ekimeneko tailerretatik.

Martxan da udako kanpaldien 7. edizioa zazpi autonomia erkidegotan.

 

Aplikazio mugikorrak sortzea, mundu birtualak diseinatzea edota robotak eraikitzea; horra Camptecnológico udako ikastaroen egitarauan eskainiko diren jarduera batzuk. Ekimena 2011n sortu zen Bizkaian, eta aurten beste edizio bat antolatu da, Espainia osoan zabaldutako 22 tailerrekin. Hemendik eta irailera bitartean, 2.500 haur eta nerabe igaroko dira ikastaroetatik.

 

Proiektuaren helburua da zientziarekiko eta teknologiarekiko interesa sustatzea gazteen artean, haurren sormena aktibatzen duten jarduera dibertigarrien bitartez. Asmoa da teknologia digitalen kontsumitzaile izatetik sortzaile izatera igaro daitezela eta beren etorkizun profesional nahiz pertsonalerako oso baliagarriak diren ezagutzak gara ditzatela. Helburu hori kontuan harturik, hogeita hamar bat tailer desberdin diseinatu dira 4 eta 18 urte bitarteko gazteentzat.

 

Egitarauaren barruan jorratuko dira, besteak beste, robotika hezitzailea, bideojokoen programazioa Scratch erabiliz, Android aplikazioen diseinua, 3D inprimagailuen erabilera, dronak eraikitzea eta, besteak beste, bideoak sortzea stop motion erabiliz. Aurtengo edizioan beste tailer batzuk eskainiko dira, horietako bat Gauzen Interneti buruz. Neska-mutilek maketa bat diseinatu eta eraikiko dute 3D inprimagailuen bidez, eta maketa horri sistema domotikoak aplikatuko dizkiote, adibidez, argiztapena kontrolatzeko, ateak irekitzeko edota tenperatura igo nahiz jaisteko.

 

Camptecnológico ekimena 2011n sortu zen, Bizkaian antolatutako tailer multzo batekin, non 250 neska-mutil inguruk parte hartu baitzuten. Hurrengo urtean Arabara (Gasteiz), Iruñera, Bartzelonara eta Madrilera ere zabaldu zen, eta gaur egun, zazpi autonomia erkidegotan egiten da. Udako kanpaldiez gain, ikastaroak antolatzen dira urtean zehar, eta lankidetzak sortu dira ikastetxe eta enpresekin. Camptecnológico proiektuko taldea lanean ari da horrelako ikaskuntzak sartu ahal izateko eskoletako curriculum ofizialean, irakasleak prestatzeko ikastaroen bidez.

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke