Inspira STEAM programak emakumezko teknologo boluntarioak bilatu nahi ditu Araban

2017ko Uztaila 13,

logotipo del programa Inspira Steam

Proiektuaren helburua da zientziarako bokazioa sustatzea neskatoen artean.

 

Joan Clarke-k, sistema kriptografikoen analista britainiarrak, Enigma kodea deszifratu zuen 1945ean, eta horri esker irabazi zuten aliatuek II. Mundu Gerra. MITen doktoretza egin zuen lehen emakumezko afroamerikarraren (Shirley Ann Jackson) ikerketei esker garatu ziren fax eramangarria eta zuntz optikozko kablea. Radia Perlman, berriz, Interneten amatzat jotzen da, STP protokoloa sortu zuelako. Historian zehar asko izan dira teknologiaren eta gizartearen aurrerapenerako ekarpenak egin dituzten emakumezko zientzialariak, eta halere, beren izenak ez dira oso ezagunak.

 

Inspira STEAM programak helburutzat dauka zientziarako bokazioa sustatzea neska belaunaldi berrien artean, erreferente hurbilak eskainiz eta lanbide horietako errealitatea nolakoa den erakutsiz. Hori lortzeko, proiektuak sentsibilizazio eta orientazio ekitaldiak antolatuko ditu 8 eta 14 urte bitarteko neskatoentzat, emakumezko teknologo boluntarioen eskutik.

 

Iaz egin zen ekimenaren lehen deialdia, non 11 ikastetxetako 200 ikaslek eta 17 tutorek parte hartu baitzuten. Inspira STEAM programaren bigarren edizioan, deialdia egin zaie Araban tutore gisa parte hartu nahi duten profesional guztiei. Aurtengo edizioa 43 ikastetxetara eta milatik gora ikaslerengana iritsiko da EAEko hiru Lurralde Historikoetan, emakumezko 113 zientzialari, ikerlari eta teknologoren parte-hartzeari esker.

 

Topaketak hasi baino lehen, profesional boluntario horiek 15 orduko prestakuntza jasoko dute generoari eta teknologiari buruz, eta baita ere mentoring dinamikei buruz. Hortik aurrera, ordubeteko sei saiotan banatuko da programa; saioak ikastetxean bertan egingo dira, eta tutoreek eskura izango dituzte horretarako baliabideak, bai materialak eta bai egin beharreko jarduerak. Asmoa da saio horietan lanbide zientifiko eta teknologikoen inguruko zalantzak argitzea, karrera horiekin lotutako estereotipoez eztabaidatzea eta neskatoek beren etorkizun profesionalerako aintzat har ditzatela, aurreiritziak albo batera utziz.

 

Araban tutore gisa izena emateko epea zabalik egongo da irailaren 10era arte, eta saioak urtearen azken lauhilekoan egingo dira, boluntarioek eta ikastetxeek elkarrekin adostuko dituzten egunetan. Deustuko Unibertsitateak bultzatzen du Inspira STEAM proiektua Elhuyar Fundazioaren eta Innobasque zentroaren laguntzarekin, eta Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Foru Aldundien babesarekin.

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke