InnoTec liderra da Estatuko enpresa garrantzitsuenen ziber-segurtasun arloko konponbideetan

2017ko Uztaila 03,

entelgy
Ezkerretik eskuinera, David Marco eta Javier Astigarraga Entelgy Ibai enpresaren egoitzan.

IBEX 35 taldeko enpresen %80k darabiltzate Entelgy taldeko InnoTec enpresaren segurtasun tresnak.

 

Une honetan, ziber-segurtasuna eta sistema informatikoen eta dispositibo konektatuen babesa dira enpresen kezka handienak, eraldaketa digitaleko prozesuan erdietsi duten maila baino gehiago. Urte gutxitan, eraso informatikoak buru-hauste handi bihurtu dira konpainientzat, halaxe egiaztatzen dute behintzat azkenaldian egin diren hainbat txostenek, esaterako, ISACAk (Informazio Sistemen Ikuskaritza eta Kontrolerako Elkartea) “Segurtasun zibernetikoaren egoerari” buruz egin duenak. Azterlan horren arabera, enpresen %80k uste dute litekeena dela erasoren bat jasatea aurten. Ez hori bakarrik. Elkarrizketatuen erdiak baino gehiagok diote 2016. urtean ziber-gaizkileen erasoak hazi egin direla, Gauzen Internet delarik ahulgune handiena. Konpainien %62k jasan dituzte edukiak askatu edo desblokeatzeko erreskate bat eskatzen duten “ransomware” edo “malware” programen ondorioak (WannaCry edo Petya, adibidez). Bestalde, azken urteotan ikaragarri jaitsi da bezeroek segurtasun sistemetan eta segurtasun arduradunengan duten konfiantza.

 

Horregatik,konfiantza da  bezeroek gehien baloratzen duten alderdietako bat, ziber-segurtasunarekin lotutako konponbideak kontratatzeko orduan. InnoTec Entelgy Taldearen barruan dago. Entelgy nazioarteko teknologia eta “outsourcing” aholkularitza bat da, zeina 2003an sortu baitzen negozio konponbideak eskaintzeko. Euskaditik (Entelgy Ibai) bere negozioa zabaldu du beste herrialde batzuetara, hala nola Mexikora, Txilera, Kolonbiara, Perura edo Brasilera. Gaur egun, taldeko enpresek 1.500 langile enplegatzen dituzte. “2003an sortu ginenean, krisialdian geunden. Ikusi genuen profesional asko ez zeudela gustura beren enpresetan, ezta sektorean ere. Eta guk aldaketa bila zebiltzan eta gauza desberdinak egin nahi zituzten profesional horiek kapitalizatu genituen” gogoratu du Javier Astigarragak, Entelgy Ibai enpresako zuzendari nagusiak.

 

Sareak segmentatzea

InnoTec 2012an sartu zen Entelgy Taldean, segurtasun arloko konponbideak eskaintzeko. Garai hartan 40 langileko plantilla zuen, gaur egun, berriz, 300dik gora enplegatu ditu. Denbora horretan izugarri ugaritu dira enpresen aurkako erasoak, zeintzuk gero eta konplexuagoak baitira, InnoTec enpresako Ziber-segurtasun Industrialeko arduradun David Marcok esan duen bezala: Industrian “ramsonware”a da eraso ohikoenetako bat. Sarri gertatzen dira baita ere zerbitzuak ukatzeko erasoak. Ziber-segurtasun konponbideak proposatzean, kontuan izan behar ditugu bezero bakoitzaren ezaugarriak. Ez da gauza bera industria sektorean lan egitea edo IT ingurune bat “segurtatzea”. IT enpresa batean ez da ezer gertatzen posta elektronikoko zerbitzua egun batez gelditzen bada, baina fabrika industrial bat egun batez gelditzeak arazo handiak eragin ditzake. Ikusi besterik ez dago zer gertatu den WannaCry erasoa jasan zuten Renault fabriketan. Hainbat egun behar izan dituzte produkzio-katea berriro martxan jartzeko. Zenbait industriak labea berriro berotu beharra daukate, eta prozesu horrek aste batzuk iraun ditzake”.

 

Gaur egun, InnoTec enpresak dauzkan datuen arabera, IBEX 35 taldeko enpresen %80k konfiantza dute beren ziber-segurtasun tresnetan. Konfiantza hori konponbide teknologikoetan oinarritzen da, baina baita ere langileak kontzientziatzeko gaitasunean. “Gure proposamena da sarea segmentatzea, hasi industriako sentsorikatik eta IT zatiraino, beraz, arazoren bat badago garbi mantendu daitezke beste segurtasun espazio batzuk. Horretarako, langileak kontzientziatu eta prestatu behar dira. Langileak kontzientziatu eta informatu behar dira, ez ditzaten lan sareak arriskuan jarri posta elektronikoetako artxibo atxikiak irekiz edo beren etxeetatik infektatutako pendrive-ak ekarriz” azpimarratu du David Marcok.

 

Agian informazio eza da langileekin landu behar den arloetako bat, baina baita enpresekin ere, bereziki ETEekin, halaxe azaldu du Marco Arevalok, Entelgy Ibai enpresako kontuen kudeatzaileak: “Ezjakintasun handia dago segurtasunak enpresan duen eraginaren inguruan. Batzuek ongi dakite hori, beste batzuen kasuan, aldiz, segurtasunaren kontu honek gaina hartzen die, eta industria sektorekoak dira horietako asko. Azken hiru urteotan erasoak izugarri ugaritu dira, eta enpresak kezkatuta daude, ez dakitelako nola “segurtatu” beren aktiboak, ondarea, bezeroak, produkzio-prozesuak eta fabrikak. Produktu seguruak behar dituzte, eta konponbideak eskatzen dizkigute. Enpresa handiek, administrazio publikoek edo finantza sektorekoek badituzte ziber-segurtasun arloko neurriak. Aitzitik, ETEek ez dute informatika zerbitzu propiorik, ez dakite nori deitu arazoren bat badute eta horregatik dira biktima egokiak”.

 

Euskadiko Ziber-segurtasun Zentroa

Hain zuzen, gabezia hori ikusi duelako bultzatu du Eusko Jaurlaritzak Euskadiko Ziber-segurtasun Zentroa – Basque Cibersecurity Center, irailean martxan jarriko dena. “Zentro horren helburua da ziber-segurtasun arloko kontzientziazioa eta hezkuntza bultzatzea ETEen artean. Basque Cibersecurity Center lehen kontaktu puntua izango da ETEentzat. Hau da, ETEak hantxe jasoko du bere lehen laguntza edo oinarrizko nozioak segurtasun arloko gertakari bat ahalik eta azkarren konpontzeko. Proiektu horretan sektore publikoa eta enpresa pribatua ariko dira lankidetzan. Euskadiko Ziber-segurtasun Zentroak ez ditu ordezkatuko segurtasuneko enpresa pribatuak, bere lana izango da arazoak ziber-segurtasun profesionalengana zuzentzea” gogorarazi du Marco Arévalok.

 

Eraldaketa digitalak eta Fabrikazio Aurreratuak pribilegiozko tokia dute InnoTec eta Entelgy Ibai enpresen etorkizuneko erronken artean, Javier Astigarragak aitortu duenez: “Produktu eta zerbitzu bereizgarriak sor ditzaketen teknologia disruptibo asko daude 4.0 Industriaren barruan, besteak beste, big data eta adimen artifiziala. Bi teknologia horiek berekin ekarriko dituzte datuak sortzean, gordetzean eta tratatzean oinarritutako zerbitzu berriak, eta baita ere negozio-eredu berriak. Bestalde, robotika funtsezko tresna izango da ziber-segurtasunaren arloan”.

 

Gaia Trade Factory elkarteko kide den aldetik, Entelgy Ibai enpresak Europako Estatistika Bulegoaren (Eurostat) kontratu baten esleipena jaso du, Europako Estatistika Sistemaren (SEE) segurtasun informatikoa zertifikatzeko eta hobetzeko. Lizitazioaren helburua da segurtasun arloko ezagutza maila hobetzea ISO27010 arau europarrarekin lotutako informazio garrantzitsua kudeatzean eta trukatzean. Bere etorkizuneko erronketako bat da ziber-segurtasunaren sektorean sartzea Estatu Batuetan eta merkatu berriak irekitzea Europan.

 

 

 

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke