Ikerketan aurrera egiteko lankidetza

2017ko Apirila 06,

Hitzarmen honi esker, hainbat ikuspuntutatik ikertu ahal izango dituzte gaixotasun infekziosoak

Neiker-Tecnaliak eta CIC bioGUNEk akordio bat sinatu dute, datozen lau urteotan I+G+b arloko ekimenak elkarren artean gauzatzeko asmoz

 

Neiker-Tecnalia nekazaritzako ikerketa eta garapenerako erakundeak eta CIC bioGUNE euskal ikerketa-zentroak lankidetza-akordioa itxi dute, datozen lau urteotan I+G+b arloko jarduerak gauzatu eta bi zentroetako ikertzaileen arteko elkarlana sustatzeko asmoz.

 

Zientzia eta Teknologiaren Euskal Sareari atxikitako bi erakunde hauek zenbait ikerketa-lerro partekatzen dituzte; adibidez, kaparrek kutsatutako gaitasunen eta tuberkulosiaren inguruko ikerketa. Izenpetutako akordioaren bitartez, Neiker-Tecnaliak eta CIC bioGUNEk elkarren osagarritzat jardun ahal izango dute, bien arteko elkarlanari diziplina anitzeko izaera emanez.

 

Bi zentroek ohar baten bidez jakinarazi dutenez, hitzarmen honi esker, hainbat ikuspuntutatik ikertu ahal izango dituzte gaixotasun infekziosoak, oinarrizko ikerketa eta ikerketa aplikatua uztartuta, betiere txertoak eta diagnostiko-teknika berriak garatzeko soluzio eraginkorren bila.

 

Akordioak elkarren arteko aholkularitza teknikoa bultzatzeko oinarriak finkatu ditu prestakuntza-ikastaroetako parte-hartzearen bitartez, eta bi zentroei, baterako proposamenak aurkezteko aukera emango die Estatuko zein nazioarteko proiektuetan parte hartzeko, ikerketako emaitzen trasferentzian eta aplikazio praktikoan ere lankidetzan jarduteko modua erraztuz.

 

Era berean, bi erakundeek ikertzaileen eskura jarriko dituzte instalazio eta ekipo erabilgarriak. Aliantzak ikertzaile eta teknikarien mugikortasuna erraztu, doktorego-tesien baterako zuzendaritza bultzatu eta elkarren arteko aholkularitza sustatuko du ohiko jarduerari lotutako gaien inguruan.

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke